1. Goiburu hau hartuta joango gara Lourdesera erromes datorren hilaren hondarrean, maiatzaren 30etik ekainaren 2ra. Arrazoi desberdinengatik aukeratu dugu goiburu hori aurtengo Erromesaldirako:
- Itxaropena bere-berea du gizakiak: beharrezkoa dugu itxaropenarekiko zabalik bizitzea maitatzeko, ekiteko eta konprometitzeko. Itxaroteari utzi ezkero, gure bizitza itzali egiten da. Itxaropena duena beste era batera bizi da.
- Bizi dugun egoera soziala dela eta, itxaropena beharrezko eragilea dugu kezka, beldur eta zatiketei aurre egiteko. Itxaropenezko jomugarik gabe, elkar ulertzeko, elkarrekin konpontzeko eta bakea bilatzeko aukerak ilundu egiten dira.
- Gure Eliza kristau itxaropenaren lekuko izatera deitua da –«Gure itxaropena Kristo da» (1 Tm 1, 1)– Jesu Kristo Piztuaren elkarte itxaropentsu izanez. Zailtasunak erasandako itxaropenari eustea erabakigarria da Elizaren zerbitzuan.
- Aurreko Abenduan gure Gotzainak idatzi zuen Pastoral Idazkiak –Itxaropenak menderatu egiten du beldurra– nahiz Benedikto XVI.aren bigarren Entziklikak –Spe salvi (Itxaropenean salbatuak)– oinarrizko giza eta kristau-jarrera hau sakontzeko eskatzen digute.
2. Goiburuarekin batera, komeni da 2008 honetako Erromesaldiaren ospakizun alderdia nabarmentzea, izan ere zenbait gertaeraren oihartzuna entzungo baitugu. Batetik, Bernardette Soubirousi Massabielleko Haitzuloan gertatutako agerkarien 150.urteurrena. Bestetik, elizbarrutiko Ospitalitatearen Urrezko Ezteiak ospatuko ditugu. Aurten 50 urteko bizialdi eta zerbitzua betetzen du. Ospitalitatearen sorrera 1958.urteari lotua dago, orduan bete baitzen agerkarien 100. urteurrena. Ospakizun hau ez zen oharkabean igaro gure elizbarrutian. Honek, pozik bat egin zuen urteurrenarekin, zenbait ekimen burutuz: 4.000 gipuzkoar gazte baino gehiagoren Erromesaldia Lourdesko Ama Birjinaren santutegi ezagunera, elizbarrutiaren urteroko erromesaldia –beste 4.000 erromes eta 200 gaixorekin– eta 40 gipuzkoarren apaiz ordenazioa Lourdesen, garaiko Gotzain Jaime Font y Andreuren eskutik. Hain zuzen, azken gertaera hau ere gogoratu eta berrituko dugu aurtengo Erromesaldian. Eta, azkenik, ospitalari esanguratsuei urrezko dominak jarriko zaizkie etenik gabeko konpromiso eta zerbitzuagatik.
3. Mende erdi honetan, Erromesaldia eta Ospitalitatea sendo sustraitu dira Gipuzkoako gure Elizan. On handia egiten duten elizbarrutiaren «eragile» ditugu biak. Erromesaldirik ez legoke Ospitalitaterik gabe, neurri handian ospitalarien ardurari eta ahaleginari esker burutzen baita Erromesaldia. Ospitalitatearen esku izaten da hein handian elizbarrutiak, gure Gotzaina buru dela, erromesaldia egin ahal izatea, 300 bat gaixo eta ezindu hartuta.
Ospitalitatean deigarria da elizbarrutiko eta artziprestaldeetako arduradunen erantzukizuna eta antolaketarako gaitasuna eta kide gehienek erakusten duten ospitalitate-sena edo «moldea». Deigarria da nolako prestutasuna izaten duten Estatuko Ospitalitateekin elkarlanean aritzeko, nola erantzuten duten Lourdesko santutegiak boluntarioen beharra duenean, ze arretaz prestatzen duten elizbarrutiko erromesaldia, gaixorik dauden edo ezintasunen bat duten pertsonak zein gozo eta maitekiro hartzen dituzten Lourdesen igarotzen dituzten egunetan eta gero ere nola zaintzen duten hainbatekiko harremana, nolako poza eta eskuzabaltasuna antzematen zaien beren zerbitzuan, nola saiatzen diren ospitalari-bokazio berriak pizten, nolako lotura eraiki den elizbarrutiarekin eta ze harreman hurbil eta adeitsua izaten den gure eliz arduradunekin. Hau guztia ez da, besterik gabe, bat-batean sortzen: 50 urteotan Ospitalitateko kide askok egin duen lanaren eta ahaleginaren fruitu da.
4. Beraz bada, gure Ospitalitatearen ekarpen eta zerbitzu ibilbideagatik Mariari benetako esker ona adieraziz joango gara erromes eta Lourdesek elizbarrutiko erromes guztientzat esan nahi duen bizipen gizakoi, espiritual eta eliztarragatik ere eskerrak emanez. Aurten bertaratzen garenean, emakume nahiz gizon, joan gaitezela benetan «itxaropenaren erromes» jarrera jatorrean.
Donostia, 2008ko apirilaren 10a
Patxi Aizpitarte, Bikario Nagusia