Seminarioa

XVI. mendean egin zuten Trentoko Kontzilioak apaiz ministeritza hartzeko eta betetzeko behar zen heziketa eta prestaketa emango zuen erakundea antolatu zuen. Seminarium izena eman zion: mintegia, apaiz zerbitzua betetzeko bere burua eskaintzen dutenak hartzeko gai diren ala ez erabakitzeko eta, baiezkoan, prestatzeko erakundea. Euskaraz Apaizgaitegia deitzen diogu.

Donostiako Apaizgaitegiaren sorrera hau izan zen: 1945ean erabaki zuen Carmelo Ballester, Gasteizko Gotzain Jaunak –garai hartan elizbarruti bakarrean zeuden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa– Txikientzako Seminarioa eraiki beharra zegoela apaizgai gipuzkoarrentzat. 1947ko irailaren 6an jarri zuten lehenengo harria, orain kaperako aldare nagusia dagoen tokian. 1950ean Gasteizko elizbarrutia zatiturik, Donostiakoa eta Bilbokoa eratu zituzten. Ondorioz, Donostian eraikitzen hasia zenak Txikientzako eta Handientzako Apaizgaitegia izan beharko zuen. 1953ko urriaren 26an bedeinkatu ondoren, 27an hasi zituzten ikasaioak. Jaime Font i Andreu zen Gotzain Jauna eta Jaime Sáez Goyenechea Errektore Jauna. 1954ko abuztuaren 21ean inauguratu zuten ofizialki. Bertan ikasten zituzten apaizgaiek Giza Jakintzak, Filosofia eta Teologia, apaiztu aurretik.

Seminarioa

1953tik aurrera urtero, bataz beste, 90 apaizgai gazte sartu ohi zen, guztira, hiru epealdietan, 450 apaizgai izateraino iritsiz. Hori zela eta, Donostiako eraikina txiki geratu zen denak hartzeko. Orduan, 1956an, Saturrarango balneario etxe izana ireki behar izan zuten berriz ere Txikien Apaizgaitegitarako, lehenengo bi urtetakoek bertan ikas zezaten. 1968tik aurrera hasi zen bokaziodunen kopurua urritzen. Seminarioko heziketak honako bost ardatz edo zutabe hauek ditu:

  • giza heziketa: beharrezko helduera iristeko
  • heziketa espirituala: fede-bizipena lantzeko eta apaiz-espiritualitateaz janzteko
  • heziketa intelektuala: beharrezko diren ikasketa akademikoak egiteko
  • pastoral heziketa: parrokien egoera eta eginkizunetan txertatzeko
  • elkarte heziketa: apaiz-talde edo presbiterioan sartzeko bidea egiteko

Donostiako Seminarioa deitzen diogun eraikinean, bestalde, erakunde asko dago orain, Apaizgaitegiaz gainera: Manuel Larramendi Ikastetxea, Piztuera Parrokia, Elizbarrutiko Agiritegia, Hezkide Eskola, Sozial Idazkaritza, Pio XII.a Erlijio Zientzien Goi Ikastegia, Irakaskuntza Ordezkaritzaren bulego bat eta gela batzuk alokatuak dituen AEG Ikastegia.

Harremanetarako: 

.Juan Mari Echeverria Amenabar -Seminarioko Zuzendaria

Donostiako Seminarioa

Pº de Hériz 82
20.008 DONOSTIA
Tlf.: 943 317 302

tribunaletxeberria@elizagipuzkoa.org

.Jose Manuel Garmendia- Apaiz Egoitzetako Zuzendaria

Donostiako Seminarioa

Pº de Hériz 82
20.008 DONOSTIA
Tlf.: 605708215