Elizbarrutiko 2005-2010 Pastoral Egitarauan jasotako hirugarren helburu orokorrak honela dio: «Ebanjelizatzaileen eta gure kristau-elkarteen espiritu bizitza zaindu eta janaritu»; are gehiago, helburu zehatzetako batek honela dio: «kristau-elkartearen janari den igandeko Eukaristia era biziagoan ospa dadin bultzatu, –Eukaristiaren urtean– bereziki».
Hala bada, 2008-09ko pastoral-urtean zehar, Osasun Pastoraltzak Eukaristiari eskainiko dio bere gogoeta eta ekintza nagusia, eta hori horrela, «Sinetsi, ospatu eta bizi Eukaristia» izango da urteko Kanpainarako goiburua.
Eukaristia da gehien eta sarrien ospatzen dugun sakramentua, eta askok bizigarri eta sendogarri gisa ospatzen dute, baita egiazkoa den eta presente dagoen Kristo berarekiko elkarketa bezala ere. Halarik ere, egia da praktika hau krisialdian sartua dela, eta euren burua kristautzat hartzen duten askok ere ez dutela euren fedearen sustrai gisa bizitzen («katoliko ez praktikantea naiz», «mezetara gogoa dudanean baino ez naiz joaten»…). Ezer gutxi esaten die Eukaristiak, askotan ulertzen ez duten errito bat ospatzearen sentipena dute, zenbaitetan ezer gutxi esaten dien eta euren bizitzekin zerikusi gutxi duen hizkuntzan. Ez da erraza Eukaristiaren zentzu komunitarioa bizitzea indibidualismoa nagusi den kultura batean, gure bizitza inork ezagutzea eta are gutxiago bertan sartzea nahi ez dugunean, eta zer esango dugu gaixoen presentzia, edo hobe esan ez presentziari buruz.
Jainkoarekiko Elkarketa pertsonal bat bezala bizitzen da gaur Eukaristia, non ez den beste ezer eta beste inor behar. Hori oinarri hartuta, ulertzen dira eukaristia biziagoak prestatzeko ahaleginak, espero bezalako emaitzarik beti ematen ez badute ere.
Honen guztiaren aurrean, pastoral-urte honetan gure ospakizunak, bai pertsonalki bai komunitarioki bere baitan duen aberastasuna modu berri batean bizitzeko erronka aurkezten zaigu: Elizan nire aldamenean esertzen denarekin Eukaristia topaketa gisa bizitzea, «hitzaren mahaiak» (liturgia eta otoitza) eta «ogiaren mahaiak» («begiak ireki zitzaizkion», Lk 24, 31) bat egiten duten bankete berean, Kristo Berpiztua gogoratzeko eta bizitzeko.
Presente egon ezin duten haiei, Osasun Pastoraltza honetatik bereziki, motibazioz beterik eta indarrez helarazi behar diegun Topaketa behar du izan. Hori horrela, Jauna eramatearen ekintzak, ekintza bera baino haratago dagoen garrantzia hartzen du. Izan ere, komunitatearen konpromiso serioa inplikatzen du, Kristo bizia eramatekoa eta baliabide pastoralak gerturatzekoa, parrokia-familiaren kide sentiaraziz.
Honenbestez, kanpaina honetarako programaturiko jarduerak, hala nola: asteburu honetan izan dugun Elizbarrutiko Batzarra, artziprestalde askotako Sentsibilizazio Asteko ekitaldiak, nahiz Gaixoaren Pazkoaren festa bera, sufritzen duten pertsonenganako ardura hobetzeko baliagarria izatea espero dugu.
Donostia, 2009ko otsailaren 15a
Osasun Pastoraltza