inicio

 es |  eus

DOMINGO 32 DEL T.O.

Bookmark and Share

 

Elizbarrutiaren eguna

Agurra

     Jesu Kristo gure Jaunaren bakea izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Igandea ospatzera bildu gara senideok. Kristauok ezin dugu bizi iganderik gabe, Jaun berpiztuaren eguna ospatu gabe. Eta ospakizun hori Elizan, elkartearen batasunean ospatzen dugu: Jauna noiz etorriko elkarrekin itxaroten dugula.

     Gaur, Elizbarrutiaren eguna dugu. Gure eliz batasunaren alde otoitz egin, gure ahalegin eta jardun guztientzat argitasuna eskatu eta Elizbarrutiaren beharretarako diru-bilketa egiteko.

     Ospa dezagun itxaropenez Kristo, senarra, gure erdian dugula.

Damu-otoitza

     Presta gaitezen bihotzez, gure bekatuen barkamena eskatuz:

  • Jesus Jauna, gure salbatzaile zarena. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, gure askatzaile zarena. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, gure bitarteko zarena. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

Jainko ahalaguztidun errukiorra,

baztertu gugandik eragozpen guztiak,

gorputz eta arimaz geure buruaren jabe izan gaitezen

zure nahia betetzeko.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoa jakinduria dugu. Jainkoa argi-emailea dugu, eta erakargarria, baina inoiz ez gaitu zapaltzen, gure askatasuna indartzen baizik. Onar dezagun bere hitza, barnetik berritu gaitzan.

Irakurgaiak: Jkd 6, 13-17; 1Ts 4, 13-17; Mt 25, 1-13

Homiliarako argibideak

Gure azkenari begira

Gaurko ebanjelioak oinarrizko egia hau gogorarazten digu: gure bizitza senarrari itxarote bat da. Eta bizitzaren une nagusi hori, heriotzan gertatuko da, ez dugu ahaztu edo baztertu behar hori, prestatu baizik. Gaur izan daiteke egun ona horretarako. Gainera, bigarren irakurgaian, hil ondoren zer gertatuko zitzaien kezkatuta zeudenei erantzuten die Paulok. Gu ez gara horretaz asko kezkatzen, behar bada, beste muturrean gabiltza: ez dugu horretan pentsatu ere egiten. Eta heriotza gure bizitzatik ezkutatzea ez da ona. Gizatasuna kentzen dio gertakari garrantzitsu horri. Hoztasuna ematen. Kristauok beste era batera bizi behar genuke heriotza.

Heriotza oroitzeak helburu hau izan behar luke lehenik: gaitzaren gainetik, heriotzak hain gordin agertzen duen giza ahultasunaren gainetik, bizi betea ematen digun Jainkoaren maitasuna dagoela konturatzea. Tesalonikarren desioa horixe da: Jaunarekin betiko egotea; Jainkoaren egarria da gure bizitzaren ortzemuga osatu behar lukeena.

Senarraren etorrera argitzeko olioa

Giro horretan hartzen du indarra eta zentzua gaurko ebanjelioak egiten duen deiak, bereziki, birjina zentzugabeei egiten dien deiak.

Ezkon-bazkari hura gertakari erabakigarria den: guretzat, Jainkaoren erreinuaren betetasuna irudikatzen duen sinbolo ederra gertatzen da. Gezurra dirudi, honelako gertakari ederra pasatzen utz dezakeen jende zentzugabea egotea: argia eman behar duen oliorik gabe jendea ibiltzea, bizitzan lo hartzen duen jendea; une berezi eta ederraren zain arretaz eta erne biziko ez den jendea egotea... bai penagarria! Senargaiaren zain atean egongo ez den jendea...!

Jesusek galdetu digu, azken finean, berarengan eta bere Erreinuarengan federik badugun. Sinesten badugu Beraren zain biziko gara. Sinesten badugu, gure bizitza osoa ontziak olioz betetzen igaroko dugu, ahalik eta argitsuen izateko. Kontura gaitezen: Jesusek gaur darabilen eredua ez da negatiboa (zerbait egitea galerazten diguna “bekaturik ez egitea” eskatzen diguna), jarrera aktiboa eskatzen digu: ekin, egin, gure bizitza martxan jarri, olioa bildu. Datorren igandean zehaztuko zaigu arretarako dei honen bidea eta Kristo Errege egunez konturatuko gara zer den argitzen gaituen olioa.

     Lehenengo irakurgaiak osatu egiten digu jakinduria handiz ebanjelioko irakaspena. Ezin da aitzakiatzat hartu oliorik ez edukitzeko, olioaren beharra ez ezagutzea, ez jakitea. Bihotza ebanjelioaren zerbitzura apal jarri duenak badu jakinduria aski argiaren beharraz jabetzeko eta argirako bidea prestatzeko.

Jainkoaren herriaren otoitza

Egin dezagun otoitz gizaki guztien alde, inoiz falta ez dezaten gure eskuzabaltasuna:

  • Eliza barne-bakez bizi dadin beti, honela Ebanjelioaren testigu gartsu izan dadin eta Jauna erdian izateaz poztu dadin.
  • Herrietako arduradunei eman diezaiela Jaunak jakinduria eta zuhurtasuna, guztien ongizatearen alde jarduteko.
  • Munduan gehien sufritzen dutenak beren ezinetatik arinduak aurki daitezen.
  • Guk guztiok, kristau eran jardun dezagun gure eginkizun guztietan, gure lanek fruitu onak eman ditzaten.

     Jauna, atseginez begiratzen diezu Zure jakinduria maite dutenei, eta Zure bila dabiltzanei zeure burua agertzen diezu; entzun gaitzazu eta egizu Zure Semearen ezkon otordurako gai izan gaitezela, eta gure krisailuak itzali gabe atera gaitezela Bere bidera. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Orain egitera goazen diru-bilketa Elizbarrutiaren beharretarako izango da. Eta bide batez, Eukaristiaren muinera goaz orain. Senarra egiaz presente egiten zaigun otordura. Gauden erne eta bihotz alai.

Jaunartze ondorengoa

Eukaristia harturik, eskerrak ematen dizkizugu, Jauna,

eta zure bihotz onari eskatzen diogu,

zeure Espiritua isur diezaguzula,

zeruko indarra hartu dugunon bihotzetan

leialtasunaren graziak iraun dezan.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.