inicio

 es |  eus

DOMINGO 21 DEL T.O.

Bookmark and Share

Agurra

     Salbatzaile eta Maisu dugun Jesusen bakea izan bedi zuekin.

Sarrerako oharpena

     Fede bera aitortzen dugunok, mahai berean elkartu gara, Kristo gure Jauna aitortuz eta ospatuz; apostoluen oinarri gainean eraikitako Eliza gara, testigu izatera bidalia den Eliza. Senti dezagun elkartasunaren poza.

Damu otoitza

     Has dezagun ospakizuna, Jaunaren aurrera hurbiltzeko prestatuz.

  • Jesus Jauna, Aitarenganako bide zaituguna. Erruki, Jauna.
  • Jesus Jauna, gure bizitzaren argi zarena. Kristo, erruki.
  • Jesus Jauna, mundua sustraitik berritzen duzuna. Erruki, Jauna.

     Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.

Otoitza

     Jauna, zure fededunen bihotzak

     gogo bateko egiten dituzu;

     egizu, zure herriak maita dezala Zuk agindua

     eta itxaron Zuk hitz emana;

     mundu aldakor honetan dauden bitartean

     gure bihotzek sendo iraun dezaten

     egiazko zoriona dagoen lekuan.

     Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

     Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

     Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Hitzaren liturgiari oharpena

     Isaiasen hitzak irakaspen argia ematen digute: edozeinek edozer arduragatik duen boterea zerbitzu bihurtzen ikasi behar du, horrela bakarrik izan daiteke Jainkoaren adiskide munduaren aurrean. Gure jarrerek agertzen digute, Jesus guretzat nor den.

Irakurgaiak: Is 22, 19-23; Erm 11, 33-36; Mt 16, 13-20

Homiliarako argibideak

Zu Kristo zara, Jainko biziaren Semea

     Oraindik ere zineari erreparatzen badiogu, Jesusen pertsonak nolabaiteko interesa pizten du gure garaikideen artean. Hala ere anekdota hutsa dirudi askotan eta pertsonaia historiko bat gehiago da Jesus askorentzat, pertsonaia famatu bat, Jesusen garaiko zenbaitentzat izan zen moduan. Jeremias edo profetaren baten edota Joan Bataiatzailearen beraren errenkarnazio moduan ikusten zuten. Jesusek, ordea, estutu egiten ditu bere ikasleak erantzun pertsonala eman dezaten eta ez historian edo katekesian ikasitako erantzun errepikatu bat.

     Pedro izan zen ausartu, eta Jesus Jainko biziaren Semearen misterioa aitortu zuena. Pedroren erantzuna ez zen izan liburukoa, zeruko Aitaren eraginez bihotzean landua baizik. Hala ere, ebanjelioan ikus daiteke Pedrok ere asko zuela oraindik ikasteko, Jesusek herria Erromatarretatik askatzeko eginkizuna zuela uste baitzuen hasiera batean, bere garaikide askok bezala (Mt 16,13-20). Benedikto XVI.ak esan bezala eta Frantzisko Aita Santuak ere errepikatu duen moduan, inor ez da kristau izatera iristen kristau-ikasbidea irakurrita bakarrik... Kristorekin topo egin duelako baizik. Esperientzia hori izan duena Jesusek liluratuta geratu da, Jesusek bezala bizi nahi du eta Jesusek bezala bizitza eskaintzeko prest dago.

     Fededunok beharrezkoa dugu Eliza bezala elkartzen gaituen fedea elkarrekin aitortzea. Garrantzitsuena ez dira hitz zehatzak, hitz horiek adierazten diguten errealitatea baizik. Pedroren fede aitormenak Jesus Mesias moduan, Jainkoaren Seme moduan aurkezten du. Garrantzia du horrek juduen pentsamoldean, Jesus Jainkoarekin identifikatuz. Kristori buruzko ondorengo formulek, itun berrian eta elizaren hasieran, Jesusen Seme izatea asko azpimarratzen dute. Jesusek goraipatu egin zuen Pedroren jarrera, Galileako arrantzalearena baino gehiago, Jainkoak eragindako gizonarena zelako, hain zuzen. Fede-aitormen horrek eraman zuen Pedro, Jesusek Eliza eraikitzeko baliatu zuen Harri izatera, Itun Berriaren herria den Elizaren oinarri izatera, alegia. Jesusen ekimen honek, Eliza sortzeko ekimenak alegia, Jesus Jainko bezala agertzen du, Jainkoak bakarrik mantendu ditzakeen promesak egiten baitizkio Jesusek bere elkarteari.

     Elizak Jesu Kristogan duen fedeak beti aitortu du Haren errealitate hautsezina: egiazko Jainkoa eta egiazko gizona. Teologia tradizionalak Jesusen Jainko izateari garrantzia handia eman zion, egungo azterketa historikoak Jesusen giza alderdia ere azpimarratu nahi izan du. Bakoitzak izan ditzake bere gustoak, baina ezinbestekoa izango da beti Jesusen bi alderdiak aintzakotzat hartzea eta bereziki bi alderdi horiek egoki bildu arren nire iritziarekin hitzez hitz bat ez datozenak ez kondenatzen saiatu behar dugu. Elizaren fedea jasotzen duten formula guztiek dute tokia, ezberdinak izanik ere.

     Ezin da Jesusen errealitatea ulertu, egiazko Jainko dela onartzen ez badugu. Ez da Jainkoaren mezulari huts, ez da bitarteko huts. Jesus Jainkoak gizakiari egin dion behin betirako errebelazioa, agerpena da, Jainkoak gizakiari egin dion bere buruaren erabateko eskaintza. Jesus ez da salbatzaile bakarrik, baizik eta Bera da salbamen betea. Jainkoa Kristoren bidez komunikatzen zaigu, Berarekin bat egiten gaitu eta bere jainkozko bizitzan txertatzen gaitu: hori da salbamena. Horregatik sinesten dugu Jesus. Ezin dugu sinetsi gizon huts batean, gizonik onena izanik ere. Idolo bat sinestea litzateke hori. Absolutua den Jainko ahalguztiduna bakarrik sinets daiteke. Jesusengan sinesten dugu eta konfiantza osoa dugu berarengan, Bera Jainkoa delako.

Jainkoaren herriaren otoitza

Senideok: dei egiogun Jaunari, gure otoitzak entzun ditzan eta lagun diezagun:

  • Jainkoak errukiz zain ditzan Frantzisko Aita Santua, Jose Ignazio gure gotzaina eta gure elkarteetan ardura eta zerbitzua duten guztiak.
  • Jainkoak eman diezaien lurra lantzen dutenei lanerako indarra, ikertzaileei adimena, ikasleei saiatzeko gogoa eta guztioi geurean irauteko leialtasuna.
  • Jainkoak sufritzen duten guztien ezinak entzun ditzan, bereziki lanik gabe eta egoera larrian bizi diren guztienak.
  • Jainkoak bere dohainez bete ditzan gure senide, adiskide eta ongile guztiak.

Jakinduriaren iturria zaren Aita guztiz ona, Pedro apostoluari Zure Semearen nagusitasuna agertu zenion; entzun Zure herriaren otoitzak eta egizu gure fedeak aurki dezala oinarria Pedroren ondorengoaren irakaspenetan, eta herri guztiek, Espirituak argiturik, aitor dezatela Jesus dela Kristo, Zure aintzarako eta gure salbamenerako mundura etorria. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Eukaristiaren liturgiari oharpena

     Eukaristiak Jesu Kristoren salbamena gaurkotzen du. Aitor dezagun gure Jainko eta gure Jaun egiazko.

Jaunartze ondorengo otoitza

     Eraman ezazu bere betera, Jauna,

     zure errukizko salbamena;

     eta egizu, Zuk lagundurik,

     gauza guztietan zure gogoko izan gaitezela.

            Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.