Familiaren egiteko garrantzitsua kide gaixoa zaintzerakoan
Familian eta familiarekin bizi izaten ditugu mundu honetako gertaera nagusienak: jaio, hazi, bizi eta hil. Guretako bat gaixotzeak, familia hunkiturik uzten du, eta, batzuetan, sakonki gainera. Gaixotasunak aldaketa dakar gure plan eta bizieran, kezka eta samina, urduritasuna eta gatazka. Gaixotasuna froga gogorra gertatzen da familiarteko kideen harreman eta solidaritatea bezalako baloreen baitan. Batetik, esperientzia makurra da gaixotasuna familiaren egonkortasunarentzat, baina bestetik, balore honen sustagarri ere gerta daiteke, familia desegitera eraman dezake bat gaixotzeak edota elkartuago bilakatzera, eta, aldiz, gure kasuan, familia fededunak direnez, Jainkoagandik aldentzera edota Berarengana gehiago hurbiltzera.
Familiak betidanik izan du bere gaixoak zaintzeko ardura. Beharrezko zaigu bere maitasuna eta zaintza maitatuak sentitzeko, bere babesa seguru sentitzeko, bere laguntza bakardadean ez geratzeko, bere ulermena oztopo eta karga ez gertatzeko. Beharrezko dugu bere babesa eta laguntza errealismoz eta bakerik handienaz gaixotasuna nahiz heriotza onartzeko.
Gaixotasunaren eta sufrimenduaren froga gogorrari aurre egiteko, eta bere zeregina ahalik eta ongien betetzeko, bakarrik sentitzen da familia askotan, eta babesa eta laguntzaren beharra izaten du. Batzuetan gaixoa bera izan ohi da ingurukoak animatzen dituena, eta bere testigantzaz kemena komunikatzen duena; beste batzuetan familiakoen batasuna eta ardura; beste batzuetan osasun-langileak euren informazio eta aholkuekin; baita zenbait adiskide edo Osasun Pastoraltzako lagunen bisitarekin ere, baldin eta hauek entzuten eta ulertzen saiatzen badira, sufrimendua arinduz eta laxatzen lagunduz. Egoera larria izanez gero, berriz, horretarako prestaturik dauden talde edo elkarteen beharra izango da laguntza egokiagoa emateko, bereziki minusbaliatu diren pertsona eta hauen familiei dagokienean.
Asoziazionismoaren garrantzia
Talde-multzo bat daukagu gure inguruan –lehenik eta behin Caritas–, merezimendu handiko lana egiten dutenak, pertsona hauei eta berauen familiei laguntza profesionala ematen dielarik (Afagi, Agifes, Elkartu, Atzegi, Gautena, Uliazpi, Aransgi, Agi,...). Elkarte gehienak familien beharrek eraginda sortuak izan dira, baliabide eta espazio batzuk eskainiz eta sufrimenduarekin bizipenak partekatuz. Ez dezagun ahantz familiek minusbaliotasun bat izatea, berau fisikoa, psikikoa edo soziala izan, arriskugarri dela gizartearentzat. Kasu hauetan profesionalki heldu behar zaio pertsonal egoki eta zinez prestatuarekin premia, premia fisiko, psikologiko eta sozialei erantzun ahal izateko.
Gaixo hauen eta beren familien eskubide eta betebeharrak erregulatzen dituzten lege, dekretu eta akordioekin kontatzea laguntza on batekin kontatzea da familiak duen zeregin zaintzailea burutzeko bidean. Zentzu honetan, aipagarri zaigu 2006ko abendutik indarrean dugun Dependentzia legea. Gizarte-zerbitzuak segurtatzen dituen legea (teleasistentzia, etxez etxeko laguntza, eguneko/gaueko zentroa, egoitza bateko plaza) edota prestazio ekonomikoak (zerbitzuari dagozkionak, laguntzailea familiakoa zein kanpokoa izan) beti ere beren buruaz baliatzen ez diren adineko edo minusbaliatuen kasuan. Hara, 2007-2008an zehar baloratze-lan desberdinak egin dira hainbat pertsonaren minusbaliotasun mailari dagokionez. Une honetan, (2009ko otsaileko datuak) aipaturiko legearen babespean gertatzen direnak, lehenik, dependentzia handikoak dira (III. Gradua – 383.366 pertsona Estatuan) edo dependentzia gogorrekoak (II. Gradua – 146.335 pertsona). Berebat, 2009an zerbitzuen prestazioa hala prestazio ekonomikoak martxan ipintzea aurreikusita dago, ardura hori gauzatzen duten pertsona eta familiako zaintzaileentzat. Laster egitekotan dira I. graduko edo maila moderatua duten minusbaliotasuneko pertsonen balorazioak ere.
Krisialdi ekonomikoa eta minusbaliotasuna
Errepaso koxkor honetan ez dezakegu albora utzi murgildurik gauden krisialdi ekonomikoak sortu duen egoera bera, zeren zentzu honetan minusbaliatuen kolektiboa ez baita egoeraren ondorioak gutxien jasan ditzakeena. Enpleguaren erorketaz aparte, 2009ko otsaileko datuen arabera, soilik automobil sektoreko eskaera %40a jaitsi dela ohartuz gero, ikus zer nolako enplegu erregulazioa datorren martxotik aurrera. Ikus baita ere aipaturiko pertsona hauek direla enplegurako bidea zalantzan edo arrunt itxita dutenak, non eta babes neurriak hartuz tailer bereziak ez dituzten.
Familia bera ere krisialdiak atzaparretan harturik dauka, eta eliz elkartea ez daiteke egoera honetatik at gelditu. Gure parrokiek beharturik daude harrera egin eta entzutera, eta familia hauen sufrimendua, ahal dezaketen neurrian, laxatu eta arintzera, horretarako sorturik dauden zerbitzu pastoral eta espezializatuak erabiliz. Ebanjelioak Jesusen jokabidea erakusten digu, ezinean bere laguntzaren bila zetozenen aurrean: ez zuen hor konpon egiten, bihozbera zen saminarekiko eta partekatu egiten zuen, eta egoera ulertu eta adorea, kontsolamendua eta esperantza eman; fedea ernatzen zuen, bakea eta alaitasuna komunikatzen eta zenbait kasutan jendea sendatzen. Jesusek senidetasun handiagoko familia izatera deitzen digu, eta hor, maitasuna eta elkar zerbitzua nagusi izan daitezela, bereziki ahul eta ezinduen alde.
Donostia, 2009ko apirilaren 19a
Osasun Pastoraltzaren Ordezkaritza