inicio

 es |  eus

DOMINGO 22 DEL T.O.

Bookmark and Share

Agurra

     Jesu Kristogan ona eta ongarria den guztia bilatzen laguntzen digun Jainko Aitaren maitasuna eta bakea izan bitez zuekin

Sarrerako oharpena

     Kristok deitu gaituelako gara kristau: Berari jarraitzera deitu gaituelako, hain zuzen. Baina bere deia eguneroko deia da, eguneroko bizitzan gauzatzen dena.

     Gaurko ospakizunak Jesusen aldeko aukera garbia egitera eragin gaitzala, prest egon gaitezela leialtasunerako.

Damu otoitza

     Aitor dezagun isilune eginez, Jesus dugula gure Jainkoa, gure bizitza eta askatasuna..

  • Aitortzen diot Jainko guztiz ahaltsuari...

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

  • Erruki, Jauna... Kristo, erruki... Erruki, Jauna...

Otoitza

     Zeru-lurren Jainkoa, Zuregandik dator on guztia;

     sartu gure bihotzetan zure izenaren maitasuna;

     lotu gaitzau gero eta estuago Zurekin,

     gure baitan biziarazi dezazun on den guztia,

     eta biziarazi duzuna arreta handiz zaindu.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoak aukeratzen gaitu gu, ez guk Bera. Baina Berak gu aukeratzeak gure erantzuna behar du. Horretarako hautsi behar ditugu sarritan bizitzeko ditugun moldeak, Jainkoaren erara, maitasunean bizitzeko.

Irakurgaiak: Jr 20, 7-9; Erm 12, 1-2; Mt 16, 21-27

Homiliarako argibideak

Gurutzea hartu eta Jesusi jarraitu

     Hasiera-hasieratik, Jesusen heriotza eskandalu-bide gertatu zen bai juduentzat eta baita jentilentzat ere. Gurutziltzatu baten testigantza egiteak berekin zuen porrota. Jesusek bere nekaldia iragarri zuenean ere Pedro haserretu eta kontra jarri zen (Mt 16,21-27). Jesusek “Satanás” izena eman zion une hartan Pedrori, hau da, behaztopa eta eskandalu-bide bihurtu zuen deabru tentatzailearen izena. Denbora gutxi lehenago (joan zen igandeko ebanjelioa) aitortu zuen Pedrok berak Jesus zela Mesias, Jainkoaren Semea. Baina bere giza izaeran, ezin zuen ulertu Mesias sufritzailearen irudi mingarria. Horregatik, gaur, Jesusen ez dio “Harkaitz” deitzen, behaztopa den harri baizik.

     Gure salbamen historiaren testigu batzuk agertzen digute posible dela sufrimena bizitzaren iturri bihurtzea, maitasunez bizi badugu eta bihotza zabaltzen badugu besteen sufrimenarekiko. Batzutan ez dugu Jainkoari gure kexua agertzea beste erremediorik, baina beti prest agertu behar dugu bere asmoa onartzeko, badu eta Jainkoak indarra gure bizitzak aldatzeko, aldaketak bide zaila eta nekea nozitzea berekin izan arren (Jr 20,7-9). Jainkoak ez du nahi inork sufritzerik, baina ez zion bere Semeari sufrimena kendu. Jesusek ere ez zuen sufritzea bilatzen, baina Aitarengan zuen konfiantzak sinesterazi zion, bizitzaren eta heriotzaren gainetik dagoena beti Jainkoaren maiatsuna dela. Horrek bultzatzen du san Paulo eskaintza bizi izan gaitezen gu gogoberotzera (Erm 12,1-2).

     Gurutzearen eromena izan da Jainkoak mundua salbatzeko erabili duen jakinduria handia. Kristoren gurutzeak askori lagundu dio bere gurutzea eramaten. Jesusen gurutzeak geure gurutzeak eraldatu ditu, dagoeneko ez goaz bakarrik, Kristo gurekin dator, gure bidelagun da, gure gurutze-lagun, alegia. Askori kosta egiten zaio, ordea, habean lotua dagoen Jesusi kantatzea. Gure kulturak sahiestu egiten ditu sufrimendua eta heriotza.

     Gurutzea ordea gure bizitzaren parte da: gure ahulatasun guztien bilduma eta ezaugarri eta gure izatearen alderdi ilunaren agerpen. Gure argiuneak agertu nahi izaten ditugu beti, gure ahalmenak eta gure lorpenak. Gure ahultasun eta itzaluneak ezkututatu ohi ditugu ordea. Jesusen bidea berriz nekalditik igarotzen da piztuerara iristeko, eta horrela erakusten digu gure ahultasun eta porrotak, gure zauri eta bekatuak bizi-iturri bihurtzeko bidea. Jesusen gurutzea ez da munduko mina eta zapalketa justifikatzeko bide, hori erokeria bat litzateke. Zeharo bestela gertatzen da: Jesusen gurutzea zapalketa eta min horiek salatzeko bidea da. Jesusek gurutzea hartu zuen, gure munduan gurutziltzatu gehiago sekula egon ez dadin.

     Bizitza galduz, emanez, bakarrik iristen da egiazko bizitza. Bizitza erabat aprobetxatzen eta muga guztiak gainditzen saiatzen denak, sarritan dena galtzen du. Bizitza emateko da. Horixe bizi dute ezkonduek, baina baita bere buruaz ahazturik besteentzat bere burua emanez bizi diren hainbatek ere. Zerbitzua da besarkatu behar dugun bizimodua.

Jainkoaren herriaren otoitza

Senideok: eska diezaiogun Jaunari entzun ditzala deika ari zaion herriaren otoitzak:

  • Egigun otoitz mundu zabaleko Eliza gogoan izanik; Jaunak lagun diezaion fedean, esperantzan eta maitasunean hazten.
  • Egigun otoitz sufritzen duten guztiak gogoan izanik; kartzelatuek, gaixoek eta etxetik urrun diren guztiek Jaunaren babesa eta indarra izan dezaten.
  • Egigun otoitz gure senide hildako guztien alde; Jainkoak bere etengabeko errukiz eta beso zabalez onar ditzan.
  • Egigun otoitz Eukaristia ospatzen ari garenontzat ere; hemen ospatzen dugunaren fruituak eguneroko jardunean senideen zerbitzura jar ditzagun.

Entzun Zure herriaren otoitzak, Jauna, eta berri gaitzazu egiaren Espirituaz, mundu honetako lilurek engaina ez gaitzaten, baizik eta Zure Semearen egiazko ikasle bezala asma dezagula ongia bereizten eta gurutzea hartuz Kristori itxaropenez jarrai diezaiogula. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Eukaristian Jesusen gurutzeko eskaintza berritzeak lagun diezagula geure burua senideen zerbitzura eskaini behar dugula barneratzen eta eskaintza horretarako prestatzen.

Jaunartze ondorengo otoitza

     Mahai santuko ogia harturik, Jauna,

     otoitz egiten dizugu:

     maitasunaren janari honek

     bizkor ditzala gure bihotzak

     eta eraman gaitzala

     Zu gure senideengan zerbitzatzera.

            Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.