inicio

 es |  eus

MINTZO ETA KANTU

Bookmark and Share
Subsidia litúrgica de la Diócesis de San Sebastián

Abenduko «Oi» Antifonekin otoitz egin

 

     Abendualdiko otoitz eta kantuak baditu zazpi altxor, Eguberri aurreko zazpi egunetan arratseko Bezperak otoitzean errezatzen direnak. Itxaro duen elkarteak, espero duen Mesias Salbatzaileari esandako zazpi otoitz preziatu dira, VII-VIII mendeetan idatziak. Badira horiek kantatu ahal izateko musikak ere bai “Orduen liturgiako doinuak” liburuan, baita Lazkako “Meza Abestiak” bilduman ere.

 

A URTEA * ABENDUALDIA 2016                                                 1

 

 
 

     Kristori emandako zazpi izen dira:

 

     Sapientia... Oi Jakinduria

     Adonai... Oi Jauna

     Radix Iesse... Oi Jeseren kimu berri

     Calvis David... Oi Daviden etxeko giltza

     Oriens... Oi Goiz-eguzki

     Rex gentium... Oi atzerrien Errege

     Emmanuel... Oi Emmanuel

 

     Zazpi izenen lehen hizkiekin behetik gora hitza osatuta (akrostiko eran irakurrita) grezierazko bi hitz hauek irakur ditzakegu: ERO CRAS, hau da, izango naiz edota bihar etorriko naiz, Jesusek berak Bere etorrera iragarriko baligu bezala.

 

     Goitik behera irakurriz gero SARC ORE hitzak, hau da haragia eta ahoa: Bere ahoz mintzo den Hitz haragi egina. Misterio ederra ospatzen dugu Eguberrian. Jainkoa gizon egina, guri mintzo zaigun Jainkoa.

 

     Gordea duten Bibliako erreferentzia zuzena oso aberatsa da. On egingo digu otoitzerako, aipatzen diren Bibliako zatiak irakurtzeak.

 

1. Antifona – abenduak 17

 

Oi Jakinduria, Goi-goikoaren ahotik aterea! (Sirak 24,3). Muga batetik besteraino indartsu zabalduz, dena bizkor eta gozo antolatzen duzu: (Jakinduria 8,1). Zatoz, eta erakuts iezaguzu salbamen bidea (Esaera Zaharrak 9,6).

 

2. Antifona – abenduak 18

 

Oi Adonai (Irteera 6,2), Israel etxeko Artzain! Zu agertu zintzaion Moisesi sasi arteko sugarretan (Irteera 3,2), eta Zuk eman zenion Legea Sinai mendian (Irteera 20): Zatoz, eta aska gaitzazu zure beso indartsuaz (Irteera 15,12-13).

 

3. Antifona – abenduak 19

 

Oi Jeseren zuhaitz ondoko kimu berri, herri guztien ezaugarritzat jarria! (Isaias 11,10). Zure aurrean isilik daude erregeak (Isaias 52,15), laguntza eske atzerriak: Zatoz, eta salba gaitzazu, ez luza (Habakuk 2,3).

 

4. Antifona – abenduak 20

 

Oi Daviden etxeko giltza (Isaias 22,22) eta Israelen errege-makila! (Hasiera 49,10). Zuk irekia ez du inork ixten, Zuk itxia ez du inork irekitzen: Zatoz, eta aska itzazu ilunpetan eta herio-itzalean giltzapetuta daudenak (107. salmoa, 10.14).

 

5. Antifona – abenduak 21

 

Oi Goiz-Eguzki (Zakarias 3,8; Jeremias 23,5), betiko argiaren distira (Jakinduria 7,26), zintzoen eguzkia! (Malakias 3,20). Zatoz, eta argi itzazu ilunpetan eta herio-itzalean bizi direnak (Isaias 9,1; Lukas 1,79).

 

6. Antifona – abenduak 22

 

Oi atzerrien Errege (Jeremias 10,7), herriek itxaro zutena! (Ageo 2,7). Bi herriak bat egin dituzun Elizaren giltzarria! (Efesoarrei 2,14). Zatoz, eta salba ezazu, lurreko hautsez egin zenuen gizakia (Hasiera 2,7).

 

7. Antifona – abenduak 23

 

Oi Enmanuel (Isaias 7,14), gure Errege eta legegile (Isaias 33,22), atzerrien itxaropide, herrien Salbatzaile! (Hasiera 49,10; Joan 4,42). Zatoz, eta salba gaitzazu, Jauna, gure Jainkoa (Isaias 37,20).

 

 

ABENDUKO KANDELAK PIZTEA

 

     Hurrengo orrialdean dator kantu bat Abenduko kandelak piztean kanta daitekeena. Lehenengo igandean, agurraren eta oharpenaren ondoren «0» zenbakiko estrofa kanta daiteke (“Abenduaren kandelak”), ondoren koroaren bedeinkapena egin, eta lehenengo kandela piztean «1» zenbakia daramana (“Abenduko lehen argian”). Beste igandeetan, kandela piztean dagokion estrofa kantatu.

 

 

     Hona, lehenengo igandean bedeinkapena egiteko otoitza:

 

Astero Abenduko kandelak pizteak Eguberriaren argia jasotzeko prestatzen ari garela adieraziko dugu. Horregatik, gaur, bedeinkapen otoitza egitera goaz lehen argia pizterako.

 

 

(Apaizak edota diakonoak besoak zabalik egiten dute otoitza, Hitzaren ospakizunean laikoak egin dezake otoitza, besoak zabaldu gabe).

 

Egin dezagun otoitz.

 

Jauna, egun hauetan lurra alaitzen da eta Eliza pozez betetzen,

ilunpetan, ezjakinean, atsekabean

eta bekatuan dauden gizakiengana baitator,

argi amaigabea den zure Semea.

Jesusen datorrela jakiteak sortu dion itxaroepenez

koroa hau (enbor hau) prestatu du zure herriak

eta kandelaz apaindu.

Zure Semearen etorrerarako prestaera garaia hastean,

eskatzen dizugu, Jauna,

koroa honen distira argi berriz areagotuz doan bezala,

gu ere argi gaitzazula munduaren argia den

eta ilunpe guztiak argitzen dituen Jesusen argiarekin

Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

 

Kantua: «ABENDUAREN KANDELAK»

 

Doinua: Etxahun Iruri / Hitzak: Unai Manterola

1.   Abenduko lehen argian / Itun Zaharra da giltza,

      antzinatik iragartzen du / Salbamenaren Hitza.

      Profeta zaharren itxaropenez / barne-pozez gabiltza,

      zori pozgarria dakigun / Erreinuko bizitza.

 

2.   Argi honek indarra du / sugarraren oihartzun,

      Bataiatzailea mintzo da: / “Datorrenari entzun”.

      Salbatzailea gertatzen zaigu / promesaren erantzun,

      bide prestatzea lokarri / ta bakea eraztun.

 

3.   Hiru kandelek digute / barne-gogoa poztu,

      Andre Mariak erraietan / Jesu Kristo du sortu.

      Ihintza bezala, gozotasunez, / Jainkoa zaigu lotu,

      gure barnean salbamena / badaiteke ehotu.

 

4.   Laugarrengo su-argia / bizigarri ez al da?,

      igo dugu dagoeneko / Abenduaren malda.

      Maitasun eta itxaropenez / munduaren eztanda...

      Dena berri gerta daiteke / garen oro emanda.

 [Abenduaren 16ra arte 1. eta 3. prefazioak dira egokiak]

 

Abendualdiko III. Prefazioa (Jesu Kristo, historiaren Jaun eta Epaile)

 

Egoki da, bai, Zuri eskerrak ematea,

egoki eta zuzen

bedeinkapen- eta gorapen-kantuz Zu gorestea,

diren guztien egile eta helburu zaren

Aita ahalguztidun betiereko horri.

 

Zuk ezkutuan utzi diguzu,

zure Seme Jesu Kristo,

aintzaz eta ahalmenez jantzirik

eta gure historiaren Jaun eta Epaile eginik,

zeruetako hodeietan

agertuko den eguna eta ordua.

 

Egun beldurgarri baina aintzatsu hartan,

mundu honen irudia galdu egingo da

eta zeru-lur berriak jaioko dira.

 

Orduan ospez beterik azalduko zaigun Jauna bera

dator orain gure bidera

gizaki bakoitzagan eta gertaera bakoitzean,

guk sinesmenez onar dezagun

eta, maitasunez, haren erreinuaren zain bizi gaitezen.

 

Horregatik, haren azken etorrera itxaroten dugula,

aingeru eta santuekin batean,

zure aintzaren gorazarrea [esaten] abesten dugu:

 

 

[Abenduaren 17tik aurrera 2. eta 4. prefazioak dira egokiak]

 

Abendualdiko IV. Prefazioa (Andre Maria, Eva berria)

 

Egoki da, bai, Zuri eskerrak ematea,

Jauna, Aita guztiz santu,

Jainko ahalguztidun betiereko horri.

 

Gora Zu, bedeinkatua Zu eta gorespen Zuri,

Ama Birjinaren misterioagatik.

Izan ere, antzinako etsaiagandik

hondamena etorri zitzaigun bezala,

Siongo alabaren sabel garbian

aingeruen ogiaz janaritzen gaituena sortu da,

eta salbamena eta bakea jaio dira gizadi osoarentzat.

 

Evak galdu zigun grazia

Mariaren eskutik itzulia digu Jainkoak.

Maria dugu gizon-emakume guztien ama.

Harengan amatasuna,

bekatutik eta heriotzatik askatua,

bizi berriaren dohainera zabaltzen da.

 

Horrela, lehenago bekatua nagusitu zen lekuan,

orain gainezka dugu zure errukia,

Jesu Kristo gure Salbatzaileagan.

 

Horregatik, guk,

Kristo berriz noiz etorriko zain gauden bitartean,

aingeru eta santuekin batean,

zure aintzaren gorazarrea [esaten] abesten dugu: