inicio

 es |  eus

TODOS LOS SANTOS

Bookmark and Share

 

Agurra

     Jainkoaren hitza entzun eta gure sinesmena ospatzeko Jainkoaren izenean bildurik dagoen kristau-batzar honetan, Jauna izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Eukaristia beti da elkarrengana maitasunez biltzeko dei bat. Antzeko deia dugu Ebanjeliokoa ere, elkar maitasunean eta elkarren laguntzat bizitzeko deia.

     Mundu gizakoiago eta “zentzudunago” bat behar dugu, eta Jainkoaren Hitzak eta Eukaristiako ogiak ematen dizkigu horretarako argia eta indarra.

Damu otoitza

     Jesu Kristo, bekaturik ez duen bitartekoa, otoitzean ari da gure alde eta adiskidetu egiten gaitu Aitarekin. Ireki dezagun, bada, geure espiritua damurako, Jaunaren mahaira hurbiltzeko gai izan gaitezen.

  • Jesus Jauna, gure bakea zarena: erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, guretzat ogi egin zinena: Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, bizia ematen diguzuna: erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

     Jainko ahalguztidun betierekoa,

     handitu gugan sinesmena, itxaropena eta maitasuna;

     eta zure agintzariak iristeko,

     egizu, maita ditzagula zure aginduak.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Jainkoaren borondatea, etorkina, alarguna eta umezurtza laguntzea zen Itun Zaharrean ikusiko dugunez. Gaur baditugu behartsu eta ezindu berriak ere. Maitasunez onartzea eta zaintzea dagokigu.

Irakurgaiak: Ir (Ex) 22, 21-27; 1 Tes 1, 5c-10; Mt 22, 34-40

Homiliarako argibideak

Maitasuna ez da maitatua

San Frantziskoren biografo batek kontatzen du pasadizoa: behin batean, Asisko gizona basoan barrena omen zihoan garrasi batean, «maitasuna ez da maitatua» oihukatuz. Nonbait berak garbi ikusten zuen Jainkoak emandakoaren eta gizakion erantzunaren arteko etena. Gizakiok ez diogu sekula egoki erantzungo Jainkoaren maitasunari. Egia da, desegokitasun hori estaltzeko bide asko erabili izan dugula eta erabiltzen dugula, baina maitasunaren aurrean nekez estali daiteke esker txarraren erantzuna.

Maitasun hitza hitzetik hortzera erabiltzen dugu, gaur inoiz baino gehiago. Eta gizartean egiten den erabilera alde batera utzita, geure kristau-esparruan egiten duguna aztertu beharko genuke. Garai bateko jarrera batzuk gainditu ditugu, ustez. Moralkeria hura, legekeria hura! Gaur badakigu kristau-izatea maitasunaren sintonian jokatzen dela. Jainkoaren irudia bera, gaur garbi daukagu ez dugula arauen galbahetik zehaztu behar, maitasunaren ikuspegitik baino. Eta jarrera hauen kontra ez dago ezer esaterik; barruan zer gordetzen duten eta zer erakusten duten da aztertu beharrekoa.

«Maita ezazu» entzuten dugu gaur behin eta berriz. Kontua ez da analisi sakon eta luzeetan sakabanatzea. Maitatzeko onena maitatzen hastea da. Bi eratara gerta daiteke maitasunaren miraria. Bihotza janaritzetik sor daiteke maitasuna, barrua garatuz heldutasun gizatiar eta espiritual baten bidetik. Orduan maitasuna barne-bizitza egiten zaizu, bizitzaren iturburu. Eta onginahizko, bihotz handiko, entregazko sentimendua sortzen zaizu barru horretatik. Edo sentimendua izatera iristen ez bada ere, bestearekiko irekitasunera eramaten zaitu, barkatzera…

Maitasunaren mirariak badu bigarren bide bat ere: maitasuna praktikatzen hastea da, zeure esparrutik ateraz. Besteentzako prest bizitzen hasi, gizarte-ekintzetan parte hartu, pertsonarteko harremanetan arduratsu izan… Hori ere normalean bihotzetik sortzen da. Egia da, batzuetan betebehar hutsa dela ematen duela. Betebeharra ematen duenean ere, lagun hurkoaren aurpegi zehatzei begiratzen jakin behar du, pertsona konkretuei begiratzen, orokorkerietan geratu gabe. Sufritzen duten aurpegietatik sortzen den etikaz ari gara. Jarrera hori beti barrukoa eta sakona izaten da.

Azken batean, geuretik ateratzea da kontua, ahaztu behar ez dugun zehaztasuna. Garbi utz dezagun, hala ere, beti ez dela sakrifizioa eta autonegazioa. Iturriaren gorabeheran ari gara: Ni norena naiz? Nire bizitza norena da, neurea ala Bestearena? Hori da kristau-maitasunaren iturburua. Eta hor urtzen dira gure bereizkeria eta etenak; hor batzen da da maitasuna, Jainkoarekikoa eta lagun hurkoarekikoa. Maitasuna bakarra baita. Eta maitasun bakarraren iturritik edatea da dagokiguna.

Nola berritu maitasunaren iturriak, nola edan maitasunaren iturritik? Zeintzuk dira niretzat zehazki maitasunaren iturriak? Otoitza izan daiteke. Bikote barruko maitasuna izan daiteke. Inguruan eguneroko zeregin txikietan maitasuna era xume eta garbian bizi duen jendea izan daiteke. Inguruan dauzkadan pobreak izan daitezke. Seme-alabak izan daitezke. Kristau-elkartea izan daiteke. Bistakoa da prozesu sakon bat dagoela azpian.

Igande honetako testuak aditzean, gerta daiteke sentsazio desberdinak izatea. Bati akaso betebeharra etorriko zaio gogora. Beste batek akaso, betebeharra gainditu zuela eta, ez du bere maitasun-bizitzarako iturria ikusiko. Beste batek, beharbada, maitasuna ez duela maite sentituko du, hutsune handia alegia. Beste batek esker txarra. Nolanahi ere, denok egin beharko genuke, gaurko hitza Jainkoaren maitasunetik entzuteko ahalegina. Aita batek bezala argitzen dizkigu gure bideak: «Maita ezazu». Betebeharra den maitasunetik bizi-iturri den maitasunera pasa behar dugu, farisearraren parean ez gelditzeko. «Maitasuna ez da maitatua».

Jainkoaren herriaren otoitza

Jaunari egindako otoitzak Berak bihotz onez entzuten dituela jakinik, egigun otoitz apaltasunez:

  • Jaunak indarra eta argitasuna eman diezaien Jose Ignazio gure gotzainari eta Elizako artzain guztiei.
  • Neurrigabeko ezberdintasunak gainditurik, herrietako arduradunak denon ongizatearen alde saia daitezen.
  • Sufritzen duten guztiek kristau-elkartearen bidez presente egiten den Jaunaren indarra eta laguntza izan dezaten.
  • Hemen bildu garenok eta gure etxeko eta adiskide guztiok, itxaropenez eta elkarri on eginez bizi gaitezen.

Zailtasunean babes zaitugun Jauna, entzun gure otoitzak eta egizu, Zure Espirituaz beterik utz dezagula Zugandik urruntzen gaituen guztia eta itzul gaitezela Zu eta lagun hurkoa egiaz maitatzera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Jaunartze ondorengo otoitza

     Zure sakramentuok, Jauna,

     egin dezatela gugan beroiek adierazten dutena,

     orain irudipean egiten duguna

     gero egiaz eta osorik har dezagun.

     Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.