Hitzemana, zor: hala dio esaera batek. Hitza, bihotzaren giltza, dio besteak. Zorretan eman dizkiguten hitzez bete zaizkigu poltsikoak, eta bihotzari dagokion giltzaren bila gabiltza. Baina pertsonen egoerak desberdinak dira eta norbera ere beti tenore berean ez dagoenez, ate batentzat balio duen giltzak ez du bestea irekitzen.
Hitz egokiak poztu egiten du nahigabean, eta haserrean, baretu. Hitzak egiten gaitu gizaki. Hala ere, gizakion hitz guztiek ez dute balio berdina: saltzaile batek ez dio gauza bera esaten erosleari ala senideari. Eta gaur nagusitu den hizkera, saltzaileena da; ez saltzaile jatorrena, beren ama ere salduko luketenena baizik. Hiztunek, entzun nahi duguna esaten digute eta hitzen espekulazioak, hitzaren krisia eragin du. Konfiantzaren debaluazioa, alegia.
Hitzak egiaren balioa zuen garaietakoak dira Bibliako liburuak. Hauetan jasotzen diren hitz guztiek ez dute berdin balio, baina hitz bakoitzak egia du neurri. Jauntxoei, jauntxo deitzen zaie eta zapalduei, zapaldu. Zentzugabeek ez dute zentzurik eta zuhurrek, zuzentasuna dute gogoko.
Betikoa da: lukurrek ez dute hitzen egiazko balioa gustuko, hitz onenak merke erosi zale dira. Gogorkeria nagusi omen da Biblian, Jainkoa bera ere gogorkeriazalea omen da, are gehiago Itun Zaharrean. Prezio horretan erosi dizkigute Bibliako liburu guztiak gezurren merkatuan. Eta urrezkoak baliran saldu dizkigute giltza herdoilduak.
Baina, lapurtu diguten konfiantza eskuratzeko lagungarri dira gure arbasoen esperientziak. Eta horiek dira Bibliako liburuetan jasotzen direnak. Haien hitzak Jainkoaren bila gabiltzanonak dira eta haien minaren antza du gureak. Begira 119. salmoaren hastapenak: «bihotz-bihotzez bilatu zaitut». Eta bukaera: «ardi galdua bezala galdu naiz, bila nazazu».
Donostia, 2010eko martxoaren 7a
Joseba González Zugasti, apaiza