Elizbarrutia
Hurrengo lerroetan eskaintzen zaizuenak hau du helburu: modu xume eta apalean gure elizbarrutiko eliz antolamenduaren berri ematea. Agertzen diren erakundeen egitura, funtzio, estatutu, etab.en berri hemen ematea gehiegizkoa iruditzen zitzaigunez, lerro nagusiak baino ez dira hemen azaltzen direnak.
Eliza unibertsala, elizbarrutitan banatzen da. Elizbarrutia, Jainkoaren herriaren zatia da, eta Gotzain baten esku uzten da, honek, apaiz-taldearekin batera zaindu dezan. Eta horrela, artzainari loturik dagoelarik, elizbarrutia, eta Gotzainak Ebanjelioaren eta Eukaristiaren bidez Espiritu Santuan elkartzen duelarik, lekuko Eliza gertatzen da; berauetan dago eta ari da egiaz Kristoren Eliza. Donostiako elizbarrutiko Gotzaina Jose Ignacio MUNILLA AGUIRRE da.
Elizaren eguneroko jardunean parrokiak, erlijioso eta erlijiosen elkarteak, ikastetxeak, eta kristau-taldeak izan behar ditugu gogoan
Elizbarrutia zabalegia gertatzen denez, beharrezkoa da elkarte txikiagoak sortzea, harreman estuagoak eta zuzenagoak egon daitezen fededunen artean. «Bere Elizan Gotzainari ezinezkoa zaionez berari dagokion artalde osoaren buru izatea beti eta leku guztietan, oso beharrezkoa zaio han eta hemen eliztarren elkarteak sortzea» (Sacrosanctum Concilium, 42, 1).
Parrokia, Elizbarrutiaren zatia da parrokia, apaiz bat izaten da parrokiako buru, eta honek Gotzainaren izenean zaintzen eta suspertzen du pastoral-mailan parroki elkartea. Parrokiako Pastoral Kontseilua da parrokian nabarmendu beharreko antolabidea: parroki elkarte osoko ordezkariak (apaiz, erlijioso-erlijiosa eta batez ere sekularrak) elkartzen dituen antolabidea da, eta erakunde honen zeregina kristau-elkartearen pastoralgintza indartzea, zuzentzea eta koordinatzea da. Elkartasun eta ardurakidetzaren seinale da Pastoral Kontseilua, ebanjelizatzearen eragile, elkartearen ordezko eta pastoralgintzaren suspertzaile.
Artziprestaldea elizbarrutiaren eta parrokiaren artean dagoen tarteko pastoral egitura da. Parrokia multzoa biltzen duen pastoral lanerako lurraldea da, eta bailara horretako beharrei erantzun nahirik antolatzen da bertan pastoral ekintza. Gaurkotasuna hartzen ari den eliz erakundea da arrazoi soziologikoak direla medio (parrokiak ez dira gai beren behar guztiei erantzuteko, fededunen mugikortasuna handitu egin da...) eta aniztasunari tokia egiten diolako (apaiz, erlijioso-a, laikoak... hartzen ditu bere baitan). Gipuzkoan hamabost dira artziprestaldeak: Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia-Antiguo, Donostia-San Inazio, Donostia-Santa Maria, Eibar, Errenteria, Hernani, Herrera-Altza, Irun, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga.
Artziprestea da artziprestaldetako arduraduna. Hau Gotzainaren laguntzailea da. Bere zereginen artean aurkitzen dira Bailarako Arduradunen Taldea edo Bailarako Pastoral Kontseilua koordinatzea, gotzaindegiko idazkaritza-ordezkaritzen eta artziprestaldearen arteko harremanak zaintzea, artziprestaldeko apaizen beharrei adi egotea, hauen arteko batasuna indartzea, prestakuntza iraunkorrerako apaizak animatzea, erlijioso, erlijiosa eta laikoekin elkarlana bultzatzea, artziprestaldeko parrokiak zaintzea. Artzipresteak sentsibilitate berezia izan behar du, elkartasuna bultzatu behar du eta animatzaile izan, ekipo-gizona izanez.
Azkenaldi honetan tarteko egitura bati ere bide ematen ari zaio: Pastoral Barrutiak. Parrokiaren eta artziprestaldearen artean dauden antolabideak dira. Donostiako elizbarrutian gogoeta-prozesu bat abiatu da egitura berri hauen inguruan.
Gotzainari elizbarrutia gobernatzen laguntzeko eta artziprestalde eta parrokien zerbitzura pertsona eta erakunde ezberdinak daude.
Bikarioak gotzainaren zuzeneko laguntzaile dira eta honen ordezkoak bera falta denetan. Donostiako elizbarrutian bi Bikario Nagusi daude. Hauetako bat, elizbarrutiaren luze-zabalean artzipresteei emana dago, beraiekin etengabeko harreman ekile, eragile eta laguntzaile izanez. Besteak, berriz, elizbarrutiko gotzaindegia osatzen duten ordezkaritza eta idazkaritza ugarien jarraipena egiten du bereziki, eta bere laguntza eskaintzen die. Bi Bikarioek harreman estuan eta etengabean egiten dute lan beren artean.
Bikaritza Nagusiaren lagungarri Idazkaritza Orokorra dago. Hauekin harreman zuzenean, berriz, Hedabideetarako Ordezkaritza.
Ekonomoak, Erlijiosoentzako Bikarioak, eta Epai Bikarioak ere lagundu egiten diote Gotzainari bere zereginetan.
Ekonomiarako Bikarioa Ekonomi arazoetarako Gotzain Bikaritzako buru da. Gotzain Bikaritza honi dagokio elizbarrutiko ekonomiari lotutako gaietaz arduratzea, gainerako erakundeekin elkarlanean elizbarrutiko aurrekontu eta balantzeak egitea, eta ekonomoak aurkeztutako kontuak ontzat ematea, beste lan batzuen artean.
Erlijiosentzako Bikarioa erlijioso eta batez ere erlijiosen elkarteez, eta hauetan bereziki kontenplalariez arduratzen da.
Epai Bikaritzak, Epai Bikarioa buru duela, eliz auzitegiko lanak burutzen ditu.
Elizbarrutia gobernatzen laguntzeko aholku-erakundeak ere baditu gotzainak. Aholku-erakundeetako batzuk gotzainari elizbarrutiaren gobernurako ematen diote aholkua eta beste batzuk berriz, pastoralekintzarako.
Elizbarrutiaren gobernurako aholkua Gotzain Kontseiluak, Gotzain Kontseilu Zabalak, Apaiz Batzordeak eta Aholkari Batzordeak ematen diote.
Gotzain Kontseiluak elizbarrutiaren oinarrizko aukerak kontuan izanik egunez egun sortzen diren arazoen inguruan azterketa egin eta hauei erantzuna ematen laguntzen dio Gotzainari.
Gotzain Kontseilu Zabalak, berriz, Gotzain Kontseiluan bideratzen saiatzen diren arazoen berri izateaz gain Gipuzkoako Elizan eta gizartean gertatutakoak baloratu, elizbarrutiko urteko programa zehazten lagundu, gure Elizan egin beharreko aldaketak eta berrikuntzak aztertu eta zenbait gai monografiko lantzen ditu. Apaiz, erlijioso/a eta laikoek osatzen dute kontseilu hau.
Apaiz Batzordea, apaiztalde batek osatzen duen aholku-erakundea da. Apaizen ordezko izanik, «Gotzainaren Senatutzat» diharduen «apaiz-taldea» da Apaiz Batzordea. Beronen zeregina ondokoa da: legearen arabera Gotzainari elizbarrutiaren gobernuan laguntza ematea, beroni egotzitako Jainkoaren herriaren zatiari, elizbarrutiari, ahalik eta pastoral-zerbitzu onena eskaintzeko.
Aholkari Batzordea bost urtetarako Apaiz Batzordetik zenbait apaiz aukeratuz Gotzainak eratzen duen batzordea da. Zenbait ekonomi gaietarako batzorde honen baietza behar izaten da eta garrantzi berezia hartzen du elizbarrutia gotzainik gabe geratzen denean (Gotzainak bere egitekoa bukatu duelako, utzi duelako, edota hil delako).
Pastoral-ekintzarako aholkua, berriz, Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluak eta Artzipresteen Batzordeak ematen diote.
Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua (EPK), Donostiako elizbarrutia osatzen duen Jainkoaren herria egiaz ordezkatu behar duen antolamendua da, eta elizbarrutiaren elkartasunaren eta ebanjelizatze-lanaren zerbitzura dagoena. Apaizak, erlijioso-erlijiosak eta biziera sagaratuaren institutuetako beste kideak, eta bereziki laikoak, dira EPK osatzen dutenak. 110 lagun inguruk osatzen du. EPKren lana izango da lekuko gure Elizaren eredua finkatzea, elizbarrutiko pastoral-helburu nagusiak finkatzea, pastoral-egitaraua ontzat ematea, egindako lana ebaluatzea eta ekonomi administraritzaren pastoral-norabideaz arduratzea. EPKk bizkortu egin behar du elizbarrutiko ebanjelizatze-ekintza eta eragin behar die Eliz ereduan markatuak izan diren pastoral aukerei. EPKk ebanjelizatze-lanetan ari diren pertsona eta pastoral sail guztien arteko koordinazioa indartu eta elizbarrutian dauden erakunde eta ekinbide ebanjelizatzaileen elkarlana eta osagarritasuna indartu behar ditu.
Artzipresteen Batzordearen egitekoak artziprestaldetako programen berri elkarri ematea, elizbarrutiaren martxa ebaluatzea, elizbarrutiaren urteko programa egiten laguntzea, apaizdiaren prestakuntzaz arduratzea, elizbarrutiarteko bileretan parte hartzea, artziprestaldeari lotutako gaietan Gotzainari aholku ematea eta pastoral-lanak sortzen dituen arazoen inguruan gogoeta egitea dira.
Aipatuez gain, Elizaren eguneroko jardunean, Gipuzkoako Elizaren zerbitzura dauden idazkaritza, ordezkaritza eta antolabideak hartu behar dira kontuan. Hauek bost multzotan banatzen dira: pastoralgileen zaintzaz arduratzen direnak, Ebanjelizatze- eta katekesi arloa (hau fede-heziketa eta ebanjelizazio sailetan banatzen da), liturgi arloa, behartsuekiko laguntza arloa eta heziketa-kontseilua.
Pastoralgileen zaintzaz arduratzen direnak, Bokazio Pastoraltzarako Elizbarrutiko Idazkaritza, Apaiz Idazkaritza eta Erlijiosen Idazkaritza dira.
Fede-heziketaz Haurren Idazkaritza, Gazteen Idazkaritza, Irakaskuntza Ordezkaritza eta Helduen Idazkaritza arduratzen dira. Ebanjelizazioaz, berriz, Ezkontza eta Famili Pastoraltza, Misio Ordezkaritza, Sekular Apostolutza, Idazkaritza Soziala, Ekumenismo Idazkaritza eta Etorkinei arreta pastorala antolatzeaz arduratzen den idazkaritza ditugu.
Liturgi arloan Liturgi Idazkaritza, Sakramentu Pastoraltza, Eliz Musika, Eliz Artea eta Liturgi Liburuen Itzulpen eta Argitalpenaz arduratzen den taldea daude.
Behartsuekiko laguntza arloari dagokionez, Caritas Elizbarrutiko Ordezkaritza, Osasun Pastoraltzaren Ordezkaritza, eta Espetxeratuekiko Kristau Ekintz Idazkaritza aurkituko dituzu. Eskuak Elkarturik –Manos Unidas– ere arlo honetan dago.
Heziketarako Antolabideen Kontseiluan, Elizbarrutiko Seminario Nagusia, Teologi eta Pastoral Ikastetxea, Donostiako Pio XII.a Erlijio Zientzietarako Goi Ikastegia eta Hezkide Eskola daude.
Beste antolabideen artean «Idatz» Elizbarrutiko argitaldaria eta liburudenda, eta Elizbarrutiko ikastetxeak ditugu.



