Jainko Hitzaren irakurketa fede ikuspegitik
Jainkoarekin topo egiteko era bat, bere Hitzaren bitartez. Hitz horren argitan gure bizitzari begiratu, gure espiritu bizitza indartu eta besteenganako gure jokabideak zuzentzen saiatu; hitz batean, Jesusen jokabideak geure egitea da, gure helburua. Ez da Jaunaren Hitzaren gain egiten den “ikasketa” bat, ez; Jaunaren Hitza fede ikuspegitik irakurri nahi duena, Hitzaren azpian jartzen da, bere eraginera eta Hitzak lortzen du bere egitekoa.
Gure elizbarrutian, azkeneko urteetan izendaturiko helburuetako bati erantzuteko izan da; hau da: Espiritu bizitza zaindu eta janaritu. Ebanjelioaren zerbitzura dagoen Eliza osatzen saiatuz. Oro har, honen helburua Jainkoarekin topo egitea da; jabetuz, Ebanjelioa Berri Ona dela eta ez gainean jartzen zaigun zama astun bat.
Jaunaren Hitzaren argitan bere bizitza poztu, aztertu eta eratu nahi duten fededun guztientzat da; honetan parte hartzeko ez dago inongo ikastaro berezirik egin beharrik. Jesusek San Mateoren ebanjelioan esaten duena gogoratzea, egokia da: "Goresten zaitut, Aita, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu" (Mt 11, 25).
Edo, baita Erromako Batzorde Biblikoak, Bibliaren interpretazioari buruz argitaratutako dokumentuan irakurtzen duguna ere: "Pozgarria da ikustea, jende hain apal eta pobrea gai dela Biblia bere eskuetan hartu eta, ikuspuntu espiritual eta existentzialetik, argi berri batez hura interpretatu eta gaurkotzeko; bere buruarekin erabat seguru dagoen zientziatik datorkiona baino biziagoa den argiaz, hain zuzen" (IBI, IV C, 3).
Lan egiteko modua
La Casa de la Bibliako taldeak eratu dituzten gida-liburuak erabiliz. Lagungarri handiak dira bai animatzailearentzat eta baita partehartzaileentzat ere.
Metodologia erraz eta sakon bat eskaintzen dute. Lectio Divina deritzan metodoan inspiratua dago, zerbait gaurkotuta. Bere berezitasunak hauexek dira: Aukeratu den liburua bere osoan irakurtzen da, irakurketa jarraikia eginez.
15 pasarte taldean sakondu eta barneratzen dira hurrengo pauso hauek emanez:
- Giroa sortu
- Gure bizitzara begiratu
- Jainkoaren Hitza entzun (Zer dio pasarteak?)
- Gure bizitzara aplikatu (Zer esan digu guri pasarteak?)
- Otoitza (Zer agertzera eragin digu pasarteak?)
(Nolako jarrerarekin goaz bizitzara?)
Animatzaileak
Talde hauen animatzaileak, gehienak laikoak dira.
Ez dira Bibliako espezialistak; beren egitekoa ez da pasartearen azalpena egitea; taldeari behar duen martxa eramaten laguntzea, baizik; eman behar diren pausoak zuzen eta arduraz emanez. Hauentzat urtero eratzen da irailean ikastaro bat, urte horretan irakurri behar den liburuaren azalpena egiteko. Casa de la Bibliako kideak laguntzen digute ikastaro honetan.
Urtarrila edo otsailean beste topaketa bat egiten dugu animatzai-leekin, behar duten laguntza eta animua emateko. Urtean zehar ere sarritan joan ohi da proiektu honen arduraduna, eskatzen dioten taldeetara.
Zer egin dugu gure Elizbarrutian?
Zazpi urte daramatzagu proiektu honi eraginez. Une honetan 100 inguru talde daude irakurketa hau egiten dutenak, Elizbarruti osoan zabalduak.
Irakurri ditugun liburuak hauek dira:
San Markosen Ebanjelioa
Apostoluen Eginak
San Joanen Ebanjelioa
San Mateoren Ebanjelioa
San Pauloren 4 karta
Apokalipsia
San Lukasen Ebanjelioa
Hastera goazen zortzigarren ikastaro honetan San Pauloren 4 gutun irakurriko ditugu: Erromatarrei, Galaziarrei, Filipoarrei eta Filemoni idatzitakoak.
Urtero hasten dira talde berriak eta komenigarri iruditzen zaigu Markosen Ebanjelioa eta Eginak liburuarekin hastea oinarri sendo bat jar dezaten. Markosen ebanjelioak oinarrizko bi galderei erantzuten die: Nor da Jesus eta nolakoa izan behar du Jesus horren jarraitzailea? Jarraitzaile hau elkartean bizi da, Espirituak eraginda eta Ebanjelioa bizitu eta aldarrikatzeko misioarekin; hau Eginetan oso ondo agertzen da. Hortik aurrera talde bakoitzak erabaki dezake nondik jarraitu.
Hastera goazen ikastarorako ekintzak
- Urtero bezala, irailean izan dugu talde biblikoen animatzaileentzat ikastaroa, hilaren 13, 14 eta 15ean. Casa de la Bibliako kideak zuzentzen dute ikastaro hau.
Aipatutako Pauloren gutun horiez gain, aurten beste gai bat erabili dugu: Aste Biblikoak nola antolatu eta ospatu gure parrokietan. - Urtero bezala, jarraituko dugu eratuak dauden taldeei laguntzen eta kide edota talde berriak osatzen, honetarako lagunduko digula uste dugu Aste Biblikoen eraginak.
Proiektuaren Arduraduna:
María Jesús Amundaráin, Sagrada Familia de Burdeosko erlijiosa
C/ Intxaurrondo, 38 – 20013 DONOSTIA / T. 943 27 06 18
e-mail: biblia@elizagipuzkoa.org



