Apaiz Idazkaritza
1962 eta 1965 bitartean izan zen Vatikanoko II. Kontzilioa, apaizen izate eta eginkizunez mintzatzean, beraien bizitza egokirako behar diren baliabideez ere mintzatu zen: bizitza espirituala landu beharra, prestaketa intelektuala etengabe landu beharra, giza bizitza duina eratu beharra (ik. Presbyterorum Ordinis 18, 19, 20, 21). Apaizekiko arreta eta hurbiltasun berezia izateko ere eskatzen die Kontzilioak gotzainei (ik. Christus Dominus 16).
Gomendio eta aholku horiek bideratzeko, Apaiz Idazkaritza izeneko zerbitzua antolatua dago Donostiako Elizbarrutian, gainerako guztietan bezala. Honela definitzen du bere burua Idazkaritza honek: Elizbarrutiak Apaizdi osoari eta apaiz bakoitzari bere bizitza eta ministeritzan lagun egiteko eratua duen zerbitzu berariazkoa.
Helburuak
Apaizdiak eta apaiz bakoitzak bizi duen egoeraren berri etengabe jakitea, dituen beharrei erantzuna eta irtenbidea eskaintzen saiatzeko.
Apaizaren izate eta ministeritza kontuan izanik, horretan helduera osoa irits dezan lagungarriak eskaintzea, bere izatea zaintzeko eta bere eginkizuna egoki betetzeko.
Eginkizunak
Apaizaren giza alderdia begiratzea
Apaizdiari eta apaiz bakoitzari bere giza alderdia egoki zaindu, landu eta helduerara eraman dezan, era ezberdinetako zerbitzuak eskainiz eta jarraipena eginez lagun egitea.
Apaizaren alderdi espirituala begiratzea
Apaizaren egoera espirituala, gogobizitza, nola dagoen antzematea eta diagnostikatzea, apaizari bere izatea eta bere egitekoa –ministeritza– zein den ikusten –identifikatzen– laguntzea, apaiz‑ministeritzari dagokion espiritualitatea eta gogobizitza bereganatzen laguntzea eta hori guztia lantzeko behar dituen zerbitzuak eta lagungarriak eskaintzea.
Apaizaren alderdi intelektuala begiratzea
Apaiza buruz jantzia egon dadin saiatuz, bere baitako kezkei, Elizaren egungo egoerak eta gizarteak aurkezten dizkion galderei erantzuteko gauza izateko laguntzak eskaintzea, Teologi eta Pastoral Ikastetxearekin (TPI) lankidetzan.
Apaizaren alderdi pastorala begiratzea
Elizaren egoera, oro har, eta gure Eliza Partikularrak onartu duen eredua kontuan izanik eta, orobat, gure gizarteak aurkezten dizkigun arazo, erronka eta beharrak ere kontuan izanik, pastoral‑lana egoki eraman eta eragiteko behar dituen laguntzak eta lagungarriak apaizari eskaintzea, Bikaritzarekin lankidetzan.
Apaiz Idazkaritzaren Egitura
Apaiz Idazkaritza honako bi instantzia hauek osatzen dute: Apaiz Idazkaritzako Talde Betearazlea eta Apaiz Idazkaritzaren Elizbarrutiko Kontseilua.
Talde Beterazlea
Arduradun nagusiak, Zuzendariak, Idazkariak eta bi Mahaikidek osatzen dute Apaiz Idazkaritzako Talde Betearazlea eta ondokoak dira bere eginkizunak:
- Egitasmo honetan oinarriturik, urtero Apaiz Idazkaritzaren Egitaraua zehaztea.
- Egitasmo/egitarau horien arabera, Apaiz Idazkaritzak berak duen eginkizuna, Gotzainak emandako aginduak eta Apaiz Idazkaritzaren Elizbarrutiko Kontseiluan egindako proposamenak betetze bidean jartzea.
Apaiz Idazkaritzaren Elizbarrutiko Kontseilua
Talde Betearazleko kideek eta Elizbarrutiko hamabost artziprestaldeetako apaiz‑taldeetako ordezkariek osatzen dute Apaiz Idazkaritzaren Elizbarrutiko Kontseilua eta ondokoak dira bere eginkizunak:
- Artziprestalde bakoitzeko apaiz-taldearen egoeraren berri ematea, nahiz orokorrean nahiz arazo berariazkoren bat sortzean.
- Talde Beterazleak eginiko proposamen eta egitarauak eztabaidatzea
- Apaizdiari erantzuteko behar diren ekimen eta iradokizunak aurkeztea
- Egitasmo hau eta urteroko egitaraua apaiz guztiei jakinaraztea.
- Hartuko diren erabakien berri artziprestaldeetan ematea.
Harremanetarako pertsona:Imanol Aldaregia Elizondo
Apaiz Idazkaritza
Gotzaindegia
Zabaleta, 520002 DONOSTIATelf.: 943 697 109 / 943 249 256



