Donostiako Elizbarrutiak «Eliza Solidarioa» kanpaina egingo du, martxoaren 30ean
27.000 lagunek Gipuzkoako Elizaren giza laguntza eta laguntza materiala jasotzen dute, honako hiru eremu hauen bidez: Caritas, Osasun Pastoraltza eta Espetxeratuekiko Pastoraltza; zehazki, laguntza hori emateko, 2.100 boluntariok baino gehiagok hartzen du parte, parrokietan eta Elizbarrutiko proiektuetan. Hori da, hain zuzen, ebanjelioaren ikur izan nahi duen Elizaren irudia, sufritzen ari diren eta pobrezian bizi diren pertsonei elkartasuna adierazten dien Eliza.
Kanpainaren helburua
Kanpaina honen bidez, premia gehien duten pertsonei laguntzeko Elizbarrutiak gizarte-ekintzaren alorrean egiten duen lana ezagutarazi nahi du Gipuzkoako Elizak; izan ere, Gipuzkoako kristau-elkarteak apustu sendoa egiten jarraitzen du, behartsuenen eta gehien sufritzen duten pertsonen alde. Horrela, Jesusen Espirituari leialtasunez jarraitu nahi dio, espiritu horrek ematen baitigu indarra guztientzako bizitza duina aldarrikatzeko eta hori benetan lortzeko; horretarako, ordea, bidegabekerien eta desberdintasunen aurka borrokatu, eta pertsona guztien ongia lortzeko lan egiten duen gizartea sustatu behar da.
«Behartsuei eta sufritzen duten pertsonei gure elkartasuna adierazten ez badiegu, gure Elizak ezingo du Jesu Kristoren lekuko eta guztientzako esperantzaren ikur izan; hori badakigu» (Eliza Ebanjelioaren zerbitzura. Elizbarrutiko Elizaren eredua).
Borondatezko lana
Caritasen, Osasun Pastoraltzaren eta Espetxeratuekiko Pastoraltzaren bidez, Gipuzkoako Elizak 2.100 boluntario mugitzen ditu, Elizbarruti osoan; hain zuzen, Gipuzkoako ia parrokia guztietan dago pertsona-talde bat, pobrezian bizi diren, gaixorik dauden edo askatasunik ez duten pertsonak eta familiak artatzeko eta laguntzeko.
Pertsonen zerbitzura
Iaz, hogeita 27.000 pertsonak jaso zuten giza laguntza eta laguntza materiala, hainbat kristau-elkarteren eta Elizbarrutiko Caritasen zentroen bidez.
Bakardade-arazoak dituzten gaixoak, adineko pertsonak, etxerik gabekoak, bakarrik dauden eta haurren ardura duten emakumeak, HIESaren gaixotasuna edo droga-arazoak dituzten pertsonak, bitarteko eta baliabiderik ez duten etorkinak, ijitoak, espetxean dauden pertsonak, gizarte-bazterketaren arriskua duten gazteak, giza eta ekonomia arazoak dituzten familiak, hirugarren munduko herriak eta elizak...; horiek guztiak dira, hain zuzen, Gipuzkoako Elizaren gizarte-ekintzaren hartzaile eta, aldi berean, protagonista.
Beti beharrezkoa izaten den asistentziazko eta premia biziko laguntzaz gain, Elizaren gizarte-ekintzaren helburua pobreziaren eta sufrimenduaren egoera leuntzea da; horretarako, beraz, hainbat ekintza sustatu behar dira: pertsonen zaintza eta konpainia bultzatu; gizarteratze-prozesuak eta pertsona bezala hazteko prozesuak dinamizatu; gabeziak, desberdintasunak eta bidegabekeriak salatu; eta gizarte bidezkoagoa eta errukitsuagoa lortzeko beharrezko den gizarte-aldaketa sustatu.
Ekonomia-baliabideak
Laguntza material horietara 4 milioi euro baino gehiago bideratu ziren, premia gehien duten pertsonen eta familien egoera larria arintzen saiatzeko; halaber, milioi bat eta erdi euro eman ziren, hirugarren munduko lankidetza-proiektuetan erabiltzeko.
Baliabide horien %60, gutxi gorabehera, emarien bidez lortzen da, eta gainerako %40a, berriz, erakundeek emandako laguntzak dira.
Erronkak
Elizaren barne-egiturei eta Gipuzkoako gizarte osoari, pobreziaren eta sufrimenduaren alorrean hauteman ditugun erronka nagusien berri eman nahi diegu.
Bereziki kezkatzen gaitu etorkin askok bizi duten egoerak; izan ere, ezin dituzte beren baldintzak legeztatu, eta, gainera, erbesteratuta egoteak zauri lazgarriak sortzen dizkie. Halaber, arduratu egiten gaitu gaixotasun mentalak dituzten pertsonen kopurua ugaritzeak, bai eta gizartean baztertuta gelditu diren pertsonen babesgabetasun-egoerak ere. Bestalde, adineko pertsona eta gaixo askoren bakardadeak esku hartzeko eskatzen digu. Tratu txarrak jasotzen dituzten emakume askok bizi duten babesgabetasun- eta ezintasun-egoerak zalantza ugari sortzen dizkigu. Kezkatu egiten gaitu eta min ematen digu espetxeetako pilaketa-egoerak eta gizatasun ezak.
Administrazioak egiten dituen lorpenen eta aurrerapenen ondoan, gabezia eta hutsune ugari aurkitu ditugu, eta, gure iritziz, horiek zuzentasunez konpondu beharko lituzkete erakunde publikoek. Gainera, gero eta gehiago isilarazten eta ezkutatzen dituzten pobrezia- eta sufrimendu-egoerak direla-eta, gizarte osoaren arreta pizteko premia dagoela uste dugu.
Solidaritatea eraberritutako Elizbarrutian ere
Gure Elizbarrutiko Eliza pastoraltza eraberritze-prozesu batean dago sartuta; izan ere, garrantzitsu bihurtu nahi du, ebanjelioa zabaltzeko orain eta hemen duen zeregina ahalik eta ondoen betetzeko.
Badakigu saiakera horretan hutsik ez egiteko bide berezi eta nahitaezko bat dagoela; hau da, behartsuei eta sufritzen ari diren pertsonei modu eraginkorrean eta adeitasunez laguntzen zaienean, gure bizitza ere beraiekin partekatzen dugunean, kristau-elkartea beraientzat familia bat bihurtzen denean, edota beraiekin Jesu Kristo benetan ezagutzen dugunean (maitatuz eta askatuz), orduan bai, orduan bide onetik joango gara. Izan ere, «Jesusen espirituak behartsuengana garamatza» (Eliza Ebanjelioaren zerbitzura, 51).
Donostian, 2008ko martxoaren 28an
Donostiako Elizbarrutiko Pastoral Sozio-karitatiboa