inicio

 es |  eus

DOMINGO 20 DEL T.O.

Bookmark and Share

Agurra

     Hartzazue Jaunaren maitasunezko agurra. Haren bakea izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Igandeko batzarrak argi adierazi behar du harrera oneko Eliza garela, inongo arrazoirengatik inor baztertzen ez duena, gu ere, garen bezalakoak izanik Jainkoak beti onartzen gaituela ahaztu gabe.

     Ekin diezaiogun Mezari bihotz zabalez.

Damu otoitza

     Has dezagun ospakizuna, Jaunaren aurrera hurbiltzeko prestatuz.

  • Jesus Jauna, herri guztien salbatzaile zarena. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, barkamenaren testigu leiala. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, guztion batasuna nahi duzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

     Ondasun miragarriak dituzu, Jauna, maite zaituztenentzat;

     piztu gure bihotzetan zure maitasunaren garra,

     Zu gauza guztietan eta gauza guztien gainetik maite izanez,

     iritsi ditzagun guk asma-ala baino handiagoak diren

     Zuk agindutako ondasunak.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Salbamena ez da Israeldarrentzat bakarrik. Gogo oneko gizon-emakume guztiei agertzen die Jainkoak bere aurpegi maitekorra. Jesusekin topo egiteak horixe agertzen digu modu ederrean.

 

Irakurgaiak: Is 56, 1. 6-7; Erm 11, 13-15. 29-32; Mt 15, 21-28

Homiliarako argibideak

Emakume, handia da zure fedea

     Gure herrietan, elizara etortzen den jendeari begiratu besterik ez dago pentsatzeko, erlijioa emakumeek kontu handiago zaintzen duten zerbait dela beraien bizitzan. Behar bada, sentiberago dira errealitate espiritualekiko… auskalo! Antzinako kulturetan, berriz, erlijioa, bai publikoki bizi zena baita familia-girokoa ere, aitaren ardura zen familiaren baitan. Ebanjelioak, ordea, emakumeak kristau bizitzan gero eta protagonismo handiagoa hartuz aurkezten dizkigu, fedearen egiazko eredu aurkezten dituelarik. Ez Andre Maria bakarrik, baita emakume atzerritarra ere eredu aurkezen zaigu, giza indarrak ahultzen direnean Jainkoaz erabat fidatzen den pertsona bezala agertzen baitzaigu, gaur ikusi dugun bezala.

     Gau ere etorkinek, gizon nahiz emakumek, fede testigantza bizia ematen digute askotan. Beraietako asko eta asko gaitzik txarrenak, pobretasunarenak, harrapatu ditu eta askotan nagusien mahaiko apurrekin bizi behar izaten dute, ebanjelioan ikusi dugun moduan. Bai jatorriko lurraldean, baita etorkin diren lurraldean ere, beste batzuk agintzen diete, ez dute lan baldintza duinik aurkitu, baztertuta sentitzen dira... eta Jainkoagandik mirari bat itxarotea beste esperantzarik ez dute.

     Elizak, hasieratik hautsi zituen juduen molde estuak, herri eta kultura guztien bidera ateratzeko, hau da, egiaz katolikoa, unibertsala, izateko. Kultura desberdinetan txertatzen asmatu izan du Elizak, Jainkoaren seme-alaben elkarte handia osatzen duela ahaztarazten duten itxikerietan mugatu gabe. San Joan Krisostomok esana da: “Erromako kristauak badaki, Indiako kristaua senide duela”. Profetek ere sumatu zuten hori: Jainkoa ezin zitekeen herri bakarraren jabego izan; atzerritarrek ere badute eskubide Jaunaren zerbitzari izateko (Is 56, 1, 6-7).

     Nagusien eta “zakurren” mundua utzi eta ogi bera jango duten mahaikide izatea da kontua. Hori da Eukaristian gaurkotzen dugun kristau izaera jatorra. Denok mahai berean, ogi beretik eta ardo beretik hartuz. Arazoa da, ordea, Elizatik atera eta berriro ere hemen sartzean ahaztuta utzi genituen mugak eta bazterketak nagusitzen direla. Ez dugula hemengo mahaikide izatea bizitzara behar bezala luzatzen.

     Krisialdi ekonomikoaren garaian, gainera, etorkina baztertzeko arriskua handiagoa da. Gutxiago dugunean, iruditzen zaigu etorkinek lana eta ongizatea kentzen digutela. Ahaztu egiten zaigu beraien lanari eta ahaleginari esker ere izan dugula aurreko urteetan izan genuen ongizatea eta ugaritasuna. Gure eskuzabaltasuna une zailetan agertu behar dugu, krisiaren eraginak talderik ahulenetan indar handiagoa izan ez dezan. Eukaristiaren ospakizunak eman diezazkigula errai errukitsuagoak, bizitzaren otordutik inor ez batzertzen egiaz ikas dezagun.

Jainkoaren herriaren otoitza

Senideok: aurkez diezazkiogun gure otoitzak Jaunari, eta eska diezaiogun entzun ditzala gure bihotzeko erreguak:

  • Eska dezagun gaixorik daudelako edota senideen zerbitzura daudelako igandea ospatzera etorri ezin dutenentzat; ospakizun honetan parte hartzerik ez badute ere, Jaunaren poza falta ez dezaten.
  • Eska dezagun behartsuenen zerbitzura bizitza eskaintzen dutenentzat; senideekin partekatzen dutena barne-poz eta alaitasun bihur dadin beraiengan.
  • Eska dezagun bidean edota etxetik urrun direnentzat; Jainkoak babes ditzan eta barne-bizitza zaintzeaz ahaztu ez daitezen.
  • Eska dezagun guretzat; fedean aurrera egin dezagun eta on egiteko gogoa gero eta handiagoa izan dadin gugan.

Jainko Jauna, bihozbera eta apala den Zure Semearen bidez agertu diguzu gizakiak salbatzeko duzun asmoa; entzun gure otoitzak eta ugari itzazu gugan Kristoren sentipen berak, gure hitzez eta egintzaz Zure maitasun leialaren testigantza eman dezagun beti. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Hitza entzun eta gure fedea aitortu ondoren, mahaira gatoz. Mahai zabala da hau, inori ixten ez zaiona: berdin behar du gure bihotzak ere, irekia, eskuzabala, onartzailea, Jesusena bezala.

Jaunartze ondorengo otoitza

     Jainko Jauna, sakramentu honetan Kristorekin bat eginik,

     zure errukiari apalik deika gaude:

     lur honetan Kristoren antzeko izanik,

     zeruetan Haren lagun izatea iritsi dezagula

     Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.