PIO XII
Argitaldaria-Liburudenda
euskara | castellano
 
Liturgi lagungarriak
Liturgiaren esanahia
   
     


Jainkoaren egarriz
Otoitzean
Iritzia
Bideoak



Elizbarrutiaren Ondarea


Biblia


Eliza ebanjelioaren zerbitzura

 

Liturgi lagungarriak

·Nor gara
·Liturgiaren esanahia
·Otoitza
   -Zuk hitz egin dezakezu Jainkoarekin
   -Oinarrizko otoitzak
   -Bibliarekin otoitzean
   -Salmoekin otoitzean
   -Beste zenbait otoitz
·Otoitz eta kantu-liburuak
·Ospakizun eta otoitzerako lagungarriak
   -Liturgi urtearen azalpenak
   -Igandeak eta jai egunak
   -Materialak: Abendualdi-Eguberria
   -Materialak: Garizuma-Aste Santua-Pazkoa
   -Besteak

 

Zer da «liturgia»

Jatorrizko hizkuntzan, grekoz leitourgía hitza «laos/leos» (herria) eta «ergón» (ekintza) elkartzetik dator. Hitzez hitz, herriari egindako zerbitzua esan nahi du hizkera zibilean. Hizkera erlijiosoan, ordea, beste esanahi bat eman zioten hitz horri, K.a. 250 eta 150 urte bitartean Bibliako Itun Zaharreko liburuak –berez hebreeraz idatziak– grekora itzuli zituztenean: Jerusalemeko tenpluan egiten zituzten zeremoniak adierazteko hitza hartu zuten.

Itun Berrian, behin bakarrik erabiltzen da hitz hori elkartean egindako ospakuntza edo elizkizuna adierazteko: Apostoluen Eginak liburuko 13, 2 bertsikuluan. Beste hamabost aldiz ere azaltzen da, egia esan, baina kristauaren bizitza bera edota ebanjelizatze-lana eskaintza edo ofrenda dela aditzera emateko (Erromatarrei 15, 16; Filipoarrei 2, 17) eta Jerusalemeko tenpluko zeremoniak adierazteko (Lukas 1, 23; Hebrearrei 8, 2. 6; 9, 21; 10, 11). Arreta handia jarri zuten lehenengo kristauek, Jerusalemeko tenpluak juduek egiten zuten kultu ofiziala eta kristauek egin ohi zituzten bilera kultualak gauza bera ez zirela ikusarazteko. Horregatik ez zioten kristauek leitourgía deitu beren kultuari. Izan ere, Kristok beste era bateko kultua eta gurtza sortu zuen, zeremonietan ez, baizik eta eguneroko bizitza zuzen eramanez eta Jainkoarentzat atsegingarri izan dadin saiatuz egiten den kultua (Erromatarrei 12, 1; 1 Pedro 2, 5).

Gerora, ordea, mendeetan barna –XVI. mendeaz geroz batez ere–, zabaldu eta nagusitu egin zen liturgia hitza elkartean egindako ospakuntza adierazteko. Eta hau da, zehatz esanda: Jainkoak historian zehar eta, batik bat, historiaren gailurrean, Kristorengan eta Kristoren bidez, gizon-emakumeon onerako egin dituenak gogoratzea, eskertzea, geureganatzea eta alaiki ospatzea.

Zer da «liturgi urtea»

Gizon-emakumeok geure izate betera, hau da, salbamenera, eramateko Jainkoak historian zehar eta, batik bat, historiaren gailurrean, Jesu Kristorengan eta haren bitartez egin dituenak gogoratzeko eta, ospatuz, gertaberritzeko eliz elkarteak hartzen duen denbora, urte beteko denbora.

Urtero-urtero gogoratzen du eliz elkarteak «Jesu Kristoren Gertakaria» deitua: haren etorrera –gizon egite eta jaiotzea–, haren predikazio-lana eta mezua, haren heriotza, piztuera eta Aitarengana igotzea, eta Hark Espiritu Santua bere jarraitzaileei isurtzea edo bidaltzea. Eta hala egingo du historia burutu arte, hau da, Jesus Jauna berriz etorri arte. Izan ere, badaki eliz elkarteak, hori eginez etengabe hartzen ari dela Jesusek Aitagandik dakarkion salbamena eta adiskidantza eta, Espirituak eraginik, betieran gozatuko duen jai handira doala.

Urteko 52 igandeak eta tarteka datozen jai nagusiak –Eguberriak, Pazkoa eta Pentekoste– ditu Jesu Kristoren Gertakaria ospatzeko egun seinalatuak. Eguberri-eguna baino lau igande lehenago hasten da Liturgi Urtea. Abendualdiko lau igandeetan Eguberritako prestatzen da eliz elkartea. Eguberritan Jaunaren jaiotza ospatzen du handikiro, Epifania edo Errege-eguna ondorengo igandea arte, Jaunaren Bataioa ospatu arte.

Ondoren, «Urtean Zeharreko» deritzan denbora hasten da; igandero Ebanjelio-liburu bera zatika irakurriz, Jesusen mezua entzuten eta hausnartzen du. Urte batean Mateoren liburua hartzen du (A urtean); hurrengoan, Markosena (B urtean), eta hirugarrenean Lukasena (C urtean).

«Urtean Zeharreko» denbora hau eten egiten du Hausterre deritzan egunean, Pazkoa baino 40 egun lehenago. Pazkoa zinez ospatu ahal izateko prestatzen da eliz elkartea hurrengo bost igande eta astetan. Garizuma deritza denboraldi horri. Urteko jairik eta ospakuntzarik handiena Pazkoa da: Jesus heriotzatik piztuerara igaro zela ospatzeko jaia. Hiru egun nagusiak honako hauek dira: Ostegun Santu arratsa-Ostiral Santua: Jesusen Afaria eta Heriotza ospatzeko; Larunbat Santua, Jesus hilobian egon zela ospatzeko; Pazko Gaua eta Igandea, Jesus piztu zela ospatzeko. Pazko Hirurrena deritze hiru egun horiei. Hurrengo 50 egunetan gertakari bera ospatu ohi du Elizak, Pentekoste-igandean Espiritu Santuaren etorrera ospatu arte.

Ondoren, «Urtean Zeharreko» denbora hartzen du berriz ere. Guztira 34 igande dira hauek.

Zer da «igandea»

Igandea, kristauarentzat, Jaunaren eguna da: Jesus hilen artetik piztu zen egun handia. Hasiera-hasieratik deitu zioten kristauek Dies Dominica: Jaunaren eguna –hortik dator euskarazko domeka hitza–. Lehenbiziko bi mendeetan ez da kristauen artean beste jairik aipatzen igandea baizik. II. mendeaz gero, igande horietako bat (udaberriko lehen ilbetetik hurbilen gertatzen den igandea) bereiziki ospatzen hasi ziren, Jesus garai horretan hil eta piztu baitzen –juduak beren pexah edo pazkoa ospatzen ari ziren garaian–. Horri deitu zioten Pazko-igandea.

Jaunaren piztuera gogoratzeko eta ospatzeko eguna da, beraz, igandea. «Asteko lehen eguna» deitzen dio Itun Berriak, juduentzat hala zelako eta, batez ere, «kreazio berriko» lehen eguna delako egiaz. Baina «zortzigarren eguna» ere deitu zioten kristauek: betiko bizi betean, Jainkoarengan, izango dugun jai pozgarriaren irudi eta hasiera delako.

Kristauentzat betidanik batzar santua egiteko eguna izan da. «Batzar» hitzak eman dio izena kristau-elkarteari: ecclesía, hau da, batzarra. Hortik dator eliza hitza. Igandero batzar santua eginez, bere Jauna noiz etorriko zain erne eta leial bizitzeko indarra hartzen du kristau-elkarteak, batasunean eta elkartasunean bizitzeko konpromisoa berritzen du eta munduan Jainkoaren asmoa betetzen saiatu behar duela gogoratzen. Horregatik ezin da bizi kristau-elkartea, ezta kristau bakoitza ere, igandeko batzar santua ospatu gabe.

Zer da «Eukaristia»

Eukaristia Jaunaren Afaria da. Jesusek, hil bezperan, bere ikasleekin Pazko berriaren afaria egin zuen, bai azken agurra egiteko, bai gurutzean egingo zuena aurrez irudikatzeko: bere burua azkeneraino ematea gizon-emakumeen onerako, Jainkoarekin adiskidetzeko. Horixe irudikatu zuen, ogia zatitu eta jaten emanez –bere gorputz eta izatearen sinbolotzat– eta odola edaten emanez –gurutzean emango zuen bere biziaren sinbolotzat–. Bere bizitzan zehar, otordu asko egina zen Jesus: entzutera bildu zitzaion jendetzari jaten emanez edota Bera gonbidatzen zutenekin. Horrela ikusarazi nahi izan zuen, profetek iragarri zuten garaia etorria zela: Sion mendian Jainkoak otordu oparoa emango du nazio guztientzat, janari gozo mamitsuz, ardo zahar bikainez (Is 25, 6). «Otordu oparo» hori alaitasunaren irudi da, Jainkoaren adiskidetasunak eta salbamenak dakarkigun alaitasunaren irudi. Gu Jainkoarekin adiskidetze hori bere bizitza osoz gauzatu zuen Jesusek, baina bereziki heriotzan eta piztueran. Eta otordua –azken afaria– utzi zuen egia horren ezaugarritzat. Horregatik agindu zien apostoluei: Egizue hau nire oroigarri (Lk 22, 19; 1 Ko 11, 24-25). Piztuera ondoren, otordua egitean –ogia zatitzean–, eman zien Jesusek aditzera bizirik zegoela, bete-betean bizi zela: Lk 24, 30-31. 41-43; Eginak 10, 41. Jesus hil eta piztu zela gogoratzen dugu, beraz, Eukaristia ospatzean, Jesus berriz etorri arte.

Eukaristia ospatzean ikus daiteke argien zer den Eliza: Jaun piztuaren izenean eta inguruan biltzen den senide-taldea. Eukaristia ospatuz burutzen da Elizak munduan duen egitekoa: gizon-emakume guztiei Jainkoaren seme-alaba izatera deitzea. Horregatik eliz elkartea ezin da bizi Eukaristia ospatu gabe.

Eukaristia hitzak, jatorriz esker ona, eskerrak ematea esan nahi du. Itun Berrian, hala ere, Jaunaren Afaria edota ogi-zatitzea deritza. Judutar ohiturari jarraituz, azken afarian Jesusek, esker-otoitza eginik, ogia zatitu zuen. Guk ere, otordu hori egitean, Jesusen zeinuak errepikatu ohi ditugu, haren oroigarri. Eukaristia ospatzeko egun egoki eta berezia igandea da, Jaunaren eguna.

Zer dira «sakramentuak»

Begiz ikusi ezineko eta eskuz ukitu ezineko errealitate ugari dugu gizon-emakumeok geure bizitzan. Egiazkoak dira, zalantzarik gabe, baina ezin ditugu jaso sentimenen bidez. Eta aditzera emateko, zeinuak egiten ditugu eta hitzak, irudiak edota gauzak erabiltzen. Adibidez, elkarri diogun maitasuna ez da ikusten, baldin eta hitzen bat esaten ez badugu, zeinuren bat egiten edota adierazgarriren bat erabiltzen ez badugu.

Sakramentu hitzak, nagusiki, ezaugarri edo seinale esan nahi du. Ezaugarria, sakramentua, egitean, Jainkoak gure salbamenerako etengabe ari duen lana gertatu egiten da eta agerian jartzen. Sakramentu nagusia Jesus bera da, bere bizitzan, heriotzan eta piztueran. Izan ere, Jesusengan eta Jesusen bidez gertarazi zuen Jainkoak eta agerian jarri, Espirituaren bitartez, gure alde etengabe ari duen salbamen-lana.

Zazpi ezaugarriri esan ohi diegu, gehienetan, «sakramentu» izena: uretan murgiltze edo bustitzeari (Bataioa); krisma deritzan olioz gantzutzeari (Sendotza); ogi-ardoen gainean esker-otoitza egiteari (Eukaristia); bekatuak aitortu eta, eskuak buru gainean ezarriz, barkamen-hitzak esateari (Adiskidetzea edo Penitentzia); olio bedeinkatuz gaixoa igurzteari (Gaixoen Oliadura); buru gainean eskuak ezarriz, sagarapen-otoitza esateari (Ordena edo Apaizgintza); gizasemeak eta emakumeak elkarri baietza emateari (Ezkontza).

Sakramentu guztiek gertakari berbera adierazten eta gertarazten dute: Jainkoak Jesus hil eta piztuarengan bete duen salbamen-egintza, Espirituaren egitez, gutako bakoitzarengan betetzea. Salbamen-egintza horren alderdi bat jartzen du agerian eta betearazten du sakramentu bakoitzak.

   
 
Donostiako Gotzaindegia - Zabaleta kalea, 5 - 20002 Donostia
Harrera orduak:
astelehenetik ostiralera 9:30-13:30
abuztuan 11:00-13:00
Telf.:943285000