FIELES DIFUNTOS

Agurra
Heriotza garaiturik hilen artetik piztu zen Kristoren bakea izan bedi zuekin.
Sarrerako oharpena
Eukaristian biltzen garen bakoitzean «Jaunaren oroigarria egiten dugu, Bera etorri artean». Kristok heriotza garaitu duela ospatzen dugu.
Gaurkoan hildako fededun guztiak oroitzen ditugu. Haiek eta guk, elkarrekin, Kristoren gorputz bera osatzen dugu. Guk haien alde otoitz egiten dugun bezala, haiek ere otoitz egiten dute gure alde. Oroipen eta batasun ezaugarri den Meza Santuak lagun diezagula jarrera hauek gureganatzen.
Damu-otoitza
Senideok, apaltasunez beterik jo dezagun errukiaren iturrira eta eska dezagun gure bekatu guztien barkamena:
- Aitortzen diot...
Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.
- Erruki, Jauna... Kristo, erruki... Erruki, Jauna...
Otoitza
Bihotz onez entzun, Jauna, gure eskariak,
eta sendoago egizu, arren,
zure Seme hilen artetik piztuagan dugun fedea,
gure senide hilak piztuko diren itxaropena ere
gugan sendoagoa izan dadin.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Edota:
Zu zara, Jauna, fededunen bizia,
Zu zitzoen zoriona;
Zuk salbatu gaituzu zure Semearen heriotza eta piztueraz;
erruki zaitez hildako gure senideez,
eta Kristogan piztuko garela sinetsi duten ezkero,
goza dezatela betiko zoriona.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Edota:
Jauna, zure Seme bakarra piztu egin zenuen,
heriotza garaiturik, zure erreinuan sar zedin;
egizu, hildako gure senideek ere,
beren izate hilkorra garaiturik,
betierean ikus zaitzatela Zu,
beren Egile eta Salbatzaile Hori.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Hitzaren liturgiari oharpena
Jainkoaren Hitza ez da jardun hutsa. Promesa da: itxaropenera dei egiten gaituen promesa. Agindu zaiguna, gertatu da dagoeneko Kristogan, eta gugan ere gertatuko da Harekin bat eginda gauden heinean.
Irakurgaiak: Hileta-mezarako ematen diren irakurgaietatik aukeratu behar dira gaurko irakurgaiak. Guk jarraian datorren homiliarako hauek aukeratu ditugu: Job 19, 1. 23-27; Erm 5, 5-11; Jn 6, 37-40).
Homiliarako argibideak
Gehiago edo gutxiago denoi gertatu zaigu heriotza gertutik bizitzea. Eta zenbaitetan harritu egiten gaitu gaixoak heriotzaren aurrean duen jarrerak: bizi izandako guztia eskertuz eta ingurukoei maitasuna agertuz. Lisieuxko Santa Teresaren hura etortzen zaigu gogora: «Ez naiz hiltzen, bizitzan sartzen baizik».
Jesusengan sinestea, bidea, egia eta bizia den Harekin aurkiztea da. Jesu Kristorekin bat eginda bizi denak, uste sendoz itxaro du, bizitza eder hori ezin daitekeela sekula buka. Jainkoaren maitasunetik bizi da, eta maitasuna ez da sekula itzaltzen, ez hiltzen. «Norbait maitatzea, “zu niretzat ez zara inoiz hilko” esatea da» (G. Marcel). Horixe esaten didate Jainko Aitak eta Jesusek, beraienganako fedea berritzen dudan orotan. Gure Jainkoa biziaren Jainko da, Harengan dugu bizi betea, betiko bizia, inoiz amaitzen ez dena (Jn 6, 37-40).
«Bizitza ez dela bukatzen, aldatzen baizik» (Hilen 1. prefazioa) egiaz sinesten dugunean, galdu egiten dugu heriotzarekiko beldur zentzugabea. Eta gai egiten gara Kristori gure bizitza eskaintzeko. Baita etsaien alde emateko ere (Em 5, 5-11). Maitasun eskaintza hori da gure itxaropenak hutsik egiten ez digula sinestarazten diguna. Gure itxaropena ez da geroko bizitzari begira bakarrik jartzen, baizik eta bizitza hori aurreratzen digu hemen: maitasun-bizitza. Maite dugunean heriotza garaitzen ari gara eta gauza bat agerian jartzen dugu: heriotzak ezin dezake ezer maite duenaren aurka.
Job berak, Jainkoarekin eztabaidan bizitza igaro zuen, “hilik bizirik”... baina konturatu zen bere egoera lazgarria ezin zitekeela Jainkoaren azken hitza izan. Bestela Jainko krudela litzake. Horregatik, azkenean, bere ezintasunetik otoitz egiten du Jobek eta Jainkoa aitortzen: «Badakit nire biziaren babeslea bizi dela» (Job 19, 1. 23-27). Bizia dugun bitartean itxaropena behar dugu. Nire salbatzailea bizi bada, ez nau eskutik utziko heriotzaren menpe. Kristok gure alde erantzun du. Bere bizia emanez erantzun du. Horregatik, itxaropenez bizi gintezke. Gure bizia, dagoeneko, hilobitik askatua dago.
Salbamenaren oroigarria den Eukaristia ospatzean, gure senide hilen alde otoitz egiten dugu. Haiek oroitzen ditugu, bat egiten dugu, nolabait, beraiekin. Kristori eskatzen diogu, hitz eman digun guztia, itxaro dugun guztia, sinesten dugun guztia gerta dadila gure senide hildakoentzat. Bere ondotik gure laguntzaile izan daitezen denok batean Aitaren etxean bat egingo dugun bitartean.
Jainkoaren herriaren otoitza
Egiogun otoitz konfiantzaz beterik errukiaren Aitari eta eska diezaiogun Jaunagan hil diren gure senideen betiko atsedena:
- Kristok, bere heriotzaz heriotza suntsitu eta bere piztueraz mundu guztiari bizia eman zionak, eman diezaiela argia eta betiko zoriona gure anai-arreba hildakoei.
- Kristok, errukiaren maisuak barka diezazkiela hildakoei, gogapen, hitz eta egitez eta egin beharrak ez eginez egin zituzten bekatu guztiak.
- Kristok, Eukaristiako ogiaz eta Liburu Santuko hitzaz janaritzen gaituenak, sendo dezan Eliza santua, tristeziaren eta ezin-ulertuaren kateekin loturik daudenentzat poz eta argi izan dadin.
- Kristok, bere mahaiaren inguruan bildu gaituenak, bil gaitzala gero ere, hildako zintzo guztiekin batean bere erreinuko mahai santuan, gizaldi eta gizaldietan Jainkoa ikusi eta gores dezagun.
Entzun gure otoitzak, Jainko Jauna, zabaldu Zure Erreinuko ateak gure senide hildakoei, Kristo Jaunaren piztuera aintzatsuan parte izan dezaten betiko. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Jaunartze ondorengoa
Ireki iezaiezu, Jauna, hildako gure senideei
argi eta bake den zure etxea,
haien alde ospatu baitugu pazko-sakramentu hau.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Edota:
Jainko Jauna,
gugatik hil eta aintzaz piztu zen
zure Semearen sakramentua harturik,
gure senide hilen alde eskatzen dizugu:
Kristoren pazko-misterioan garbituta,
zorion betea iritsi dezatela piztuera egunean.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Edota:
Eskaini dizugun opari honen bidez,
isur ezazu, Jauna, zure erruki ugaria
gure senide hilen gainera;
eta Bataioan zure grazia eman zenienei
emaiezu orain betiko zorionaren betea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.