Azken urteetako datuek garbi adierazten digute giza bazterketan bizi diren pertsonen hazkunde nabarmena. Eta datozkigun urteetako aurreikuspena nahiko ezkorra da zentzu honetan. Giza bazterketa kontzeptua, pobrezia baino zabalagoa da, izan ere prekarietate ekonomikoaz gain, laneko ziurtasun eza, formazio eskasia, etxebizitza duin baten gabezia, osasun-arazoak, giza harremanen gabezia, famili harremanen haustura eta pertsona desegituratzen duten beste inguruabar batzuk ere barneratzen baititu.
Nazio Batuen Garapenerako Programa azken urteotan esan eta esan ari da goian aipatutako alderdi horietan emakumeek baldintza okerragoak bizi dituztela. Eta Nazio Batuen urteroko txostenaren esaldi batek garbi adierazten du zer gertatzen den: «inongo gizartek ez die bere emakumeei bere gizonei bezain tratu ona ematen».
Gaur egun garbi gelditzen ari dena zera da, pobrezia, generoak baldintzatzen duela. «Pobreziak eta giza bazterketak emakume aurpegia dute». Rolak, identitateak, ezberdintasunak eta genero-harremanek pobreziaren bizipen ezberdina eragiten dute gizonengan eta emakumeengan. Emakumea lan-munduan sartzea desberdintasunezko egoeran gertatzen da. Eta gainera lan-mundua jasaten ari den prekarizazioren ondoriorik gogorrenak emakumeek pairatzen dituzte.
Egoera honek, ondorioak ditu giza zerbitzuak edo prestazioak jasotzeko orduan ere. Orain arte gizarte-zerbitzuak eta Elizak eskaini dituen zerbitzu gehienak ere, gizonezkoei bideratuak egon dira. Urte askotan zehar, gizarte-ekintzaren onuradun nagusia gizonezkoa izan da.
Orain dela lau urte poz handiz hasi genuen Gipuzkoako Elizbarrutiko Caritasek ireki zuen proiektu bat: «Emeki» du izena. Eta esan beharra daukat, «Emeki»-n izandako emakume askok ere sarritan adierazi izan digutela poz eta esker on hori. Baina, batez ere era berezian esan digute bidezkoa dela Gipuzkoako Elizak emakumearen zailtasunak, ezinak, zauriak, sufrimendua bere baitan hartu izana. Emakume hauek ere merezi dute beraien bizitza bideratzeko zerbitzu bat, bere barnean hartuko dituen etxea eta elkarbizitza eta elkarrizketaren bitartez bizitzako aldi honetan lagunduko dien giroa.
Gure etxera laguntza bila etortzen diren emakumeekin harreman zuzenean zera ikasi dugu: giza bazterketari aurre egiteko emakume hauekin esku hartze globalizatuak behar direla, momentuko beharrizanak kontuan hartuko dituena. Baina, aldi berean eta nagusiki, emakume horien gaitasunak esnarazi eta bultzatuko dituen ekimena behar da. Pertsona hauek dauzkaten baliabide pertsonal, familiar eta sozialak abian jartzen laguntzen zaienean, beraien bizi-asmoak eta proiektuak bideratzen eta zuzentzen hasten dira. Hemendik aurrerako lana emakume hauei beren buruarekiko estimua berreskuratzen laguntzean eta behar duten formazioa edo gaitasuna hartzean datza, beraien bizitza era autonomo eta normalizatuan aurrera eraman ahal izateko.
Lan honetan desegituratze- eta sufrimendu-esperientzia asko bizi izan dituzten emakumeak aurkitzen ditugu. Ez dute, ordea, etsitzen. Burua altxa eta bizitza hobe eta duinago baten bila saiatzen dira emakume hauek, bizitza berri bat posible delako itxaropenak arnasa emanda.
Egunerokoan, beren lorpen txikiak edo aurrerapen handiak ikusteko aukera izaten dugu eta beraien presentzia eta konpainiaz disfrutatzen dugu. Pertsona horiengandik asko jasotzen dugu eta elkarbizitzaren esperientziak elkar aberasten gaitu. «Emeki»-n gizakiak duen ondarerik garrantzitsuena partekatzen da: pertsona bera. Eta norbera besteen artean ematen denean, elkarren artean topo egiten dute, batzuk eta besteak berdinduz. «Emeki»-n, emakumeek ikusten dute tratu berdinaren etxean daudela.
Azkenik, azpimarratu nahi nuke azken urteetan poz handiz bizi izan dugula proiektu honi esker, baina bereziki emakumeen beraien ahaleginari esker, batzuek lortu dutela bizitza normalizatu batera iristea. Esperientzia ezkorrak ere ikusi behar izan ditugu eta honek erabat goibeltzen gaitu, gurekin bizi diren emakumeen gaitasunean sinesten dugulako. Ahala eta guztiz ere, beraien bizitzan erabakitzeko duten askatasuna errespetatzen dugu. Ezin dugu ahaztu, gainera, gizarte-mailan, laguntzak baino gehiago direla aurkitzen dituzten eragozpenak beraien bizitzak bideratzeko lan gogor honetan.
«Emeki»-ren eta bere erabiltzaile, hezitzaile eta boluntario guztien izenean, mila esker Caritasi eta Donostiako Elizbarrutiari, emakumeen minarekiko erakusten duen sentiberatasunagatik eta sufritzen ari diren hainbat emakumeren ondoan egoteagatik.
2008ko martxoaren 9a
Andikona Uriarte, «Emeki»ko arduraduna