Jose Mª Setien, Gotzain Emeritua
Jose Maria SETIEN ALBERRO jauna Hernanin jaio zen, 1928ko martxoaren 18an. Eliz ikasketak Gasteizko Seminarioan eta Erromako Gregoriana Unibertsitatean egin zituen. Han lortu zituen Teologiako lizentziatura eta Zuzenbide Kanonikoan doktoregoa.
1951ko ekainaren 29an hartu zuen Apaizgintza. Gero, 1955ean Teologia Moraleko irakasle izendatua izan zen Gasteizko Seminarioan. 1960tik aurrera Salamancako Eliz Unibertsitateko Irakasle izan zen, bai Zuzenbide Kanonikoko Fakultatean bai Teologiakoan, eta azken Fakultate honetako Irakasle‑buru edo Dekano izan zen.
Gasteizko Seminarioan espiritu-bizitzako Zuzendari kargua izan zuen. Salamancako Salbatore bokaziodun helduen Ikastetxeko Arduradun ere izan zen. Gero, Pastoraltzarako Bikario Nagusi izan zen, aldi batez, Santanderko elizbarrutian.
1972ko irailaren 26an Zama Minorko Gotzain Nagusi eta Donostiako elizbarrutiko Gotzain Laguntzaile izendatua izan zen. Urte bereko urriaren 28an izan zen Gotzain sagaratua, Donostiako Artzain Onaren Gotzain-elizan, Jazinto Argaia Goikoetxearen eskutik.
1979ko otsailaren 17az geroztik, Donostiako elizbarrutiko Gotzain Nagusi izan da 2000ko urtarrilaren 13an gotzain‑kargua utzi zuen arte.
2003ko abenduaren 23an Gipuzkoako Urrezko domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, Giza egiaren eta gizabidearen zerbitzuan egindako lanarengatik.



