inicio

 es |  eus

DOMINGO 17 DEL T.O.

Bookmark and Share

 

Agurra

 

       Fedearen dohaina eman digun Jainkoaren maitasuna eta bakea izan bitez zuekin.

 

Sarrerako oharpena

 

       Eukaristiak bildu gaitu batasunaren eta elkarbanatzearen mahaian.

       Fedearen dohaina elkarbanatzen dugu kristauok Eukaristia ospatzean. Fedea, berritasuna da, aske egiten gaituena, gure lasaitasunetik ekintzara eta bizipenera eramaten gaituena.

       Egin dezagun ibilaldia, ohituratik berritasunera garamatzana, esamesatik eta hitz txarretik bedeinkapenera eta lankidetzara garamatzana.

 

Damu otoitza

 

       Fedea dohaina da, berritasuna, bihotz zabaltasuna. Eta gu itxita bizi gara askotan. Zabal diezaiogun bihotza Aitaren errukiari, eta aitor dezagun bera bakarrik dela gure kristau bidean laguntzen gaituena.

 

  • Jesus Jauna, Aitarekin bat eginda bizi zarena: Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, otoitz egiten erakusten diguzuna: Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, maitasunaren bidea agertzen diguzuna: Erruki, Jauna.

 

       Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

 

Otoitza

 

       Jainko Jauna, Zugan uste on dutenen zaintzailea,

       Zu gabe ez da ezer sendorik, ez ezer santurik;

       erakuts iezaguzu zeure erruki ugaria;

       Zu gidari eta erakusle zaitugula,

       lurreko ondasunak erabil ditzagun

       zerukoak iristeko eran.

       Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

       Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

       Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

Hitzaren liturgiari oharpena

     Erregeen liburutik irakurriko dugun Jainkoaren hitzak Jainkoaren laguntza eta babesa agertzen ditu. Bihotz zabalak eta senideekin errukiorrak izanez gure aldetik ahalegina egiten badugu, beteko gaitu Aita onak bere bedeinkapenaz: horra egiazko altxorra, Ebanjelioak aurkezten digun dohain baliotsua.

Irakurgaiak: 1 Erg 3, 5. 7-12; Erm 8, 28-30; Mt 13, 44-52

Homiliarako argibideak

 

       Zer inporta zaigu benetan? Zerk kezkatzen gaitu? Zer daukagu bizitzan baloretzat hartua, eta zer zabortzat utzia edo baliogabetzat ahaztua? Batzuek orintxe amaituko dituzte oporrak eta beste batzuek oraintxe hasiko. Oporrak beharrezkoak ditugu, baina nondik eta zertan espero dugu atsedena, zertan eta nondik zoriona? Entzun dugun Jainkoaren Hitzaren aurrean, gure bizitzari begiratu behar diogu, eta jatortasunez galdetu, egiaz balio dutenekin gabiltzan, ala balio ez duten gauza askoren morrontzan kateatuak gauden!

 

       Egiazko jakiturian bizitzeko deia egiten zaigu gaur, zentzudunak izateko deia. Zer esan nahi du horrek? Salomonek eska ziezaiokeen Jainkoari hainbeste gauza: ondasunak, etsaien galera, bizitza eta erosotasun luzea... Baina jakituria eskatu du: bere gain daukan herria zuzen gidatzeko argia, leial jokatzeko borondatea, ongia et agaizkia bereizten jakiteko bihotz zintzoa (ik 1. irak). Aukera ona: balore ezkutuak aukeratu ditu, bihotzekoak, eta ez bistakoak, ez balore txalotuak, ez azalekoak. Bizitza balore nagusi horien inguruan gozatzen da, ez azaleko erosotasunean. Zeren eskean gabiltza? Zeren bila? Egiazko gizatasuna lantzen al dugu, ala gehienen arrastoan sartuta gabiltza, ikusten eta txalotzen direnen bila? Geure burua jakintsu sentitzen al dugu?

 

       Jakituriak, egiaz eta sakonean “bizitzen” jakiteak, ezkutuko baloreak bilatzera garamatza, ez azalekoak. Altxo goredearen parabola da: ustekabean aurkitu duzu, ez baita ahaleginez lortzen den zerbait. Eta daukazu guztia saltzen duzu, altxo horren jabe egiteko. Aurkitu duzunaren egiazko balioa zenbatekoa den badakizu. Edo perla artean zabiltzala, bat ikusten duzu aparteko balioa duena. Eta perla horren jabe izateko, beste guztia saltzen duzu. Eta egiaz  balio duena erosten duzu (ik. ebanj.). Jokaera bidezkoa, ez da? Perla bakar horrek, bakarra izanda ere, beste gauza guztiek baino gehiago balio dizu. Eta dena uztea, negozio ona da.

 

       Erreinuko baloreak dira egiaz balio dutenak. Ebanjelioak begibistan jarri dizkigun baloreak. Maitasuna, barkazioa, solidaritza, pobreekiko hurbiltasuna, bizia ematea... Horiek dira Jesusek eta Ebanjelioak “egiazko altxor” aurkezten dizkigunak, horiek bilatzea da jokaera jakintsu eta burutsua. Gure gizarteak bestelakoak estimatzera eragiten digu: dirua, goian egotea, atsegina, ingurukoen txaloa. Gauza erakargarriak dira horiek denak, baina ez diote bihotzaren sakoneko egarriari erantzun baliozkorik ematen. Une bateko argi-distira badute, baina ez dakite zoriona sortzen. Hala ere, hauek denak hitzez esateak ez du asko balio; bakoitzak bere bizitzaren jarrerak aztertzeak balio du. Zer bilatzen duzu bizitzan? Zertan jartzen duzu zure zorion-iturria?

 

       Oraintxe bertan, oporretan zer aurkitzeko ametsa daramazu? Zer landu nahi duzu: gorputza, ondo pasatzea, erosotasuna, axolagabekeria? Ez al dira balore askoz hobeak adiskidetasuna, famili bizitza, elkartasuna, izadiaren gozamena? Dena ona dela esan ohi dugu, eta egia da. Baina, zertan jartzen dugu gure ilusioa? Kontua ez da askotan gauza bat edo bestea egitea, kontua bihotzeko joerak dira. Eta oporretan halako aukera ederra daukagu, urtean zeharreko presaz landu ez ditugun balore inportanteak bilatu eta garatzeko! Eta balore horiek lantzeak ez du esan nahi, oporretan gutxiago gozatzea. Gozatu, gehiago eta sakonago gozatzen da. Eta, batez ere, bizitzak beste betetasuna hartzen du! Alde ederra!

 

       Baina egiazko baloreen altxorra ez da ahaleginez eta ukabilak itsita lortzen. Ez da gure eginahalaren emaitza. Bakoitzak bere borondatea jarri behar du, egiazko baloreak landu behar ditu; baina, altxorra topatzea, ustekabeko eta merezi gabeko aurkikuntza da. Ez da lortzen den zerbait; eman egiten zaigu. Jainkoaren maiteentzako “dena onerako da” (ik. 2. irak). Jainkoak ematen digu goiko eta barruko baloreen poza. Ez dago gure esku. Eta horregatik, fededunak harridura eta esker ona bizi ditu, merezi gabeko dohainen artean bizi baita beti.

 

       Zure fedea, merezi gabeko dohain sentitzen al duzu? Konturatzen al zara zenbai dohain dauzkazun bizitzan, askotan ikusi ere egiten ez dituzunak: adiskideak, senideak, lana, izadia gozatzea, osasuna...? Zergatik ibili ohi gara ase-ezinik beste zerbaiten egarri urduritan eskura dauzkagun balore ederrez ohartu gabe? Has zaitez, daukazunaz jabetzen eta ikusiko duzu zenbat eskertu-behar aurkituko duzun!

 

       Eukaristia ospatzera goaz. Maitasunaren altxor betea eskura jartzen zaigu. Izan gaitezen jakintsu eta burutsuak. Eta esker onez edertu dezagun gure ospakizuna.

 

Jainkoaren herriaren otoitza

 

       Senideok, eska dezagun Espiritu Santuaren indarra, Berak lagun diezagun munduko beharren alde otoitz egiten:

 

  • Eska diezaiogun errukizko Jainkoari, Kristo ezagutzen hasi eta bataioko grazia hartu nahi dutenen alde, beraien haurrak bataiatzeko prestatzen direnen gurasoen alde.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari gure herriaren alde eta bertan bizi garen guztion alde, baita munduko herri eta nazio guztien alde ere, bakea eta bizimodu hobea izan ditzagun.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari mundu zabalean pertsegituak diren kristauen alde eta beraien pertsegitzaileen alde, izan dezatela begirunearen bihotz-berria.

 

  • Eska diezaiogun Jaunari hemen bilduak gaudenon alde eta otoitzean gogoan ditugun guztien alde, fedean gorde gaitzan eta bere Semearen erreinuan bildu.

 

       Jainko Jauna, Kristorengan agertu diguzu ezkutuan zegoen altxorra eta harri-bitxi preziatua; emaguzu Zure Espiritua, mundu honetan biziz Zure erreinuko aberastasun neurrigabeak maita ditzagun, eta prest egon gaitezen horiengatik dena uzteko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Jaunartze ondorengo otoitza

 

       Zeruko sakramentua hartu dugu, Jauna,

       zure Semearen nekaldiaren betiko origarri:

       Berak bere maitasun neurrigabean eman digun dohain hori

       izan dakigula salbamenerako.

       Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez..