«Berrogei egunez berrogei azkenekoekin» dio aldizkari ezagun batean irakurri berria naizen artikuluak. Gure barrura deitzen du, Garizumako egun bakoitzean munduko berrogei herri pobreenak gogoan izan ditzagun. Pobreetan pobre diren herriengana begiak bihurturik, bihozberritzearen elkartasun hau bera erakusten du Donostiako elizbarrutiak: azken urteotan, Garizuman, Elkartasun Ekintza bat antolatzen du. Aurten aukeratu dituen herriak berrogeiko zerrenda makur horretan daude, Mali eta Eritrea dira.
Urtero Nazio Batuen Erakundeak herrien garapena zertan den plazaratzen du. Zerrenda osatzeko bereziki hiru eragile izaten ditu kontuan: bizi-itxaropena, hezkuntza maila eta «errenta per capita». Eskura ditugun azken estatistiken arabera, aztertutako 178 herrien artean, Espainia 16. tokian dago, Eritrea, berriz, 164. lekuan eta Mali azken-azkenen artean, 173. tokian. Euskadi zerrendan sartuko balitz, Jaurlaritzaren arabera, munduko lehen-lehenengoen artean geundeke, 3. lekuan!
Egiazki, bizi dugun sasoi honetan ugaritzen ari dira pobreak gure artean. Hala baina, hemen bizi-kalitatea jokoan dagoen artean, Malin eta Eritrean bizia bera dago galzorian!
Hilabete gutxitan mundu osoa eta gure herria ere harrapatu duen krisian murgildu gara. Zorabioa sortarazten duen egoera batean nabari dugu gure burua, nagusi ditugu ziurtasun eza eta nora eza. Kapitalismo globalizatzailea kili-kolo jarri da. Gero eta nabarmenagoa da ez atzera ez aurrera gaudela historiaren une honetan eta ez garela korapilo horretatik askatuko norabidea ez badugu garaiz zuzentzen.
Egoera hauek ez dira berez etortzen. Zerbaitek eragiten ditu. Egoismoak, elkartasun ezak eta neurrigabekeriak ekarriak dira. Gutxiengoaren onerako egituren gainean dago eraikia gure mundua eta askori ebatsitakoaren gainean altxatzen da gutxiren oparotasuna.
Geure erantzukizuna saihestea da gauzarik errazena, gure burua hamaikatxo aitzakiaz zuritzea, eragile eta egiturei erroa bizkarreratzea, geure hutsegiteei garrantzia kentzea. Izan ere, sarritan iragarkien jostailu bilakaturik eta makina bat manipulazioren atzaparretan erorita, merkaturatutako edozer gauzaren azken modeloa erosten dugu. Honela dio T. Veblen soziologoak: «Ez daukagun dirua xahutzen dugu, behar ez duguna erosteko, gogoko ez dugun jendea liluratzeko». Eta batzuetan gertatzen da zenbat eta gehiago asetzen ditugun gure apetak orduan eta handiagoa egiten dela gure apatia eta elkartasun eza, gauza gehiegiren artean sor eta gor bizitzeko arriskuaz.
Krisia, bere larrian eta unibertsaltasunean, erronka da eta, aldi berean, aukera. Irudipena izaten dut ez ote gauden aro berri baten atarian.
Garai berriranzko bidean, lerro hauek idatzarazi didaten urratsak ikusten ditugu. Gogora dezagun iaz Donostiako Elizbarrutiak Etiopiaren alde egin zuen ekintza. Orduan jendaurrera jalgi ginen ur bila kilometroak eta orduak egiten dituzten neskatilei buruz hitz egiteko, eta nola eskolara joan ezinik gertatzen diren argitaratzeko. Hitz egin genuen emakumearen garapenaz eta bere duintasunak aurrera egiteaz eta nola horrek elkarte osoari on egiten dion. Aipatu genuen hezkuntzari, neurri handian, Elizaren egintza sozialak eusten diola. Esan genuen Elizbarrutiak babesten zituen egitasmoak burutzeko nahikoak zirela 180.000 euro. Helburua bete da. Hainbat eta hainbat kristauk eta borondate oneko gizon-emakumek Gipuzkoako Caritasen esku jarri du dirutza hori. Horri esker posible izango da 1.500 ume eskolara joaten jarraitzea, 600 emakumek baino gehiagok beren komertzioak irekitzea eta 2.000 laguneko herrixka batek ura izatea. Eskerrak ematen dizkiogu sentiberatasuna eskuzabaltasun bihurtu duen jendeari.
Baina ez dugu gauza honetan utzi nahi. Eskean gatoz berriro. Afrikan alderik alde dauden Eritrea eta Maliko gure familien alde oraingoan. Beren beharrak herri behartsuenak dira: hezkuntza, osasuna, elikadura. Nire elkartasun ekintzak ez du mundua aldatuko baina «jende xume askok, leku xume askotan, ekintza xume asko eginez, mundua alda dezake».
Berri ona genuke egunen batean gure jokabide etikoaren balantze positiboa egin ahal izango bagenu esanez: krisi ekonomikoaren erdi-erdian eta diru-iturriak uzkurtuta zeudenean, izan zen familia kristaua eta gizarte bat Gipuzkoan elkartasun eta kontzientzia ebanjelikoaren hazkundea izan zuena, eskuzabal jokatu zuelako Mali eta Eritreako familia behartsuekin.
2009ko martxoaren 1a
Pedro Arranbide, salletar anaia eta misiolaria