DOMINGO 23 DEL T.O.

Agurra
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.
Sarrerako oharpena
Guztiok behar ditugu lagunak, haiez inguraturik maitasunean bizitzeko. Errespeturako eta batasunerako deia gure barnean sortzen da, ezin baita inor bakarrik bizi.
Jainkoaren Hitzak argitzen gaitu gaur ere Eukaristian, eta besteekiko harremana berritzen eta sendotzen laguntzen digu. Zabal diezaiogun bihotza onartzen eta dei egiten digun Jainkoari
Damu otoitza
Senideok, maitasunaren mahaian bilduta, Jainkoaren Hitza entzutera goaz. Maitasuna behar dugu, maitasuna behar du gure munduak, isilune batean hausnar dezagun gure hutsegite eta maitasun gabekerien inguruan, eta eska dezagun Jainkoaren erruki berritzailea.
- Jesus Jauna, zu zara gure bidea. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, zu zara gure egia. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, zu zara gure bizia. Erruki, Jauna.
Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.
Otoitza
Jainko Jauna,
Zuk gaituzu salbatzen
eta zeure seme-alabatzat hartzen;
ikus begi onez hain maite dituzun zeure seme-alabak,
eta Kristorengan sinesten dugunoi
emaguzu egiazko askatasuna eta betiko bizia.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Hitzaren liturgiari oharpena
Kristauok beste gizon-emakume guztiekiko errespetuan eta maitasunean bizitzera deituak gaude, ez kanpotik datorren lege bezala, kristauaren bokazioa maitasuna delako baizik. Jainkoaren irudira sortuak gara, Semearengan seme-alaba gara... horra gure duintasuna.
Irakurgaiak: Ez 33, 7-9; Erm 13, 8-10; Mt 18, 15-20
Homiliarako argibideak
Senideek elkar zuzentzea
«Aska ditzagun lokarriak eta utzi nazazu» dio euskal musika talde baten (Kenzazpiren) kantu batek. «Utz nazazu bakean» asko entzuten dugun esaldia da; izan ere, ez zaigu gustatzen inork gure bizitzari buruz iritzirik ematea. Bakoitzak nahi duena egin nahi izaten du, gure egintzek elkartean, besteengan, eraginik ez baldute bezala. Baina egia zera da: gaitzak eta ongiak eragina dute guztiongan, gizakiok uharteak ez gara eta. Jainkoak besteen bizitzaren arduradun egin gaitu (Ez 33,7-9). Jainkoaren galderaren oihartzuna etengabe entzun behar genuke gure barnean: «Non da zure senidea?» (Has 4,9).
Egia da, askotan gaitz egiten dugula konturatu gabe, gaizki ari garela konziente izan gabe... Kristau jarrera ordea, maitasunean oinarri duena, elkar zuzentzea da. Kristau maitasuna ez da inori kalterik ez egitea bakarrik, baizik guztien ongia bilatzea. Norbait ondo ari ez denean bere kristau konpromisoarekiko, apaltasunez, zuzendu egin behar da, esan egin behar zaio (Mt 18,15-20).
Familietan haustura bizi izan da kristau bizipenarekiko. Belaunaldietan aldaketa gertatu da. Adinekoak loturik daude oraindik kristau moralarekiko eta belaunaldi gazteagoek beste era batera ulertzen eta bizitzen dituzte gauzak. Bakeagatik, gai hauen inguruan isiltasuna bizi da etxe askotan... esan daiteke isiltasunean sufritzen dutela aiton-amona edo guraso askok.
Egungo gai larrienetako bat «hezkuntzarena da». Eskoletan ere, haur eta gazteak era osoan hezitzetik, gai akademikoetara murriztu dute sarritan hezkuntza. Familiak eta eskolak bere hezkuntza-ardura betetzen ez badute, noraezean bizi den jende asko aurki dezakegu gure gizartean.
Kristau maitasuna aintzakotzat harturik, bizitza publikoan parte hartu behar dugu kristauok eta maitasunaren zibilizazioa delakoa eraikitzen lagundu. Jainkoaren esperientzia duten pertsonek profeta eginkizuna dute, garaikideek bizi dituzten arriskuez jabetu eta salatu behar dituzte. Ebanjelioak sarri salatzen ditu gizakiok gure interesen arabera eraikitzen ditugun salbamen-faltsuak. Ebanjelio horrek berak egiten du presente gure munduan Jainkoaren egiazko salbamena.
Gure garaiko krisia ez da ekonomikoa bakarrik. Krisi morala da, balioen krisia da. Gure bizitzari zentzua ematen zieten hainbat balio desagartzen ari dira gizartetik. Kristauok ezin dugu beste aldera begiratu. Maitasunaren gizartea eratzeko gure gogoa eta itxaropena islatu behar ditugu eta partekatu gure garaiko gizon-emakume guztiekin.
Jainkoaren herriaren otoitza
Senideok: jo dezagun Jaunarengana, gure otoitzak entzun ditzan eskatuz:
- Elizaren alde: Jaunak bakea eta batasuna eman diezazkion eta gaitz guztietatik babesturik Ebanjelioaren zerbitzari leial egin dezan.
- Munduko bakearen alde: gizaki guztien bihotzetan maitasuna eta elkarrenganako ulermena erne daitezen.
- Ezinean, gaixo edota goserik daudenen alde: Jaunaren laguntza eta gure arreta eta esku zabala falta ez dezaten.
- Gaur hemen bilduak gaudenon alde: fedean azkenerarte leial iraunez, egun batean zeruko mahaian ere elkar gaitezen.
Jesu Kristo gure Jauna, Zeuk hitz eman diguzu, zeruko Aitak entzuten duela Zure izenean biltzen direnen otoitza; emaguzu espiritu eta bihotz berria, elkar maitatuz Zure legea egiaz bete dezagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Eukaristiaren liturgiari oharpena
Kristauoi gizon-emakume guztien bizitza axola zaigu. Kezkatu egiten gara jendearen ezinekin eta poztu egiten gara jendearen zorionarekin. Eukaristian hori guztia ekartzen dugu aldarera, ogi-ardoekin batera Jainkoari eskaintzeko: Jainkoaren gorespen eta gure salbamen gerta daitezen.
Jaunartze ondorengo otoitza
Jauna, zure fededunak
hitzaren eta sakramentuaren janariz hazten dituzu
eta biziberritzen:
emaguzu, zure Seme maitearen dohain handiez baliaturik,
beti Berarekin bat eginik bizitzea
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.