Lehengo igandean Afrikaren Nazioarteko Eguna ospatu zen eta ez zuen oihartzun handirik izan. Ekainaren 9tik 15era Afrikako II. Astea antolatu da Arantzazun. Ondoren datorren testuak, kontinente ikusezinarekiko elkartasun-kontzientzia berri baten testuinguruan, ekimen honen deialdia eta zentzua adierazten du.
«Talentua duzu, noski, pertsona guztiok daukagu ahalmen bereziren bat zerbaiten emaile izateko; baina galdera da zertan erabili nahi dugun. Orain, telebista-programa askok talentu hau osperako bilatzen duten unean, gure munduak beste norabideetan agian hain ikusgarri eta mediatikoak ez diren, baina giza bihotzarentzat eta bizitzarentzat agian garrantzitsuagoak diren, talentuak bilatzeko ahalmena ote duen planteatzen dugu.
Telebistaz eta bihotzez ari garela, beste interpelazio bat egin liteke: Non zaude bihotza. Non zaude bihotza, erantzunik gabe? Nora zaramatzate? Nola murriztu dute zure esanahi zabala pertsona ezagunen txutxumutxu gau-jai batera. Zein nahastetan dabil murgildua gure mundua, bere izarrezko mezuetan talentua arrakasta erraz bezala ulertzen eta bihotza arinkeria bezala adierazten duenean. Zein garai nahasia eta zaila bizitzea suertatu zaien gazteenei.
Ez dirudien arren, honek guztiak harreman zuzena du Arantzazuko Afrikari buruzko II. Astearekin, egin nahi dugun galdera honakoa baita: egin gabe dugun horretan, zerbait gehiago egin dezakegu Afrikan giza duintasunaren alde egiteko? Eta galdera honi erantzuna ematen saiatzeko bihotza eta talentua behar ditugu.
Agian ez dago galdera honentzat erantzun argirik. Baliteke, baina galdera egin eta erantzuten saiatzeko ariketa intelektuala elkarrekin egin gabe ez genuke geratu nahi. Egokitze- eta konformismo-arriskuen aurka borroka egiteko era bat da. Gure bihotza eta talentua bideratzen saiatzeko beste era bat.
Badugu talentua eta bihotza, eta oinarrizkoena, lehentasunezkoena eta premiazkoena den honetarako erabil ditzakegu, pertsona izateko, enpatiarako, elkartasunerako, gure alboan beste gizon-emakumeek jasaten dituzten sekulako sufrimendu eta injustizien aurrean erantzuteko.
Astebetean, ekainaren 9tik 15era, Arantzazu Afrikarekin eta Afrikaren aldeko bihotzen eta talentuen elkargune bihurtuko da. Informazio guztia hemen daukazu: 943 251 005 - arantzazu@baketik.org - www.baketik.org. Ekimen honetako edozein ekintzatan parte hartzera gonbidatua zaude».
Afrikaren Nazioarteko Eguna batere nabarmendu gabe pasa da. Baina, Afrikak guztioi dagokigun gogoeta pertsonal eta kolektibo premiazkoa merezi du. Ekainaren 9tik 15era hau egiteko aukera berri bat daukagu Arantzazun.
Arantzazu, 2008ko ekainaren 2a
Jonan Fernandez, Baketik-en Zuzendaria