Albiste laburpenean ikus daitekeen bezala, azkenaldi honetan, batez ere, krisi ekonomikoarekin zerikusia duten berriek hartu dute protagonismoa. Lanik eza da, dudarik gabe, krisiaren aurpegi ilunena eta esan behar da bizkor ari dela hazten, bai estatu espainiarrean eta bai gure artean. Oraindik denbora asko ez dela, Espainiako gobernua harro agertzen bazen ere, EBren aurrean, sortutako enplegu kopuruagatik, orain onartu beharra dauka enplegua azkarren galtzen ari den tokia dela. Horrek adierazten digu, batetik, krisia indarra hartzen ari dela eta, bestetik, sortutako enplegua kalitate eskasekoa zela.
Patronaleko kide gehienak, hala estatuan nola EAEn, garai oparoetan zuhurtasun neurri oinarrizkoenak ahaztuta eduki ondoren, orain krisiaren psikosia erabiltzen ari dira lanpostuen murrizketa justifikatzeko, eta hainbat eskari ari dira plazaratzen: kaleratzeak tramitatzea errazagoak eta merkeagoak izan daitezela, zuzeneko laguntza publikoak, dirutan, lehen bankuei eman zitzaien bezala, eta enpresei dagozkien zergak jaitsi ditzatela. Bestalde, hasi dira entzuten enpresaburuen artean, beste lan erreforma baterako negoziazioak eskatzen dituzten ahotsak ere.
Enpresa gehienek, izan ere, txikiek eta ertainek, batik bat –Gipuzkoan nagusi direnek, alegia–, nahiko etorkizun iluna dute (%47k diote plantilla murriztu beharra daukatela), eta ez badute enplegua oraingo errealitatera egokitzen modu «arin, merke eta ez traumatikoan» (E. Zubiaurre, Adegiko lehendakaria), ondorioak okerragoak izango dira guztientzat. Horregatik eskatzen diote gobernuei (zentralari eta autonomikoari) askatasun handiagoa kontratuak eteteko eta hori bermatuko duen legeria. Hori justifikatzen dute esanez «enpresa jarduerak berarekin daramala arriskua, inork ez dakielako zer gertatuko den bi urte barru» eta «enplegu bermeak eskatzen direnean esan behar dela hemen ez daukala inork ziurtatuta enpresa proiektuak aurrerantzean lehengoa izaten jarraituko duen». Horregatik, etorkizuna ziurtatu nahi badugu, langileak onartu beharra dauka bere soldata txikiagotzea.
Beraz, prekariotasun osoan gaude eta auskalo zer indar anonimoren menpe, baina kontua da kapitala garaitzen zaiola beti lanari. Azken urteotan gertatu diren lan-erreformen prozesuari begiratzen badiogu ohartuko gara lan-munduaren desarautzeak gora egin duela eta borroka askoren ondoren lortutako lan-eskubideak galdu egin direla. Desarautze horiek, enpresaren iraupen eta lehiakortasunerako «ezinbesteko» jotzen direnak, kasu gehienetan ez dute langilearen errealitatea aintzat hartzen edo, gehienera ere, esaten da Gobernua egin behar duela haren mantenuaren kargu.
Pentsa liteke laneko baldintzak merkatzearekin –izatez, ahulenen bizi baldintzak okerragotzen dira– pertsona kontratatuen kopurua igo egin behar lukeela (CEOEk adierazi du kaleratzea merkatzeak milioi bat lanpostu sor lezakeela). Baina errealitateko datuek diote, nahi zena behin lortu ostean, enpleguaren hazkundea ez dela esanguratsua izaten. EBren barruan, sozialki legeria zorrotza duten herrialdeak eta lasaiagoa dutenak alderatzen baditugu, ikusiko dugu sortutako enplegu-kopuruetan oso diferentzia txikiak daudela, baina, aldiz, errenta desberdintasun handiak gertatu direla desarautzea defendatzen duten herrialdeetan.
Ez da gauza bera gertatzen, pertsona guztiak humanizatzeko xedearekin, adostasunean eta birbanaketan oinarritutako elkartasun kultura dagoenean. Ondorengo hauetan ikusten da hori argi:
- Administrazio publikoaren jarduerak gizarte zerbitzu guztiak (hezkuntza, osasuna, etxebizitza…) hobetzeko joera du eta enplegu politika aktiboak sustatzen ditu.
- Patronalaren xede bakarra ez da ahal den etekin handiena lortzea, baizik eta ondasun edo zerbitzu beharrezkoenak kalitatez ekoiztea.
- Langileek gogotik egiten dute lan enpresaren eraginkortasun handiena lortzeko eta, ordainetan, bizimodu duina izateko bidea ematen dien soldata jasotzen dute.
Beharrezkoa den doiketaren kargarik handiena langileen bizkar uztea, enpresaburuen ordezkariek eskatzen duten bezala, moralaren aurkakoa izateaz gainera, irtenbide tekniko txarra da. Modu indibidualistan, epe motzera begiratzen duenaren jokabidea litzateke hori eta, aldi berean, langileak ahultzen dituen batasun sindikal faltaz aprobetxatzea bilatzen duenarena.
Indar sozialen artean hitzarmen batera heltzea komeni baldin bada, itun hori, batez ere, elkarrizketaren bitartez lortu behar da. Horretarako, jakina, beharrezkoa izango da, inposiziorik gabe, bi aldeetatik akordio batera heltzeko benetako borondatea egotea. Desberdinen arteko harremanetan, guztiek onartzera eta errespetatzera konprometitzen diren arau justuak ez baldin badaude, indartsuena ateratzen da beti ondoen, baina horrek ez du esan nahi bidezkoa izan denik. Negoziazio horretan, gainera, ez dute bi aldeen interesak bakarrik egon behar ordezkatuta, baizik eta hirugarren ahulagoenak eta gizarte osoarenak ere egon behar lukete, jarduera horrek guztioi eragiten digunean, zerbitzu publikoen kasuan bezala, horietako askoren kudeaketa pribatizatua badago ere, gaur egun.
Donostia, 2009ko otsailaren 16a
Elizbarrutiko Idazkaritza Soziala – Justizia eta Bakea