inicio

 es |  eus

DOMINGO DE LA ASCENSIÓN DEL SEÑOR

Bookmark and Share
JORNADA MUNDIAL DE LA COMUNICACIÓN SOCIAL

 

Agurra

 

     Heriotzaren lokarriak etenik Jesu Kristo berpiztu duen Jainko bizi-emailea izan bedi zuekin.

 

Sarrerako oharpena

 

     Jaunaren Igokundea ospatzen dugu gaur. Gaurkoa dugu Pazkoko beste gertaera nagusia: Jesus Aitarengana goratua ikusten dugu, aintzatsu eta garaile. Kristorekin gertatua gertatzen da gugan ere, geure pozetan eta minetan altxatuak, piztuak, suspertuak gertatzen gara.

 

     Egun honetan Gizarte komunikabideen Mundu Jardunaldia ere ospatzen da. Otoitzean gogoan izan ditzagun komunikabide munduan lan egiten duten guztiak, egiaren aitorle izan daitezen; eta, bereziki, komunikabide kristauetan dabiltzanek, Ebanjelioa hots egin dezatela, Elizaren batasuna jorratuz.

 

     Ospa dezagun jai eder hau, bizitzaren sustraietara begiratzen jakinik.

 

Bataio-urez herria zirtatzea

 

     Senideok: Eukaristia ospatzera goaz; Bataiokoan bat egin genuen era berezian Kristo Piztuarekin eta berak bildu gaitu gaur bere mahaian. Geure Bataioa oroituz bat egin dezagun Jainkoarekin.

 

Herria zirtatzen du apaizak elizan barrena ibiliz.

Bitartean kantu egokiren bat: Bataioko uretan, Hartuko dugu ura pozik, Ura! Ura!

 

     Jainko ahalguztidunak garbi gaitzala bekatutik eta, Eukaristia honen bidez, bere erreinuko mahaian jartzeko gai egin gaitzala.

     R/. Amen.

 

     Erruki, Jauna. R/. Erruki, Jauna.

     Kristo, erruki. R/. Kristo, erruki.

     Erruki, Jauna. R/. Erruki, Jauna.

 

Aintza zeruetan

 

     Kanta (esan) dezagun aintzazko gorazarrea, gure alde otoitz egiteko Aitaren eskuin aldean dagoen Jesu Kristo Jaunari dei eginez.

 

Otoitza

 

Jainko ahalguztiduna,

zure Seme Jesu Kristoren zerura igotzea

garaipen gertatu da guretzat,

eta Haren gorputzeko garenok badugu itxaropen,

gure buru denak iritsi duen bizia iritsiko dugula guk ere;

iguzu, misterio honek pozez eta esker onez bete gaitzala.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

Hitzaren liturgiari oharpena

 

     Jesusengan, Jainkoaren guganako asmoa eta Jainkoa bera ikusten dugu. «Zuekin izango naiz beti», gurekin da beti eta itxaropenez bizitzen erakusten digu

 

Irakurgaiak: Eg 1, 1-11; Ef 1, 17-23; Lk 24, 46-53

 

Homiliarako argibideak

 

     Jesus ez da hildako bat. Historiaren bihotzean eta gutako bakoitzaren bizitzan presente dagoen norbait da. Kristau izatea ez da irakatsi onekoa zen iraganeko pertsona bat begirunez begiratzea eta gure gaurkotasuna bizitzeko egokitzat jotzea. Kristau izatea Kristorekin topo egitea da, biziarazten gaituen bere Espiritua onartzea eta hori elkarrekin bizi eta ospatzea da.

 

     Mateok ez digu Igokundeari buruzko kontakizunik utzi. Nahiago izan du fededunen bihotzean Piztuaren azken hitz hauek uztea: Zuekin nauzue munduaren azkenera arte. Hau da egiazko fededunaren euskarri nagusia: Jesus Piztua gure bizitzako lagun dela jakitea eta sinestea.

 

     Egunez egun, gurekin dugu Bera gure bihotzeko ezinak indartuz eta Jainkoa gutako bakoitzaren bizitzan norbait gertukoa dela gogoraraziz. Hor da bera, gu gaitzak, ezinak eta itxaropenik ezak jota gera ez gaitezen. Gure izatean berak argitzen digu, ez dela indarkeria eta gorrotoa, maitasuna baizik, gizon-emakumeari heriotzaz gaindi bizitzen laguntzen dion goreneko indarra.

 

     Berak ziurtarazten digu, inolako minik ez dela amaiezina, ez dela bueltarik gabeko hankasartzerik,  ez dela barkatu ezineko bekaturik, ezta azkeneko hitza duen zorigaitzik ere.

 

     Berak, itxaropen neurrigabea eskaintzen digu, errealitatea begi onez eta uste onez begiratzera itxia dagoen mundu honetan. Gure bizitzak zentzarazten ditu Berak, bizi baldintza ugariak eskaini bai, baina zertarako bizi behar dugun esaten ez duen gizartearen erdian.

 

     Berak laguntzen digu benetako zoriona bilatzen, gauza asko eskaini bai, baina benetako zoriona non bilatu erakusteko gai ez den zibilizazio honetan.

 

     Beragan dugu, maitasuna garaile izango denaren ziurtasuna. Goibeltasuna ez zaigu zilegi. Itxaropenik ezak ez luke gugan tokirik izan behar.

 

     Fede honek, ez gaitu sufrimendutik aldentzen, ez dizkigu gauzak errazten. Baina fede hori da egunero bizitzaz, maitasunez eta itxaropenez bidean jartzen gaituen ezkutuko laguntza. Jesus Piztua gurekin dugu.

 

Jainkoaren herriaren otoitza

 

     Begira diezaiogun Kristo, gure Apaiz Nagusiari, eta eska diezaiogun lagun diezagula zerutik gizakien aldeko beharretan:

 

     Erantzuna kantatu: Entzun Zuk, Kristo, herri honen oihua!

 

  • Kristok, bere aintzaren errege-aulkitik, lagun diezaiola munduaren erdian ari den Elizari, eta lagun diezaien fededunei zeruko ondasunak maitatuz mundukoak erabiltzen. Egigun otoitz. R/.

 

  • Kristok, lurrean jasoa izatean denak berarengana erakarriko zituela agindu zuenak, ager diezaiela bere izena oraindik ezagutzen ez duten guztiei. Egigun otoitz. R/.

 

  • Kristok, bere garaipenaz Aitarekin bat egin gaituenak, bete ditzan itxaropenez era guztietako minak nozitzen dituzten guztiak. Egigun otoitz. R/.

 

  • Kristok, zerura jasoa izan denak, isur dezala guregan Espiritu Santua egiazko zerbitzari izan gaitezen munduaren erdian. Egigun otoitz. R/.

 

     Jainko Aita ahalguztiduna, Kristo Zure Semea piztu duzu eta gauza guztien Jaun egin duzu; entzun Zure maitearen ahotsa Elizak egiten dizun otoitzean, eta emaguzu, fedez eskatu duguna. Zure Seme Jesu Kristoren bitartez, errege bizi baita, hilezkor eta aintzatsu, gizaldi eta gizaldietan.

 

Eukaristiaren liturgiari oharpena

 

     Munduaren azkena arte gurekin izango dela agindu zigun Jesus Jaunak. Bere presentzia hori era askotara agertzen zaigu, baina bereziki Eukaristian. Orain Aitari zuzenduko diogun Esker Otoitzean bat egin dezagun gure erdian dagoen Jesus Jaunarekin.

 

Jaunartze-ondorengo otoitza

 

Jainko ahalguztidun betierekoa,

lur honetan bertan ematen dizkiguzu zeruko ondasunak;

egizu, geure indar guztiz ahalegin gaitezela

Kristorekin bizi izaten,

Berarengan eman diguzunez gero

zure jainkotasunean Zeurekin bat egitea.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Bedeinkapen Nagusia

 

Jauna zuekin. R/. Eta zure espirituarekin.

 

Bedeinka zaitzatela Jainko ahalguztidunak

Jesus zerura, zuei lekua prestatzera,

igo zen egun honetan. R/. Amen.

 

Piztu ondoren ikasleei agertu zitzaien Jesu Kristo Jauna

mundua epaitzera etorriko denean

epaile errukitsu ager dakizuela. R/. Amen.

 

Jesu Kristo Aitaren ondoan jarririk dagoela sinesten duzue;

pozik senti dezazuela

zeuekin ere badagoela azken egunera arte,

Berak agindu zuenez. R/. Amen.

 

Bedeinka zaitzatela Jainko ahalguztidunak,

Aitak, eta Semeak, X eta Espiritu Santuak. R/. Amen.

 

Zoazte Jaunaren bakean. R/. Eskerrak Jainkoari.