inicio

 es |  eus

ASUNCIÓN DE LA VIRGEN MARÍA

Bookmark and Share

 

Agurra

     Andre Maria, Bere Ama, zerura jaso duen Kristoren bakea eta maitasuna izan bitez zuekin.

Sarrerako oharpena

     Ama Mariaren zerura jasotzea ospatzen dugu Abuztuaren erdi honetan. Denontzat hitz eman zuena, Amarengan bete du Kristo Jaunak eta horrek gure itxaropena sendotzen du, gure fedea indartzen. Ospa dezagun bihotzez festaburu eder hau.

Damu otoitza

     Isilune bat egin dezagun, eta sar gaitezen geure baitan, Aitaren errukia gozatzeko.

  • Jesus Jauna, zeure Ama zure ondora eraman nahi izan duzuna. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, zure den guztia guretzat eman diguzuna. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, Aitaren eskuinaldetik Ama Mariaren aintza erakusten diguzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

     Jainko ahalguztidun betierekoa,

     zeruko ospera eraman zenuen, gorputz eta arima,

     Maria Birjina sortzez garbia, zure Semearen Ama;

     iguzu goiko ondasunak bila ditzagula beti,

     harekin batean zeruko ospea iritsi dezagun.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoaren Hitzak gizakion bokazioa, egitekoa argitzen du. Andre Mariak bete-betean bereganatu zuen Jainkoaren Hitza, entzule leial izanez, Jaunaren nahia betez eta gauza guztietan bihotz garbiko izanez. Geu ere, Hitzaren entzule apal egin gaitezen, Jainkoaren nahia betetzen ikasteko.

Irakurgaiak: Ap 11, 19a; 12, 1.3-6a. 10ab; 1Ko 15, 20-27a; Lk 1, 39-56

Homiliarako argibideak

Berri Onaren kutxa

     Gogoratuko duzue historia: Israeldarrek basamortuan zebiltzala Jaunaren legeko aginduak kutxa batean, oihalez egindako etxetxo batean ibiltzen zituzten batetik bestera, Jainkoa beraiekin zegoela adierazteko eta iristen ziren tokian Jainkoa ere han zegoela adierazteko.

     Itun zaharreko kutxa haren antzera, Maria haurduna Berri Onaren kutxa bezala, Isabelengana iristen da. Jainkoa bere erraietan, baino oraindik gehiago, bere bihotzean zeraman emakumea, bere Jainkoaren bisita itxaro duen beste emakume fededunarengana joaten da. Fedearen esperientzia eta ibilbidea egin duen Maria, itxaropenaren eta promesa bete izanaren bizipena izan duen lehengusuaren atarian gertatzen da: haurduna haurdunari lagun egitera, zoriontsua zorionekoa zoriontzera.

     Ama denak badaki barnean bizia sortu eta eramatea zer den. Ama batek daki, seme/alabaren ametsak, borrokak eta lorpenak –ulertu edo ez– bere egiten, defendatzen eta ospatzen. Ama denak badaki pobretasunaren erdian, zailtasunaren erdian... bere amatasunaz pozten, eskerrak ematen. Baina hau guztia daki, ez ama delako bakarrik, bere emakume izatea edo pertsona izatea zaintzen duelako, lantzen duelako baizik.

     Maria ez da zorionekoa Jesusen Ama izateagatik bakarrik. Maria zorionekoa da Jainkoaren asmoa betez bere bizitza osatua ikusten duelako. Eta Jainkoa goratzen du aukeratu duelako, bere txikitasunean salbamena agertu diolako. Gehiago oraindik, kapaz da sinesten, bizitzen eta ospatzen duen Jainkoaren maitasun amaigabe hori hots egiteko, oihukatzeko. Berri Onaren kutxa bailitzan hiru eguneko bidea egiteko.

     Mariaren amatasuna gauza handia da zalantzarik gabe. Jainkoak aukeratua izatea are handiagoa. Baina Maria handi egiten duena bere fedea da. Guk ere gauza handiak egin gabe, mundu osoa aldatu gabe, fededun leial bagara (gure huts egite eta guzti) eta bizi dugun fedearen poza inguruan kontagiatzen badugu, Jainkoak bedeinkatuak, aukeratuak izango gara hemen eta bere bizitza gozatzera zeruratuak noizbait.

     Gaur, Andre Mariak bere Semeak eskaintzen digun bizitza betiko gozatzen duela ospatzen dugun egun honetan, ez dezagun ahaztu Mariaren gizatasun ederra.

     Kandelen keak eta erretauletako urreak ez diezagutela ahaztarazi Andre Mariaren jatorrizko apaltasuna, bere fedean, konfiantzan eta Jainkoari emandako baiezkoan adierazten dena.

     Berak aldarrikatu zuen Jainkoak txikia goratzen duela, apala handiesten, guk gizakiok ahaztua babesten. Mariaren Jainkoa gertukoa da, adiskidea, defendatzailea, gizakiaren bideko laguna.

     Maria zerura jaso eta koroatua izan zela ospatzean oroitu ditzagun gure munduko hainbeste emakume ahaztu eta baztertu... edukitzeari eta itxurari gehiegi begiratzen dion gizartearen erdian asma dezagun emakume askorengan barnean duten dohaina, Jainkoa bera, aurkitzen.

     Eska diezaiogun Jainkoari, Andre Mariaren bidez babes gaitzala, itxaropenez bizitzen ikas dezagun, elkarrekin Jainkoak nahi duen erako mundua eratzeko.

     Esan diezaiogun Mariari maisu zaharraren bertsoarekin:

       Berri Onaren kutxa / zaitugu batetik,

       herriaren arnasa / garbia bestetik.

       Zure inguru bero / ta oroipenetik,

       argia ta indarra / datorkigu beti,

       fedea bizitzeko / herri-bihotzetik.

Jainkoaren herriaren otoitza

Senideok, zuzen diezazkiogun Jaunari gure otoitzak, Andre Maria zeruratu zuela ospatzen dugun egun honetan:

  • Elizaren seme-alaba guztiek, Jainkoaren Amarekin bat eginik, Jaunaren handitasuna goretsi eta harengan poztu daitezen.
  • Jaunaren errukia bere fededunengana iritsi dadin eta gizaldi guztiak poztu daitezen, Jaunak Mariarengan gauza handiak egin dituelako.
  • Jaunak, bere besoaren indarrez gora jaso ditzan ezerezak, ondasunez bete ditzan gose direnak eta lagun biezaio bere herriari gure arbasoei hitz eman bezala.
  • Bere Ama Erregina koroatu duen Kristo Jaunak, guri ere eman diezagun egun batean, munduaren hasieratik prestaturik duen erreinua.

Jainko Jauna, Zure Semearen Ama egin zenuen Andre Maria; entzun gure otoitzak eta egizu, haren laguntzaz, parte izan dezagula egun batean betiereko zorionean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Amaren pazkoa, Jesusen pazkoaren argitan bakarrik uler daiteke. Nola ba bestela! Jesusen maitasun eta eskaintzan aurkitzen dugu, ordea, amaren jarraibidea eta eredua ere: «bere gain hartu du bere morroia, errukia gogora zaiola!».

Jaunartze ondorengo otoitza

     Sakramentu salbagarria hartu dugu, Jauna;

     iguzu, Andre Maria zeruetara jasoaren otoitzez,

     piztueraren aintzara iritsi gaitezela.

     Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.