inicio

 es |  eus

JESUCRISTO REY DEL UNIVERSO

Bookmark and Share

Agurra

     Kristo, diren guztien Erregea, gerta dakizuela bake eta salbamen eta Haren maitasuna izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Liturgi-urtearen amaieran Kristo Erregearen jaia ospatzen dugu gaur.

     Urtean zehar bidea egin dugu, izateko eta bizitzeko era berriak eskaini dizkigun ibilbidea. Gaur hori guztia ospatzen dugu esker onez. Erreinua ez da amaieran bakarrik agertzen, salbamena ez da helmuga hutsa. Bidean ere Erreinuaren haziak jaso ditugu, salbamen-esperientzia egin dugu. Horrek Jesu Kristo gure bizitzaren erdigune, protagonista, Errege aitortzera garamatza. Berari aintza eta gorespen!

Damu-otoitza

     Errukia da gure Erregearen zuzentasuna. Berari begiratuz, eska diezaiogun gure bekatuen barkamena.

  • Jesus Jauna, gizaki guztien Salbatzaile zarena. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, gu guztiontzat gizatasun eredu zarena. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, guztion bihotzak Zuregana erakartzen dituzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Aintza zeruetan

     Aintza zeruetan kantatuz (esanez), gores dezagun gugan maitasunaren eta zerbitzuaren jarrera ederra ernearazten duen Jainko ahalguztiduna.

Otoitza

Jainko ahalguztidun betierekoa,

zure Seme maitea, diren guztien Erregea,

gauza guztien oinarri eta buru ezarri zenuen;

egizu, izaki guztiek,

bekaturen uztarritik askatuta,

beti eta beti Zu zerbitza zaitzatela eta goretsi.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoaren Hitza da kristauon egitasmo nagusia jasotzen dituena. Entzun dezagun arretaz, eta jakin dezagun Erreinua gureganatzea bihotz-berriz bizitzea dela.

Irakurgaiak: Ez 34, 11-12. 15-17; 1 Ko 15, 20-26a. 28; Mt 25, 31-46

Homiliarako argibideak

Gose nintzen eta jaten eman zenidaten

Unicef erakundearen arabera, lurralde aberatsen artean pobrezia larrian bizitzeko arriskuan haur kopuru handienetakoa duen herrialde batean bizi gara (ia haurren herena). Etorkien seme-alaba dira gehienak, baita banatuta dauden gurasoenak ere. Etorkizuna era zuzengabean oztopatua eta zaildua gertatzen zaie haur hauei. Badirudi, ustelkeriari begiratuta, justiziak ez duela behar bezala lan egiten, edo pribilegiatu batzuen zerbitzura dagoela. Zuzentasuna nahi dugu eta eskatu behar dugu denontzat, bereziki ahulenentzat.

Itun Zaharrean erregea izan ohi zen zuzentasuna bideratzeko enkargua zuena. Artzain bezala ageri ohi zaigu sarritan, bere artaldea behar duen bezala larratzen duena (Ez 34, 11-17). Denak berdin tratatzea zen antzina injustiziarik handiena. Gaur egun bakoitzaren beharrak ez ditugu jartzen justiziaren gainetik... gehinez karitatez begiratzen diegu. Eta egia da karitaterik gabe ezin dela mundu zuzenik eraiki.

Azken Auziaren irudian suma dezakegu justizia gosea. Badirudi sinetsiak gaudela, mundu honetan zuzentasun betea ezinezkoa dela eta Jainkoak gutxienik egingo duela zuzengabekeriaren biktima izan direnen alde. Horrexegatik, Jesusek aipatzen duen azken auziak zerikusi izugarria du mundu honetan zuzentasuna bizitzeko izan dugun moduarekin (Mt 25, 31-46). Izan ere, erruki-egintzei buruzko azterketa izango da hura, errukia eta onginahiak bakarrik laguntzen baitugu sufritzen duen gizakiarekin zuzenak izaten. Erruki-egintzek eragin zuzena dute munduak zuzentasunez tratatzen ez dituen pertsonekin: gosetuekin, etorkinekin, ondasunik ez dutenekin, gaixoekin, presoekin...

Jesusen auzia Bere bizitzarekin eta Erreinuaren iragarpenarekin bat dator. Gizarteko baztertu guztientzat da, bereziki, Erreinua. Beraiek dira Erreinuan lehentasuna dutenak. Jesus bera eta Bere Erreinua zauritu guztiengan aurkitzeko gai direnak bakarrik dira, egiaz, Jainkoaren Erreinuan barneratzeko gogoa agertu dutenak.

     Ebanjelioaren arabera, baztertuenganako arreta izan zutenek ez eta arretarik izan ez zutenek ere ez, Jesus ez zuten aurkitu haiengan. Ez ziren konturatu Erreinuaren afera mundu honetan jokatzen dela, ez bestean. Erreinuari buruzko ilusioak jabetu dira, zoritxarrez, gizakien bihotzez. Batzuk oraindik uste dute Erreinuak zerikusia duela mundu honetako indarrekin. Jesus da gaurko parabolak aipatzen dituen egintza onak erarik bikainenean bizi izan zituena. Erruki-egintza horiek betetzea da kontua... behartsuen eta zaurituen zerbitzura jarriz; haiengan Jesus aurkituz. Egun batean horiekin guztiekin eta Jesusekin batera Aitaren Erreinuan elkar aurkitzeko.

Jainkoaren herriaren otoitza

Zuzen diezazkiogun gure otoitzak Kristori, Bera baita gauza guztien Jauna eta Erregea:

  • Elizako artzain eta kide guztiak saia daitezela beti gizadi osoa Jainkoarengana gerturatzen eta Kristoren gurutzeaz denei bake-bidea eskaintzen.
  • Erlijio eta kultura guztietan ezkutuan dagoen Ebanjelioaren haziak frutu eman eta ager dadin, guztiek ezagutu dezaten Kristo dela Jauna Jainko Aitaren aintzarako.
  • Bekatuak, atsekabeak edo ezinak harrapatuta dauden guztiek Kristoren erreinuko askatasuna ezagutu dezaten.
  • Gaur Kristo Erregearen festaburua ospatzen dugun guztiok izan dezagula egun batean zeruko oinordekotza, argiaren erreinuan.

     Jainko ahalguztidun betierekoa, Zure erreinua historiaren gertaera eta arazoen artean eratzeko, Zure Semea gizakien errege bakar eta artzain nagusi egin duzu; entzun gure otoitzak eta sendotu gugan Kristoganako fedea, heriotza garaitu eta bizia garaile aterako duen eguna itxaro dezagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Izan bedi gaurko Eukaristi Otoitz hau Jainkoaren Errukian murgiltzeko bide. Kristo da bidea, egia eta bizia. Eskerrak Jainkoari beti eskutik garamatzalako! Begira diezaiogun elkarri begietara Aitaren erruki berarekin.

Jaunartze ondorengoa

Betiereko biziaren ogia harturik, Jauna,

Zuri deiez gaude:

Kristo zeru-lurren Erregearen aginduak betetzea

aintzagarri daukagunok

iritsi dezagula

Berarekin zeruetako erreinuan beti bizitzea.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.