inicio

 es |  eus

DOMINGO 4º DEL T.O.

Bookmark and Share

 

Agurra

 

     Gure Maisu eta gure Jauna den Jesu Kristo, izan bedi zuekin!

 

Sarrerako ohapena

 

     Jesusen irakaspenek beti txunditzen gaituzte: bereziak dira eta era berezian emanak; bizitakoak dira. Kristau izatea ez baita ikasi bakarrik egiten, bizi, esperimentatu baizik. Eta ebanjelizatzea testigantzaz eta konbentzimenduz egiten du, beraz, Jesusek: istilurik gabe, proposatuz, eskainiz.

     Eukaristia ospatzera goaz: goan izan ditzagula bereziki ezinduak eta sufritzen duten guztiak.

 

Damu-otoitza

 

     Jesus gure Jauna dela aitortuz, eska dezagun bekatuen barkamena.

 

  • Jesus Jauna, gu aberasteko zerorri behartsu egin zinena: erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, gure salbamenerako bizia eman zenuena: Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, sufritzen duenarekin errukitsu zarena: Erruki, Jauna.

 

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua, eta, gure bekatuak barkaturik, eraman gaitzala betiko bizitzara

 

Otoitza

 

Egizu, Jainko gure Jauna,

bihotz-bihotzez maita zaitzagula,

eta gizon-emakume guztiak gure burua bezala

maita ditzagula.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

Jainkoaren Hitzari oharpena

 

     Beti egon izan dira profetak, munduko gertakarietan txarra salatu eta Jainkoaren arrastoak bereizten dituztenak. Sasiprofetak edo gezurrezko profetak ere ez dira falta, engainatzen gaituztenak. Jesusengandik jaso dugu itxaropena sortzeko gai den hitza. Entzun dezagun!

 

Irakurgaiak: So 2, 3; 3, 12-13, 1 Ko 1, 26-21; Mt 5, 1-12a

 

Homiliarako argibideak

 

     Ez dakit, oraintxe entzun ditugun hitzak barru-barrura sartu zaizkigun edo kanpoan geratu ote diren: ezagunak, entzunegiak ditugu agian. Baina, egiaz barneratu baditugu, hitz berriak gertatu bazaizkigu, gutako bakoitzari esandako mezu bezala jaso baditugu, zalantzarik gabe bihotza zabalduko zitzaigun horrelako berri indartsu, handi eta berritzailea entzunda.

 

     Hau da Jesusen egitasmo edo programa, Bere mezuaren aldarrikapena, gizakioi esateko duenaren aurkezpena. Zorion promesa bat da. Horregatik, ezinbestekoa dugu mezu hori gugan barnera dadin uztea, kristau izatea zer den ondo ulertu ahal izateko… Jesusi jarraitzeak zer suposatzen duen geureganatzeko.

 

     Garrantzitsuena zera da: jabetu egin behar dugula Jesusen mezua ez dela arauen zerrenda bat… igaro beharreko proba batzuk. Jesusen mezua zorion promesa bat da, eta kristau bizitza promesa horretarako bidea pozik egitea da.

 

     Entzun duguna ez da beharrezko diren gauza batzuen zerrenda, edota debeku bilduma bat, ezta gauza arriskutsuen letania ere… ez da zigorraren beldurrez bete beharreko araudi hotza ere… Kristau bizitza ez baita bide zail bat igarotzea eta zenbait oztopo sahiestea… kontua ez da proba batzuk igaro eta amaieran zigorra edo saria jasotzea… ez, ez.

 

     Kristau bizitza, Jesusen mezua, hori baino gehiago da, interesgarriagoa asko ere, gu gogoberotzeko adina indar badu. Bai, halaxe dio Jesusek: «Zorionekoak behartsuak... sufritzen dutenak.. zorionekoak negar egiten dutenak, zuzentasunaren gose eta egarri direnak...». Zorionekoak, promesa bat egin baitzaie. Zorionekoak, gizakiaren bidea Jainkoaren Erreinura deitua baitago.

 

     Zorionekoak, Jainkoa giza historian parte hartuz gure alde jarri delako, gu Berarengana erakarriz. Zorionekoak, Jesus beti egon delako behartsuen aldeko, haiekin sufrituz, negar eginez, errukitsu eta bihotz garbiko izanez, bakegile izanez... eta heriotzarainoko pertsekuzioa sufrituz. Honela biziz probatu du Jesusek bizitza betea, bizimodu aberatsa, gizakoia, betirako dena.

 

     Merezi du Jesusen bizimoduak. Zorionekoak horregatik! Zorioneakoak merezi duelako honela bizitzeak. Bizimodu hori ez da lasaitasun antzua edo betekizun faltsua, farisearrena bezalakoa, besteen erruekin eskakizun handikoak ziren haiek, baina ezer gutxi egiten zuten bihotz berriarekin zoriontsu izan ahal izateko.

 

     Zorionaren bide honek ez dio gure bizitzari zailtasuna kentzen, eguneroko arazoak ekiditen edo estaltzen. Baizik eta guztia sakontasunez bizitzen laguntzen digu. Gauza guztietan Kristok jokatuko lukeen bezala jokatzen saiatuz. Nahiz eta jakin zaila dela hori. Baina saiatzea bera pozgarri gertatzen zaio Jesusen jarraitzaileari. Jesusek egitasmo bezala aurkeztu zigun, baina bizi ere bai heriotzaraino... piztueraraino.

 

     Gure fedea zorionerako dei bat da. Hori sinestea gauza ederra da. Zoriontasunak bihotz-berritzeko deia dira... zorionera, egiazko pozera bihotz-berritzeko deia. Aldatzeko deia egiten zaigu... zoriontsu izateko aldatu alajaina!

 

     Hori bizitzeaz gain, besteei ere helarazi behar diegu. Sarritan lege-betetzaile itxura gehiago ematen baitugu Jesusen jarraitzaileok, zoriontasunaren bideari bihotza zabaldu dioten gizon-emakumeak baino.

 

     Zoriontasuna bizitzea, ez da izkin guztietan pozik gaudela esaten jardute (hori bakoitzaren bizi-gogoak adieraziko du, behar bada). Zoriontasuna bizitzea Jesusek zabaldu duen bidea hartu eta ekitea da. Eta elkabanatzea. Mila eratara.

 

Jainkoaren Herriaren otoitza

 

     Senideok, dei egin diezaiogun bihotz batez on guztiaren iturri den Jainko Aitari:

 

  • Hemen Jaunaren izenean bildua eta mundu osoan zabaldua dagoen Elizaren alde.

 

  • Gure herriaren alde, ongizatean eta bakean aurrerapausoak eman ditzan.

 

  • Bidean direnen alde, gaixoen, kartzelatuen, behartsuen eta sufritzen duten guztien alde.

 

  • Gure senide hildakoen alde, Jaunak bere argi- eta zorion-erreinuan sar ditzan.

 

     Jainko Jauna, behartsu eta apalei Zure betiereko erreinuko zoriona agindu diezu; entzun gure otoitzak eta egizu Zure fededunek ez dezatela munduko tentaldien aurrean etsi, baizik eta Ebanjelioko apalek bezala, leial jarrai diezaiotela bere Senar eta Jaunari, era honetan Espirituaren eragina dastatuz. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Jaunartze-ondorengo otoitza

 

Indarberritu egin gaituzu, Jauna,

gure erospeneko sakramentuaren bidez;

iguzu, egiazko fedean beti aurrera egin dezagula,

betiereko salbamenaren janari honi esker.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Ohartarazi

 

     Osteguna, Jaunaren Aurkezpenaren jaia da (Kandelario eguna). Egun horretan da Bizitza Sagaratuaren jardunaldia ere: bere bizitza era berezian sagaratu duten lekaide eta lekaime, erlijioso eta erljiosen alde otoitz egiteko eguna.

 

.