inicio

 es |  eus

DOMINGO 8º DEL TIEMPO ORDINARIO

Bookmark and Share
Jornada Mundial del Enmigrante y del Refugiado

 

Gure Elizbarrutiaren Apostolutza beharrak

 

Agurra

 

     Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

 

Sarrerako ohapena

 

     Igandero Eukaristian biltzea leialtasun ezaugarri bat da: Kristogan adierazi zaigun Jainko bizi eta egiazkoari adierazten diogun leialtasunaren ezaugarri. Bera bakarrik gurtu eta zerbitzatu nahi dugu, beste inolako morrontzarik gabe.

 

     Gogoan ditugu gaur gure Elizbarrutiaren beharrak: ebanjelizatze lanak baditu gastuak ere… beraz, otoitzarekin batera eskuzabal izatea ere eskatzen zaigu gaur.

 

Damu-otoitza

 

Presta gaitezen Eukaristia ospatzeko, Jainkoaren eta Elizaren aurrean bekatari garela aitortuz.

 

  • Jesus Jauna, gure atsedena zarena: erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, gure itxaropena zarena: Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, gure babesleku zarena: erruki, Jauna.

 

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua, eta, gure bekatuak barkaturik, eraman gaitzala betiko bizitzara.

 

Otoitza

 

Jainko Jauna, egizu, mundu honek

zure asmoen neurrian aurrera egin dezala:

emaiezu herri guztiei egiazko bakea,

eta Elizari, zure zerbitzu santuan zintzoki irauteko poza.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santurekin batean

Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

Jainkoaren Hitzari oharpena

 

     Jainkoa guraso bikaina dugu: arduratsua, samurra, laguntzailea, babeslea. Berari zerbitzu eginez, gauza guztien gainetik leial izatea da seme-alabon erantzukizuna. Jaso dezaguna arretaz Bere hitza.

 

Irakurgaiak: Is 49, 14-15; 1Ko 4, 1-5; Mt 6, 24-34

 

Homiliarako argibideak

 

     Gaur egungo munduan ditugun arazo larriekin, jarrai ote dezakegu Jainkoagan konfiantza jartzen? Fededun asko dira Jainkoaren hurbiltasuna zalantzan jartzen dutenak. Gizadia menperatzen duten gaitz guztien aurrean, isilik eta ezer egin gabe gelditzen den Jainkoa jasanezina zaie. Isiltasun horretan, Jainkoaren ajolarik eza eta bihotz gogorra nabaritzen dute. Bihozbera balitz, Jainkoak, miserian, izurritearen menpe, edota guda artean egoera larrian bizi direnen alde zerbait egingo luke.

 

     Bai, zuzengabekeria da fedeak mundu honetan aurkitzen duen oztopo handiena. Nola sinetsi edo konfiantza izan mugagabe maite gaituela ziurtarazten duen Jainkoagan, mundu honetako txikien alde atzamar bat ere mugitzen ez duela iruditzen bazaigu? Zalantzarik gabe, gaur egun, sinestedun izateko aurki dezakegun oztoporik handiena ez da zientzia edo arrazionalismoa, munduko gaitzak duen indarra baizik.

 

     Jainkoarik bada, nola utzi dezake hainbeste haurtxo miseriaren, pobreziaren eta heriotzaren atzaparretan? Jainkoarik bada, zergatik ez du ezer egiten? Zergatik gizadiari bizkarra ematen dio eta, batez, ere, beste babesik ez dutenei? Isiltasun honetatik bi ondorio atera daitezke: edo, ez dago Jainkoari; edota, Jainkorik bada, ez da egia maite gaituela eta gure etorkizuna eta biziaz arduratzen dela. “Jaunak utzia nauka, nire Jauna ahaztu egin da nitaz”entzun dugu lehen irakurgaian. Zenbat aldiz ez ote dugu esperientzia bera izan edota zenbat aldiz ez ote dugu antzeko zerbait pentsatu!

 

     Egia da, Isaias profetak berak erantzun bat aurreratzen digula hau esatean: “Amak haurra ahaztuko balu ere, nik ez zaitut sekula ahaztuko”. Ama bat ahaztu daiteke bere sabeleko fruituetaz, baina Jainkoa ez daiteke bere bihotz maitatiaren fruitu diren pertsonez ahaztu. Ideia hau bera entzun dugu salmoan: Jainkoaz fida gaitezke, gure bihotza Harengan jar dezakegu; atseden eta babes Harengan aurkituko dugu.

 

     Eta zer esan entzun dugun ebanjelioko pasarteaz! Bi aldiz dio Jainkoa gure Aita dela, eta txoriez edota loreez arduratzen bada, zenbat gehiago arduratzen eta kezkatzen da gutaz.

 

     Ikusten denez, Itun Zaharrean agertzen diren Aita guztiz onbera eta errukitsuaren aztarna batzuk, Jesusek berak gero bete-betean ezagutzera eman zituen. Jesusek Jainkoaren egiazko aurpegia ezagutarazi baitigu; Berari esker Jainkoa maitasuna dela, Aita dela dakigu. Isaiasen pasartearen arabera, fededunen bihotzetan uste honek lekua hartu zuen. Itun berrian, Jesu Kristorengan, Jainkoaren nortasuna agerian jartzen da: Aita, “ABBA” da; eta Haren maitasunak mugarik eta neurririk ez du-

 

     Batzuetan zaila za ulertzea, Seme bakarra emateraino maite gaituen Jainkoak, nola utzi dezakeen mundu hau hainbeste sufrimenduren menpean. Gaurko irakurgaiek ere ez digute erantzunik eskaintzen. Fidatzera gonbidatzen gaituzte, Jainkoaz fidatzeram nahiz eta gauza ugari ulertu ez; nahiz eta hainbat errealitate eta egoera argitu ezin.

 

     Fidatzeak eta guztia Jainkoaren eskuetan uzteak, ez du gure erantzukizuna itzali behar dugunik esan nahi. Ebanjelioan behin baino gehiagotan esaten zaigu, gure Jaunagandik jaso ditugun dohainak, gizadiaren onerako eta Erreinuaren eraikuntzarako aprobetxatu behar ditugula, ahal dugun etekin handiena atera behar diegula. Beraz, gure konfiantza ez da pasiboa. Hari horretatik ulertzen dira Jesusek gaurko pasarte honetan eskaintzen dizkigun irakaspenak; hiru, nagusiki:

 

  • Ez izan bi nagusiren morroi: Ez izan diruaren zerbitzari. Ez utzi diruari gure bihotzaren, adimenaren eta biziaren jabe izaten. Gure izatea sasi-jaiko horri ez eskaini. Ez gaitu aberastasunaren irrikak ito behar. Ez gara ondasunak edukitzeko eta pilatzeko bizi. Bizitza honetan, dirua eta ondasunak baino askoz garrantzitsuago diren balioak eta errealitateak badaude. Jainkoaz fidatzen denek, diruaren atzaparretatik libre izatea lortuko du.
  • Ez bizi kezkaturik, zer jango eta zer jantziko... Noski, gure bizitzari eta maite ditugunen ongiari dagokionez arduraz jokatu behar dugu, baina ito gabe. Egungo “estresaren” aurkako pasartea dugu gaurkoa. Naturaren oreka kontenplatzera gonbidatuz, Jesusek antzeko oreka berreskuratzera gonbidatzen gaitu. Jaunagan bere konfiantza jartzen duenak, bizitzan beste patxada eta lasaitasun batez biziko da.
  • Egun bakoitzak bere buruhausteak dituenez, biharkoaz ez gehiegi arduratu. Egunean, egunekoari lotuta bizi. Egunean, gaurkotasunean bizi. Horixe bakarrik baitugu seguru. Atzokoa iragana da, eta biharkoa aukera edo posibilitate soila. Egiaz bizi dezakegun bakarra gaurkoaren une bakoitza da. Gaurkoari bere zuku guztia atera, egiaz garrantzia duten alderdiak zainduz eta landuz: maitasuna, adiskidetasuna, natura, bizitzako gauza txiki eta xumeak, baita zuzentasuna, giza duintasuna... ere. Honetan datza Jainkoaren Erreinuaz arduratzeko Jesusek egiten digun deia: gure bizitza, lan eta nekeak, ardurak eta kezkak, benetako lehentasuna dutenen eta Erreinuaren zerbitzura jartzea.

 

Jainkoaren Herriaren otoitza

 

     Dei egiogun, senide maiteok, Jainko Aita ahalguztidunari eta eska diezaiogun datorrela bere herriari laguntzera:

 

  • Eska diezaiogun Jaunari, biziaraz dezala bere Eliza eta santu egin, gizakien ongarri eta Jainkoaren aintzagarri izan dadin.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari munduan agintea dutenen alde, beraien ardura behartsuenen onerako eta guztion ongizaterako bete dezaten.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari bidean direnen alde, etxetik urruti edota arriskuan bizi direnen alde, Jainkoaren babesa senti dezaten.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari hemen bilduak gaudenon alde, gure hutsak barka ditzan, bere argia eman diezagun eta bere Semearen aitormen egiteko sendo gaitzan.

 

     Aita guztiz Santua, zure sorkari guztiak begi onez begiratu eta maitasunez zaintzen dituzu; entzun gure otoitzak eta zaindu gaitzazu zure Espirituaren indarrez, etorkizunarekin urduritu ez baizik eta uste onez bila ditzagun zure erreinua eta bere zuzentasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Diru-bilketa egiterakoan

 

     Gaurko diru-bilketa, Elizbarrutiko Apostolutza-beharretarako izango da. Gogoratu, Ebanjelioa zabaltzeak bitartekoak behar dituela, eta guztion artean eutsi behar diegula behar horiei.

 

Jaunartze-ondorengo otoitza

 

Zure dohain salbagarriak harturik, Jauna,

apalik eskatzen dizugu:

orain janaritzat ematen diguzun sakramentu honek

betiko bizia iritsi diezagula.

Jesu kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Ohartarazi

 

     Datorren asteazkenean, Hausterre egunarekin, Garizumari hasiera emango diogu.