Krisia bizkor ari da hedatzen, finantza-sektoretik beste arlo batzuetara zabalduz, hala nola produkzio sektorera, eta ikusten dugu ongi kudeatutako hainbat jarduera premiazko porrot egiteko arrisku larrian daudela. Halakoetan, meritu handiko kasu gutxi batzuk salbuetsita, «Enplegua Erregulatzeko Espedientea» delako irudiaren bitartez (ERE) enpresari bizirik eusten saiatzen dira, edota, enpresa handi baten menpeko tailer txiki bat baldin bada, ohikoa ixtea izaten da eta guztiak Gizarte Segurantzaren laguntzetara biltzea, kotizatu duten denboraren arabera, eta beste lanen bat bilatzen saiatzea. Horrek esan nahi du langile askorentzat eta haien menpe dauden familientzat egoera larria sortzen dela, hasierako atseden-egunak igaro ondoren.
Enpresa-jabeen erakundeak (batik bat, CEOE, CEPYME, CONFEBASK edota ADEGI, gure kasuan) eskatzen ari dira Gobernu zentralari eta Eusko Jaurlaritzari lege liberalagoak jar ditzatela abian (lan-harremanen eredua ez arautzea, kaleratzeak merkatzea, enpresak Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioaren ehunekoa gutxitzea, edo elkarteen zerga murriztea, hau da, lortutako etekina soilik zergapetzen duena). Horrelako neurrietatik gauza bakarra espero daiteke: gero eta desberdintasun handiagoak biztanleen arteko diru-sarreren banaketan. Hori diote egiten ari diren azterketek eta gero eta sarriago ikusten ditugu halakoak geure inguruan.
Eta, ikusirik zer jarreratan dauden bi Gobernuak (zentrala eta EAEkoa), oso litekeena da denbora gutxi barru patronalak beren eskakizunak aplikatzeko eskatzen hastea, argudiatuz horixe dela krisiari aurre egiteko irtenbide bakarra. Orain, gainera, nazioarteko bi erakundek arrazoia eman die enpresa-jabeei. Alde batetik, FMIk argitaratu berri dituen txostenetan, hainbat gomendio egiten ditu: soldatak inflazioaren arabera berrikusteko ohitura baztertzea, kaleratzeak erraztea, bai formari eta bai kalte-ordainei dagokienez… eta, bestetik, Europako Enplegu Estrategiak «deslaboralizazioa» deritzana unibertsalizatu nahi du (enpresaren menpeko soldatapekoak murriztea) enplegua sortzeko formula gisa, gizarte dimentsioa inondik ere agertzen ez delarik ekonomiaren xede nagusi gisa. Hor kokatzen da gero eta ugariagoak diren «autonomo faltsuen» kasua, eta kontratatu dituenarekiko lana amaitzen zaienean, lanik gabe, kalte-ordainik gabe eta desenplegua kobratzeko eskubiderik gabe geratzen dira.
Lan-arloan dugun legeriak oso indar eskasa du deslokalizazio-prozesuen kontra eta, gainera, hura aplikatzeko ardura duten askok ezikusia egiten dute enplegatzaileek beren gain hartutako konpromisoen aurrean, edo enpresa gisa bideragarri diren ala ez erabakitzerakoan. Ondorioz, berez dagokienaren erdia baino gutxiagoko kalte-ordainak pagatuta libratuko dira eta diru publikoaren gainera zamatuko dira aurre-erretiroen edota desenpleguaren kostuak.
Mota guztietako enpresetan ari da gertatzen, txikietan, ertainetan eta handietan, guztiaren azpian aberastasuna birbanatzeko borroka baitago jokoan. Horregatik, kapitala presio handiagoa egiten ari da soldaten eta ordaindu beharreko zergen gainean. Eta hori gurea bezalako gizarte errealitatean ari da gertatzen, non EAEko biztanleen %42 inguruk pobreziaren marra gainditzen ez duten diru-sarrerak jasotzen baititu (kopuru hori, gure artean, 12.000 eurokoa da, urtean). Gaur egun, EAEko batezbesteko soldata Europako soldaten batezbestekoa baino %40 txikiagoa da.
Baldintza sozio-laboralak txartzea beharrezkoa ote da, bada, lan egin nahi duen pertsona orok enplegua izateko? Zenbat eta pertsona gehiago egoera okerragoan egon, ekonomia orduan eta hobeto joango dela onartu behar ote dugu?
Baina ez dauka zertan horrela izanik kasu gehienetan, legea nahi den bezala interpretatzen ez bada eta enpresaren zuzendaritzan pertsonaren –eta, beraz, soldatapekoaren– duintasunaren egiazko kontzientzia baldin badago. Horretarako, guztien artean erabaki beharko dira bideragarritasun handieneko planak eta guztiek egin beharko dute ahalegina, baita jabeek ere, enpresak aurrera egin dezan, eta guztiek hartu beharko dute beren gain doiketaren kostutik norberari dagokion zatia. Era berean, eta egia aitortzeko, esan behar da baditugula gure artean estilo horretako enpresaburuak ere.
Administrazioak irabazi asmorik gabeko karitate-erakundeetara bideratu ohi du horrelako bazterketa-egoeran dagoen pertsonaren arreta eta laguntza. Gero eta gehiago dira horrela daudenak eta oinarrizkoena faltatzen hasi zaie, horietako zenbait klase ertainekoak eta kontsumo-maila handikoak izan eta gero.
Krisi honi irtenbide benetan gizatiarra aurkitu nahi badiogu eta berriro hain bortizki jotzea eragotziko duten oinarriak jartzeko, eragin duten sustraietara jo beharko da. Ez dute, beraz, abagunearen inguruko azterketa sinplistek balioko eta eredu ekonomiko berri bat asmatzen eta aplikatzen saiatu beharko da, pertsona ororen duintasuna eta hain gaizki tratatzen dugun izadia errespetatuko dituena. Gogoan izan dezagun, baita ere, gizadiaren gehiengoa, bizitza duin bat izateko bide emango liokeen baliabide naturalak kendurik, bizimodu penagarrian aurkitzen dela, gure pasibotasuna lekuko dutela.
Horregatik, zenbait gizarte-eragilek lan-erreforma berri bat eskatzen dutenean, baietz esan beharko genieke, baina, hori bai, pertsona orok bizimodu duina izateko duen eskubidea erreforma horren lehen xedetzat hartuta. Gero, hortik abiaturik, inguruabarretara ondoen egokitzen den eredua sortu beharko da. Beharrezkoa izango da mekanismo benetan zuzentzaileei funtzionatzen uztea, hala nola zerga-sistemaren bitarteko errenta-politikari (bietan, zergen eta gastu publikoen alderdietan) biztanle orori ziurtatu beharko zaizkiolarik, herritar izate hutsagatik, bizitza errealaren kostua estaliko duten diru-sarrerak.
Euskal sindikatu batzuek greba orokorrerako deia egin dute datorren maiatzaren 20rako. Gure hurrengo zenbakian egingo dugu horri buruzko gogoeta.
Donostia, 2009ko apirilaren 16a
Elizbarrutiko Idazkaritza Soziala - Justizia eta Bakea