inicio

 es |  eus

JESUCRISTO SUMO Y ETERNO SACERDOTE

Bookmark and Share
JUEVES SIGUIENTE A PENTECOSTÉS

 

Jai hau ospatzeko otoitzak Meza-liburuko 754-755 orrialdeetan daude.

Agurra

     Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

Sarrerako oharpena

     Pazkoaldia burutua izanagatik ere, Jesus hil eta piztuarengan ikusten duen zenbait alderdi gogoratu ohi du kristau-elkarteak. Gaur, Pentekoste ondorengo ostegun honetan, Jesu Kristo betiereko Apaiz Nagusia dela ospatzen du. Bere burua Aitaren nahia eta asmoa betetzeko eta gizon-emakumeen zerbitzurako eman zuenez, Jesus da egiazko apaiz bakarra. Bataiatu guztiok dugu parte Jesusen apaizgoan, guk ere geure burua Jainkoaren eta senideen zerbitzurako ematekotan. Eta kristau-elkartean “apaiz” izena dutenek ere halaxe bete behar dute beren eginkizun ederra. Hau guztia kontuan izanik ospatuko dugu, Eukaristia.

Damu-otoitza

     Presta gaitezen gure bekatuen barkamena eskatuz:

  • Jesus Jauna, betiereko Apaiz Nagusia. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, Aitaren nahia betetzeko zeure burua eman zenuena. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, bataiatuoi zeure apaizgoan parte ematen diguzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Aintza zeruetan

Otoitza

     Jainko Jauna,

     zure aintzarako eta gizadi guztia salbatzeko,

     zure Semea betiereko apaiz nagusi ezarri duzu;

     egizu, Hark bere sakramentuen zerbitzari

     eta zabaltzaile egin dituenak

     hartutako zerbitzua zintzo bete dezatela.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Irakurgaiak

- Has (Gn) 22, 9-18 (Irakurgaiak 65. or. – tarteko 2. eta 3. paragrafoak utzita).

   edota: Heb 10, 4-10 (Irakurgaiak 620. or.).

- Sal 39 (Irakurgaiak 344. or.).

- Mt 26, 36-42 (Irakurgaiak 878, 3. paragrafoko «...egin bedi zure nahia» arte).

 

Homiliarako argibideak

     Burutu berri ditugun Pazko Jaien oihartzun bezala, Krito Jesusen misterioaren zenbait alderdi gogoratzen eta ospatzen jarraitzen du kristau-elkarteak hurrengo egunetan ere, jai bereziak eratuz. Adibidez gaurkoa: Jesu Kristo betiereko Apaiz Nagusiaren jaia.

     Jesusen garaian, han ari izaten ziren orduko apaizak, Jerusalemgo tenpluan, Jainkoari egunero abereak eskaintzen eta gorespenak kantatzen. Jesus ez zen halako apaiza izan. Jesus herritar soila zen. Baina kristau-elkarteak berehala eman zion “apaiz” titulua. Zergatik?

     Jesusek ez zuen opari asko eskaini behar izan, tenpluko apaiz haiek bezala, Jainkoaren barkamena eta onginahia lortzeko. Bakarra eskaini zuen. Eta bakar hura ez zen aberea izan, bere burua baizik.

     Lur honetan egin zuen bizitzaldi osoan Jesusek ez zuen horixe baizik egin: bere burua eskaini, Jainkoaren asmoa betetzeko eta gizon-emakume guztien onerako, zerbitzurako. Eta eskaintza hori azkeneraino eraman zuen: gurutzean bere odola isurtzeraino.

     Horregatik diogu kristauok Jesus dela egiazko Apaiz Nagusi bakarra: ordurarteko apaizek irudiz –aberea hilaraziz– egiten zutena, Jesusek egiaz egin zuelako: bere burua heriotzaraino emanez.

     Eta bataioan guk Jesus horrekin bat egin dugunez, baiatu guztiok gara apaiz, Jesusen antzera bizitzekotan eta, Jesusek bezala, geure burua ematekotan, bai Jainkoaren asmoa betetzeko, bai elkarren zerbitzu eta laguntzan bizitzeko. Hori egia izanik ere, apaiz izena kristau batzuei baizik ez diegu ematen: kristau-elkartearen arduradunei, hau da, Jesus Artzain Onaren izenean elkartea zaintzeko eta gidatzeko eginkizun zoragarria hartu dutenei. Eta hauek ere beren burua Jainkoaren eta senideen zerbitzurako emanez bete behar dute beren egitekoa, Jesusen apaizgoan egiaz parte izan nahi badute.

     Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari bataiatu guztiok “apaiz-herri, apaizez osaturiko herri” (1 P 2, 5-9; Apk 1, 6) egin gaituelako; baita elkartearen arduradun diren apaizak ematen dizkigulako ere. Eta eska dezagun nork bere eginkizuna Jesus Apaizaren antzera betetzeko indarra.

Jainkoaren herriaren otoitza

Senideok: jo dezagun Kristogana, Jainkoak gure bitarteko egin baitu, eta egigun otoitz:

  • Itun-berriaren betiereko apaiz nagusi den Jainkoaren Semeak, eman diezaiela gotzainei eta apaizei Jainkoaren Hitzaren hots egile gartsu eta Elizaren sakramentuen zerbitzari leial izateko grazia.

 

  • Jainkoaren eta gizakien arteko harremanean apaiz eratua izan den Kristok, eraman dezala gizadi osoa Aita ezagutzera eta maitatzera.

 

  • Berak giza ahultasuna ezagutu eta bekatariekin errukitsu den Kristok, egin dezala bekatarien eta huts egiten duten guztien alde.

 

  • Elizaren buru den Kristo ikusgarri eta presente egiteko aukeratuak eta sagaratuak izan direnek, bete dezatela leial jaso duten egitekoa, eta denok ikus dezagula beraiengan apaiz, maisu eta artzain dugun Kristoren irudia.

 

Jesu Kristo gure Jauna, gizakien onerako apaiz egin zinen eta zure ministeritza zeuk aukeratu eta esku-ezartzeaz sagaratu dituzunek jarraitea nahi izan duzu; emaiezu gotzain eta apaizei zuk emandako eginkizuna leial betetzea eta egizu denok ikus dezagula beren zerbitzuan zure presentzia santutzailea eta gizakien alde duzun etengabeko ardura. Errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

Jaunartze ondorengoa

Bizkor gaitzala, Jauna,

eskaini eta hartu dugun Eukaristia honek;

Zurekin maitasun etengabeaz bat eginik,

beti iraungo duten fruituak eman ditzagun.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.