Seminarioko liburutegia

Seminarioko liburutegia1950ean Gasteizko elizbarrutia zatitu eta Bilboko eta Donostiako elizbarrutiak sortu zirenean, Apaizgaitegi hartako liburutegi aberatsa bere hartan utzi zen. Irizpide egokiei jarraituz, liburutegia jatorrizko egoitzan gorde zen (urte batzuetara Teologia Fakultatea bilakatu zen egoitzan). Hori zela eta, hastapenetatik, sortu berri zen Donostiako Elizbarrutiko Apaizgaitegiak liburutegi propioa osatzeari ekin zion. Datu hauek ezagututa, begien bistakoa da gurea liburutegi gaztea dela; liburu eta aldizkarien fondoa 1953-1954 urteetan hasi zen osatzen.

Hastapenak

Liburutegiaren hastapenetan aipagarria da Jose Luis Ansorenaren eta bereziki, Jose Ignacio Tellechearen lan txalogarria, beraiei esker baitu liburutegiak gaur egun duen oinarrizko egitura. Lehen urte haiei dagokienez, ezin ahaztu dezakegu apaizgai-talde saiatu baten laguntza ere, apaizteko unea gertu zuten arren, aisialdi- orduak liburu eta aldizkariak antolatu eta katalogatzeari eskaini baitzizkioten.

Jakintza-esparruak

Apaizgaitegi bateko liburutegia da gurea eta, ondorioz, erlijio fenomenoa du ardatz nagusi, eta bereziki, kristautasuna; zientzia biblikoen langintza, tradizio patristikoaren ezagutza, kontzilioen historia eta historian zehar teologiak izandako ibilbidea. Egia da gure liburutegiak oinordetzan garai zaharretako “summa” teologiko asko jaso izan dituela baina gaur egun lantzen den teologiak toki bereziki garrantzitsua du liburutegian. Hausnarketa teologikoari buruzko liburuak dira liburutegi honetako oinarrizko fondoa osatzen dutenak, bai autore zaharrenak eta baita gaur egungo autoreenak ere.

Hala ere, gure liburutegiak, bere sorreratik bertatik, izaera irekia eta alde anitzekoa du. Fenomeno erlijiosoaren ezagutzarako eta betebehar teologikoetarako oso garrantzitsutzat jotzen du beste zientzien ekarpena. Horregatik izan du hastapenetatik perfil humanista bat; humanismo integrala dei diezaiokegu. Humanismo integral honi esker eta beti ere bere aukeren baitan, historia erlijiosoa zein zibila biltzen ditu liburutegiak: filosofia, artea, psikologia eta soziologia. Gainera, Apaizgaitegiak eta liburutegiak beti erakutsi izan dute gure testuinguru kulturalarekiko interesa: Euskal Herria eta bere problematika konplexua.

Oinarrizko bi irizpide

Seminarioko liburutegiaAzken hamarkadetan bi izan dira gure liburutegiaren barne antolamendua bideratu duten oinarrizko irizpideak. Lehena iraunkortasun eta jarraitutasun irizpidea da. Apaizgaitegiaren zerbitzupeko erakunde gisa, liburutegiaren lehen helburua irakasle zein apaizgaiek (gehiago edo gutxiago izan) beren irakasgai eta ikasgaietan dituzten beharrak asetzea da. Bigarren irizpidea, elizbarrutiak bere ibilbidean aurki ditzakeen egoera eta beharrei erantzun zehatza eskaintzea da. Bigarren irizpide honi dagokionez, liburutegi honentzat erronka handia izan zen OHOko irakasleen Elizbarrutiko Unibertsitate Eskola sortzea. 1977-1978 urtean sortu zen eta Apaizgaitegiko eraikin handian izan zuen bere egoitza.

Egoera berri hura oso emankor eta estimulatzailea izan zen eta planteamendu berrietara bideratu gintuen. Garai hartan liburutegia hirugarren solairuan zegoen (gaur egun Elizbarrutiko Artxibo Historikoa dagoen lekuan) eta ikasleak bertara errazago irits zitezen, lehen solairura lekualdatu zuten. 120 irakurle har zitzakeen irakurgela handia eraiki zen. Bertan, entziklopediak eta hiztegiak, lehen kontsultarako lantresnak, aurki zitezkeen. Horiez gain, zenbait erakusketa-paneletan liburu berriak eta harpidetutako aldizkarien azken aleak ere eskuragarri zeuden. Sortu eta urte gutxiren buruan txikiegi geratu zen gordailu bat ere osatu zuten. Baita gaur egungo liburutegietan zerbitzu arrunta eskaintzeko ezinbestekoa den tresna bat eskuratu ere: fotokopiagailua.

Lantalde berria eta bilduma berriak

Seminarioko liburutegiaHori baino garrantzitsuagoa izan zen langile berriak izendatzea; azken hamarkada hauetan, urteen joanarekin, beren gaitasuna eta irakasle zein ikasleen zerbitzura lan bikaina egiteko ahalmena erakutsi duen laguntzaile-taldea. Bestalde, Irakasle Eskolaren laguntza ekonomikoa tarteko, psikologian, soziologian eta hezkuntza zientzietan berezitutako bilduma osatu ahal izan zuten. Horrez gain, gai horien inguruko aldizkariekin ere aberastu zuten liburutegiko fondoa

Elizbarrutiaren zerbitzura

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu, gure liburutegia elizbarrutiko azpiegitura kulturala dela eta zerbitzu irekia eskaintzen duela. Erlijioaren inguruko jakintzan edo bere kultura humanistikoan sakondu nahi duen edozein pertsonari (apaiz edo sekular; sinestun edo sinesgabe) laguntzeko prest gaude erakunde honen araudiaren lehen paragrafoan irakur daitekeen moduan: “Liburutegia Elizbarrutiko Apaizgaitegiko, Erlijio Zientzietarako Goi Ikastegiko (Pio XII) eta M. Larramendi Ikastetxeko irakasle eta ikasleen eskura dago bai eta elizbarrutiko eraikin honetan egon daitezkeen beste erakundeen esanetara ere. Horrez gain, ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona orok ere jo dezake bertara…”.

Harremana

Harremanetarako pertsonaXabier Basurko

Elizbarrutiko Apaizgaitegiko Liburutegia

Paseo de Hériz, 82
20008 Donostia

Telf.: 943 317 990

bibliosemi@infonegocio.com

Ordutegia astelehenetik ostiralera:

- Goizetan: 9:00etatik 13:30era

- Arratsaldetan: 16:00etatik 19:30era