|
Beharbada, entzungo zenuen zerbait salmoei buruz. Esango zizuten, ez dagoela salmogileak bere bihotzetik egindako otoitz horiek baino ederrago eta bikainagorik. Gainera, zuk badakizu Jesusek, Mariak eta apostoluek salmo horiek esanez edota abestuz egiten ziotela otoitz Jainkoari. Eta zuk, egin ote dezakezu otoitz salmo horiekin?
Atal honetan ez dituzu 150 salmoak aurkituko, baizik zenbait salmo. Astiro-astiro irakurtzen badituzu, konturatuko zara, salmoek, oro har, zeure bihotzean bizi duzuna adierazten dutela. Salmoak dastatzeko aukera izango duzu, eta, batez ere, Jainkoarekin hitz egiten ikasiko duzu.
Ingurugiro historikoa
Israelen historia osoan zehar sorturiko ehun eta berrogeita hamar otoitz‑kanturen bilduma dugu Salmoak liburua. Egile askorenak, beraz, eta garai askotakoak, bakoitza noizkoa den zehatz esaterik ez dagoelarik.
Salmoen bilduma dagoen horretan osatua zegoen K.a. iii. menderako. Zenbait salmo, ordea, askoz ere zaharragoak dira, Israel bera baino ere zaharragoak batzuk, Israelek beretzat hartuak, bere sinesmenera egokiturik. Herriaren historia bera islatzen du, bada, osorik salmoen konposaketa‑historiak.
Salmoen kokagune berezi bezala, tenplua eta kultua aipa daitezke. Izan ere, salmo asko kulturako –jai eta ospakizunetarako– sortu ziren zuzenean; beste asko, berriz, bestelako jatorria izan arren, kultu‑premietara egokitu. Esan daiteke, beraz, Salmoak liburua tenplu eta sinagogako kantu‑liburua izan dela, kristau‑elizaren otoitz‑liburu bilakatu baino lehen.
Salmoen numerazioa
Bi eratara eman ohi da Salmoen zenbakia: bata, hebreerazko testuaren arabera, hori da Biblietan eskuarki erabili ohi dena; bestea, berriz, Septuaginta edo Hirurogeita Hamarren grekozko itzulpenaren arabera; hau da liturgi liburuetan erabili ohi dena. Bi era horien artean zenbaki baten aldea dago 9. salmotik 147.a arte; horregatik aipatu salmo horietan bi zenbakiak erabiliko ditugu.
Hainbat salmo
- Gorespen-otoitza
| |
Jaunaren izena bedeinkatua izan bedi, orain eta gizaldiz gizaldi. Eguzkia sortu‑lekutik sartzen denera, goretsia izan bedi Jaunaren izena. (113 112. salmoa, 2-3)
On da Jaunari eskerrak ematea, goizean iragartzea zure maitasuna,
eta gauez zure leialtasuna. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen naute,
zure esku-lanek pozetan naukate .Bai handi, Jauna, zuk egindakoak,
bai sakon direla zure asmoak! Ez ditu sumatzen burugabeak,
ez ulertzen zentzugabeak. (92. 91. salmoa, 2-7)
|
- Damu-otoitza
| |
Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun handiaz, suntsi ezazu nire makurra zeure amaigabeko errukiaz. Garbi nazazu zeharo hobenetik,
ikuz nazazu neure gaiztakeriatik.
Neure bihurrikeria ezagutzen baitut, neure hobena beti begien aurrean baitut.
Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik, zure begietan oker dena egin dut nik.
Zuri bihotz leiala atsegin zaizu, bihotz-mamian zuhurtasuna irakasten didazu. Busti nazazu isipuz, eta garbi geldituko naiz, ikuz nazazu, eta elurra baino zuriago geldituko naiz.
Entzunarazi poza eta atsegina niri... Aurpegi hori nire hobenetatik aldera ezazu, nire makurkeria guztiak suntsi itzazu. Bihotz garbia, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean.
Ez nazazu urrun zeure aurretik, zeure arnasa santua ez kendu niri. Zeure salbamenaren poza bihur iezadazu, zeure arnasa zabalez sendotu nazazu. (51. 50. salmoa, 1-14)
|
- Eskari-otoitza
| |
Erruki zakizkit, Jauna, hain bainago eroria... Beldur-ikarak hartua daukat barrena; Zu, ordea, noiz arte, Jauna?... Akitua nago negar-zotinka, gauero malkoz bustitzen dut ohea, negarrez blai egiten dut ohatzea. Nahigabez begietan gandua daukat, etsai ugariengatik zargailduak dauzkat. (7. 6. salmoa, 3-8)
Begira niri eta nitaz erruki, bakarrik bainago, eta errukarri. Arindu ezazu nire bihotz-larri hau, atera nazazu estualdi hauetatik. Ikus nire zorigaitza eta nekea, barka nire hoben guztiak (25. 24. salmoa, 16-18)
Zergatik zaude, ene arima, lur jorik? Zergatik, ezin egonik? Itxaron Jainkoagan, berriz ere Hura baitut goretsiko, nire aurpegiaren salbamen eta nire Jainko. (43. 42. salmoa, 5)
|
- Uste onezko otoitza
| |
Jauna dut argi eta salbamen, nork ni beldurtu? Jauna biziaren babes, nork ni izutu? Ez dit egingo bihotzak ikara nire aurka guda-txabolak jarririk ere; lasai egongo naiz ni, nire aurka gudua sor baledi ere.
Gauza bat diot eskatzen Jaunari, horren bila nabil ni: bizi nadila Jaunaren etxean neure bizitzako egun guztietan.
Zuk esana bihotzean dut entzuten: «Bila ezazue nire aurpegia». Zure aurpegi bila nabilkizu, Jauna. Ez niri ezkuta aurpegi hori.
Laguntza zaitut, ez nazazula zapuztu, Jainko, nire salbamen, eskutik utzi ez nazazu. Aitamek banindute zapuztuko, Jaunak beretzat ninduke hartuko.
Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizien lurrean. Itxaron Jaunagan, eta kemen izan, bizkor bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan. (27. 26. salmoa)
|
|