inicio

 es |  eus

SAN IGNACIO DE LOYOLA

Bookmark and Share

 

Agurra

     Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainko Aitaren maitasuna, eta Espiritu Santuaren batasuna izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Senideok, poz ederra gaur eskaintzen zaiguna: gure senide eta herritar Ignazio Loiolakoa santutasun argitan ikusten dugu. Festaburu eder honetan, beraz, badugu zer eskatua eta zer eskertua. Jaunak eman digun dohaina, egiazko eskakizun bihurtzen baitzaigu. Ignazio dohaina dugu, eta deia dugu. San Ignazioren fede berean bat egin dezagun eta egigun festa. Jaso dezagun festara Ignazio zaindaritzat aitortzen duen gure herriaren bihotza ere.

Damu-otoitza

     Lehendabizi, meza egoki ospatu ahal izateko, eska dezagun, isilune batez, Jaunaren errukia, gero Jaunaren aintza pozik abesteko.

  • Jesus Jauna, zeure herriari bakea ekartzera etorri zinena: erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, galdurik zegoena salbatzera etorri zinena: Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, mundua berri egitera etorri zinena: erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

Jainko Jauna,

zure izenaren aintza gero eta gehiago zabaltzeko

eman zenion Elizari Loiolako Ignazio santua;

iguzu,

bera lagun eta ejenplu dugula, gudukaturik lur honetan,

harekin parte izan dezagula zeruko zorionean.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoa maitatzeak zoriona dakar. Harengandik urruntzeak, berriz, zorigaitza eta hondamendia. San Ignaziok hartu zuen bidea argia da: dena, egiten den guztia, beti Jaunaren aintzarako egitea. Guretzat ere jokalege ederra!

Irakurgaiak: Dt 30, 15-20; 1Ko 10, 31–11, 1; Lk 9, 18-26

Homiliarako argibideak

Ignazio, Kristorena

     Loiolako gure santu bikainak, Ignazio santuak, badu mezu ederrik fededun ororentzat. Eta zer esanik ez, badu mezu eder eta erakargarririk euskal fededunontzat, gure eguneroko fede-ahalegina Euskal Herriko gizartean bizi dugunontzat. Loiolako santuaren aurrean, dei berezi eta gordina gertatzen da Jainkoaren gaurko Hitza. Gure fede-bizitzarako kriterio edo irizpide argitsuak aurki ditzakegu bietan, Jainkoaren hitzean eta Ignazioren ispilu garbian.

     Lehenengo irizpidea, Jesusen pertsonari atxikitzea. Fede-aitorpenak, segizioa eskatzen du. “Ni nor naizela diozue?”. Jesusen misterioa bere osoan onartzea da eman behar dugun erantzun betea. Horrek, noski, ukazio zenbait badu berekin. Kristau-biziera ez da ukaziozkoa, baina Jesusekin bat egiteak, gauza batzuk besarkatu eta besteei uko egitera zaramatza. Edukitzea, azaltzea, pilatzea, agintea... ez dira irizpide baliozkoak fede-bizitzarako. Jarraipenaren benetakotasunak ematen du fedearen kalitatea.

     Bigarren irizpidea, fedearen arazoa, apustu erabakigarria dela jakitea. Ez gabiltza aukerako gauzekin, nahi baduzu bai, nahi ez baduzu ez. “Bizia eta zoriona, heriotza eta zorigaitza jartzen dizkizut aurrean”. Segizioaren zintzotasunetik dago zintzilik zorionaren gora-behera. Zer da aurrena, fedea ala gizatasuna?, galdetu ohi dugu. Zenbaitek biak elkarren kontra jarri nahi lituzke. Sasi-galdera da hori. Fededunarentzat, dagoeneko, fedea bera bihurtu da gizatasunaren neurri. “Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizitzen ez badaki?”. Bizitzea da kontua, gizatasunari buelo ederra ematea, pertsona bezala neurri handietara haztea.

     Beraz, eta hirugarren irizpide nagusia da hau, Jaunaren aukera egitea da fededunaren sustraia. “Nahiz jan, nahiz edan, nahiz edozer egin...”. Aukera hau ez da teorian edo ideia-mailan bakarrik egiten, jakina! Jan, edan... bizitzaren eguneroko maila horretan oretzen da fedearen aukera. Bestela, fedea gain-egitura alferrikakoa bihurtuko litzaiguke. Eta fedearen onena, egiazko aukera bizia egiten denean bizi eta gozatzen da. Fedearen edertasun guztia zer den, egunero fedearen prozesua bizi duenak daki. Kontua ez baita ideia argi eta handiak edukitzea. Kontua da, egunero fedearen bideak ikasi eta pausoka-paisoka bideratzea.

     Loiolako Ignazio, gure senide fededuna, irizpide hauen oihulari bikaina dugu. Jesu Kristoren eraginak harrapatu zuenez geroztik, fedearen apustua egin zuen. Jesusi erabat atxiki eta harengan aurkitu zuen bere zorion betea. Eta horretara bildu ziren eta horretatik abiatu San Ignazioren pauso guztiak. Horra euskal gizona!, esan genezake beldurrik gabe. Eta, alderdi horretatik, deialdi larri eta nabarmena egiten dio santu honek gure gizarteari eta gure fededun elkarteari. Santutasunaren bideak, gizatasun-bide paregabeak gertatzen dira benetan. Bai, jauna!

Gure fedea bizitzaren muin?

     Utz iezadazu galdetzen, atrebentzia eta guzti: gure fedeak zer nolako irizpideak ditu? Gizarte eduki-zale, izan-zale, aginte-zale honen erdian, Jesusekiko atxikimendua eta harremana erakusten al du gure fedeak? Edo ez ote gara, fededun izan ustez, gizartearen jokaera horietan beretan erori? Gure fedeak bestelako biziera hots egin eta aldarrikatu behar ez badu gaur egun, bere horretan antzutua geldituko zaigu. Gure fedea erabateko aukera bezala bizi ote dugu? Ez al zaigu fedea piska bat ‘gaineko’ estalki bihurtu? Igandeko jantzia alegia, baina eguneroko bizitza eta sufrimenduarekin zerikusirik ez daukana? Ona da, baina ez hain beharrezkoa... Fedea ez ote dugu planteatu behar zorionaren oinarrizko aukera bezala? Bizia eta zoriona ari garela jokatzen, alegia! Fedea ote dugu gizatasunaren neurri eta oinarri?!

     Eta horretatik gure fedea ebanjelizatze-eginahalean sutu beharra daukagu. Egiten duguna egin, baina fedearen argiz. Fededunekin edo fedegabekoekin, adiskide edo etsaiekin, aukera handietan edo eguneroko txikietan... beti fedearen argi apal baina dirdaitsu horren mailan kokaturik. Handikeriak erantzi eta zerbitzuaren apaltasunez jantzi gure fedea.

     Loiolako Santua gure bokazioarentzat deialdi berezia dugu. Zer egin dugu gure fedearekin!? Loiolakoa galdera eta babes dugu. Jaunak harengan egin dituen harrigarriak gutako edonorengan errepika ditzake. Ditzake, eta errepikatu nahi ditu. Fedearen poz-iturria ez da agortu. Aukera sakona egiteko behar hainbat grina geratzen al zaio gure fedeari? Gure arteko gizon bat santu egina ikusteak, gure fede-bideak akuilatu eta sustatu behar ditu. Gure gizarteak asko eskatzen dio gure fede-bizitzari.

     Galdera hauei erantzun zuzena ematen dion biziera bizi nahi badugu, oinarrizko puntu bat ez dugu ahaztu behar, otoitzarena. Otoitzean Jainkoarekiko harremana berritu beharra daukagu, benetako kristautasun-maila ederra ematekotan. Baita giza maila jatorra burutzekotan ere. Jainkoarekiko harremana du iturburu eta oinarri kristauak, Loiolako Santuak esaten digun bezala, Jainkoa iturburu eta oinarri. Eta otoitzak eramaten gaitu egiazko iturburu eta egiazko oinarrira.

Eukaristia, bizitzarako iturri

     Eukaristia ospatzen ari gara. Santutasunaren iturrian gaude. Fedearen mahaian. Hemen berriztatzen eta gaztetzen zaizkigu fedearen egiazko irizpide jatorrak. Hemen atxikitzen zaio gure bihotza Jaunari. Gero bizitza guztia atxikimendu horren dirdai izan dadin. Halaxe izan dadila!

Jainkoaren herriaren otoitza

     Senideok: eska dezagun Jaunaren errukia eta egiogun otoitz, Loiolako san Ignazioren antzera Kristoren jarraitzaile leial izan gaitezen:

  • Gipuzkoako gure Eliza, san Ignazioren antzera, Kristoren ezagutzan haz dadin eta egintza onen fruituak eskain diezazkion gizarteari.
  • San Ignazioren antzera barne bizitza zainduz bizi direnei, Jaunak bihotz barneko bakea eta pozik bizitzeko gogoa eman diezazkien.
  • Behartsuei eta zapalduei Ebanjelioa eskainiz bizi diren Jesusen Lagundiko kideen alde, izan dezatela egiazko itxaropena, zailtasunen erdian ere piztueraren testigu izateko.
  • Jainkoaren aintza bilatzen gero eta gehiago saia gaitezen, horretarako Jesusen erako zerbitzuzko bizitza eginez.

     Jauna, Jainko ahalguztiduna, Loiolako San Ignazio aukeratu zenuen, Zure bila ibiltzeko eta Zure aintza aurkitzeko gogoa piztuarazi zezan Elizan; entzun gure otoitzak eta emaguzu gaur oroitzen dugun maisuaren irakatsiei eta ejenpluei jarraitzeko indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Jaungoiko Aita gorestera jarri behar dugu orain. Loiolako gure Santuak une honetantxe nahi gaitu bere ikasle zintzo: Jaunaren aintza abestea baitzuen bere xedea. Goazen denok hartara.

Jaunartze ondorengoa

Jauna, Ignazio santuaren egun honetan

Zuri eskerrak emateko eskaini dizugun gorespen-opariak

eraman gaitzala

betieran zure aintza neurrigabe gorestera.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.