On José Ignacio Munilla Aguirre
On Jose Ignacio Munilla Aguirre Donostiako Gotzain izendatu zuten 2009ko azaroaren 21an. Kargua, 2010ko urtarrilaren 9an hartu zuen, Katedralean ospatutako ekitaldi jendetsuan.
Donostian jaio zen, 1961eko azaroaren 13an. Batxilergoa Donostiako Mundaizen, Jesusen Bihotza Ikastetxean, egin zuen; eliz ikasketak Toledoko Seminario Nagusian eginak ditu; bukaerako bi urteak, ordea, Donostiako Seminarioan. Jose Maria Setien Gotzainaren eskutik hartu zuen apaiz ordenazioa, 1986ko ekainaren 29an, Donostiako Artzain Ona katedralean.
Apaiz zerbitzua Zumarragako Andre Mariaren Jasokunea Parrokian egin zuen lehenengo, apaiz laguntzaile gisa (1986-1990) eta, ondoren, Salbatore parrokiako apaiz arduraduna izan zen (1990-2006). Berak burutu zituen eliza honetako eraikuntza-lanak. Apaiz-zereginak utzi gabe, ikasten jarraitu eta Teologia Espiritualeko Lizentzia gradua lortu zuen, Espainia Iparreko Teologia Fakultatean: Burgosko Egoitzan. Elizbarrutiko Apaiz Batzordeko kide izan zen sei urtetan, Zumarragako artziprestaldearen ordezko gisa.
Palentziako Gotzain izendatu zuten 2006ko ekainaren 24an, eta urte bereko irailaren 10ean hartu zuen gotzain ordenazioa Palentziako katedralean.
Bere ministerioaren lehenengo pausoetatik hasita, etengabeko harremana izan du gazteen munduarekin, horiekin astero bilerak eginez, eta arduratu berezia izan du gazteen arazoekiko.
Gotzainen Batzarrean Gazte Pastoraltza Saileko arduraduna da, Caceresko Cerro Gotzainarekin batean. Sydneyn egindako Gaztediaren Mundu Jardunaldietan izan zen; han aldarrikatu zuen Aita Santuak 2011n Madrilen egingo zirela hurrengo Mundu Jardunaldiak.
Palentziako bere elizbarrutian, Familientzako Aholku Zentrua sortu zuen. Hala berean, «Rakel Proiektua» jarri zuen abian, bere garaian haurdunaldia eten beharrean aurkitu zirelako orain erabaki haren ondorio psikologikoak eta moralak jasaten ari diren amei laguntza eskaintzeko.
Duero eskualdeko alor pastoralean, Osasun Pastoraltzako eta Gazte Pastoraltzako Arduradun-karguak bete ditu.
Hiru Idazki Pastoral eman ditu argitara: bata gaztediari zuzendua, «Manda el porro a la porra» izenburua duena; beste bat haurrei zuzendua, «Los amigos de la Torre - Una historia de monaguillos» titulupean. Hirugarrena, «Buscad el Rostro de Dios», Rafael Arnaiz santuarekin nolabaiteko harremana izan duten gotzainekin batean argitaratu zuen. Oraintsu «Las cartas sobre la mesa» izenburua duen liburua argitaratu du bere artzain-idazkiak batean bilduz. Liburu honetan jasoa geratzen da Palentziako Elizbarrutian eman duen irakaspenaren zatirik nagusiena.
Ezaguna da bere artikuluengatik, lehenengo euskal prentsan, gotzain izendatua izan aurretik; eta, gero, «El Diario Palentino» egunkarian astero, eta «El Norte de Castilla» egunkarian hilero egin izan dituen idazlanengatik. Ahalegin eta bizitasun handiko jarduera eta presentzia erakusten du, bai hedabide idatzietan, bai «Radio Maria»-n eta interneteko hainbat WEB orritan ere. Badu, gainera, interneteko bere orri berezia: “enticonfio.org”.



