inicio

 es |  eus

DOMINGO 31 DEL T.O.

Bookmark and Share

 

A

Agurra

     Biziaren Jainkoa izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Elkarren zerbitzuan jarduten garen heinean gara Jainkoaren zerbitzari. Hori da bidea, Jesusen eredu apal eta bihozberari jarriatuz. Zerbitzu hori Eukaristiari lotua dago, Jesusen eskaintza; Eukaristiatik sortzen da Eliza zerbitzaria. Ezinbestekoa zaigu, beraz, Jesusek oroigarria eginez bildu eta Hark bidaliak garela sumatzea eta ospatzea. Has gaitezen itxaropenez.

Damu-otoitza

     Eska diezaiogun Kristori argi dezala gure bekatuaren iluna:

  • Jesus Jauna, bihozbera eta errukitsua zarena. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, on eginez igaro zinena. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, inor galtzerik nahi ez duzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

Jainko ahalguztidun errukitsua,

zure graziari esker,

ongi zerbitzatzen zaituzte fededunek;

egizu, arren, Zuk agindutako ondasunetara

eragozpenik gabe joan gaitezela.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoaren aintzarako gabiltzala esanez geure buruak aberastea ez da zuzena. Jainkoak nahi duen egiazko kultua, hau da, otoitza, pertsonenganako zerbitzuan gauzatzen da.

Irakurgaiak: 1M 1, 14b–2, 2b. 8-10; 1Ts 2, 7b-9; Mt 23, 1-12

Homiliarako argibideak

Bihotz zintzoaren zerbitzua

Berriz ere sustraietara garamatza Jesusek: ez irakasle, ez guraso, ez gidari, ez nagusi. Historiari begiratuta, esamoldeei dagokienean behintzat, badirudi ez garela Jesusen esanekin oso leial izan. Aitortu beharra dago, ordea, arazoak ez direla hitz hutsean argitzen.

Jesusen mezua argia da: Bakarra Aita: Jainkoa. Bakarra gidaria: Jesus. Zuek guztiok senide. Zuetan handiena bedi denen zerbitzari eta txikiena hartu lehenengotzat.

Hori da Jesusen eredua: bihozbera eta apala da. Gure jarrerak senide-giroa bultzatu behar du, zerbitzua, xalotasuna… ez farisearren itxurakeria eta handikeria.

Jesusen bizitzatik eta ikasbidetik datorkigun kristau-jokabidea hori da. Eta horixe bera da era zehatz eta praktikoan Paulok bigarren irakurgaian islatu duena. Tesalonikarrei idatzi zien amak seme-alabak zaintzen dituen xamurtasunez zaindu dituela eta hain handia izanik beraiekiko maitasuna ez die Jainkoaren Ebanjelioa bakarrik eman nahi, baita bere burua beraientzat eskaini ere.

Jainkoaren Hitza ez dugu irakurtzen, garai hartan zer gertatu zen jakiteko bakarrik, gure garaian eta gure bizitzan gaurkotzeko baizik. Azalean geratzea, hutsean indarrak galtzea, itxurari gehiagi erreparatzea garai guztietako arriskua da, dudarik gabe.

Aipatzen ditugu kristau edo katoliko ez praktikanteak. Baina, zein praktikaz ari gara? Maitasuna, errukia eta justizia praktikatzen ez baditugu ezin esan daiteke kristau praktikanteak garenik. Kontua ez da igandearekin kunplitzea bakarrik, hori ere ezinbestekoa bazaigu ere; norberekeria gainditu eta senide garela konturatzea, elkarte-bizitza eta karitatea bizitzea beharrezkoa dugu.

Jesusek gizakiaren bihotza aldatu nahi du; horretara iritsi gabe azalekoan, bigarren mailako gauzetan galduak geundeke.

Sarritan leporatzen digute elizatik urrunduta dabiltzanek, itxurazaleak edo koherentzia gabeak garela. Ez du tesan nahi hori besterik gabe onartu behar dugunik. Baina gure bizitza aztertzea ekarri behar liguke. Kristauak leial izan behar du Jesusen esanarekin. Leial ospatzen duenarekin. Leial irakasten duenarekin. Eta bizitzen duena ospatu, beste senideekin batera.

Gure boterea zerbitzua izan behar du, gure handitasuna txikien ondoan egotea. Inor azpian hartu gabe. Jesusen erara, munduko neurriei eta jokabideei buelta ematea dagokigu; hori da kristauok egin behar dugun zerbitzuaren iraultza. Kanpotik eta barrutik zerbitzari direnen iraultza.

     Egiazko erlijio-bizitza bihotz garbian agertzen da, Jesus Zerbitzaria eredu eta maisu izanik.

Jainkoaren herriaren otoitza

     Senideok, eska diezaiogun Jaunari entzun ditzala gure otoitzak eta eman diezagula behar dugun laguntza:

  • Jaunak indarra eta argitasuna eman diezaien Jose Ignazio gure gotzainari eta Elizako artzain guztiei.
  • Neurrigabeko ezberdintasunak gainditurik, herrietako arduradunak denon ongizatearen alde saia daitezen.
  • Sufritzen duten guztiek kristau-elkartearen bidez presente egiten den Jaunaren indarra eta laguntza izan dezaten.
  • Hemen bildu garenok eta gure etxeko eta adiskide guztiok, itxaropenez eta elkarri on eginez bizi gaitezen.

     Entzun, Jauna, gure eskariak eta egizu Zure izena goratzeko eta salbatzen gaituen Zure hitza onartzeko prest ager gaitezela beti; ez dezagula Ebanjelioa hitzez bakarrik hots egin, baizik eta gure egintzetan bizi dezagula Zure Semearen egiazko jarraitzaile garela adieraziz. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Gurutzea dugu bide. Gurutzea dugu salbamen. Gurutzeko eskaintza berritzen da orain aldare honetan. Bat egin dezagun bere burua eskaintzen duen Kristorekin.

Jaunartze ondorengoa

Gero eta gehiago agertu bedi gugan, Jauna, zure indarra;

hartu ditugun sakramentuez sendoturik,

beroiek agintzen dizkiguten ondasunak lortzeko

zure graziak gai egin gaitzan.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.