DOMINGO 24 DEL T.O.
Agurra
Barkamenaren Aitak ager diezazuela bere aurpegi alaia, eta Haren bakea izan bedi zuekin.
Sarrerako oharpena
Barkamenaren jaia dugu Eukaristia: maitasunaren eta adiskidetzearen jaia. Gaurko irakurgaiek eta liturgia osoak, gainera, barkamenerako deia eta irakaspena ematen digute. Gaitza eta ona bereizten, gaitza gaizkileagandik bereizten eta guztiaren gainetik barkamena ereiten jakin behar dugu kristauok. Horixe ikasten dugu eta ospatzen gure ospakizunean.
Damu otoitza
Aitor dezagun Jauna dugula barkamen iturri, eta Hark bakarrik ezagutzen dituela gure sakoneko asmoak.
- Jesus Jauna, errukian aberats zarena. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, gizakion huts egitea guztiak barkatzen dituzuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, gure gaixotasun guztien sendagarri zarena. Erruki, Jauna.
Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara.
Otoitza
Diren guztien egile eta nagusi zaren Jainko Jauna,
begira iezaguzu,
eta emaguzu bihotz guztiz Zu zerbitzatzea
zure errukiaren ondasunak irabazi ditzagun.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
Hitzaren liturgiari oharpena
Jainkoak gurekin egiten duena ezagutzeak elkar onartzen eta begirunez maitatzen lagundu behar liguke. Nola hots egin Jainkoa barkamena dela, beragandik jaso duguna besteei eskaintzen ez badiegu? Barkatua izatearen graziak barkatzen irakasten du, eta barkatzen dakienak bakarrik eskertzen du barkamena.
Irakurgaiak: Si 27, 30 – 28, 7; Erm 14, 7-9; Mt 18, 21-35
Homiliarako argibideak
Barkamenaren notizia bikaina
Gaurko ebanjelioa berri on dela esanda, behar bada ez du jendeak berri bezala hartuko. Berritzat egunkariaren lehen orrialdean agertzen dena hartzen baitugu: hemen, gaur gertatua, beti ere gugandik gertu. Adibidez, berria da auzokoari loteria tokatzea, gaixotasun batentzat sendabidea bilatzea edota norbait hil izana… hori ere gertu baldin bada… Baina, ebanjelioa “berri on”? Ez ote da esaldi erabili bat besterik gabe? Axola al digu beste behin entzutea Jainkoak gizakiak maite dituela, mugarik gabe barkatzen duela, Semea heriotzaraino eman duela gugatik? Notizia al da hori? Gure munduan, gugandik gertu gertatu al da hori? Eragiten al dio gure bizitzari, aldatzen al ditu gure planak eta erabakiak? Ospatzen al dugu? Egia esan, hala behar luke! Bestela, zertarako esaten dugu «sinesten dut... bekatuen barkamena»? Zer da, katekesian haur ginela ikasitako esaldi bat bakarrik?
Jainkoaren barkamena gure bizitzako benetako gertakaria baldin bada eta gertakari hori iragartzeak Berri On izan behar badu, harriduraz, pozez eta itxaropenez hartu beharko dugu. Guretzat errealitate eder bat izan behar du Jainkoaren barkamenak. Eta hala ez bada... ez ote dugu fedea ahuldua edo itzali samarra? Jainkoa Jesusengan egin da haragi eta hezur eta Bere barkamena gizakiok elkarri barkatzean egiten da ageriko. Jainkoaren barkamena egiaz bizi nahi badugu elkarri barkatzen hasi beharra dago!
Horregatik, entzun dugun parabolan Kristok erakutsi digu Jainkoaren barkamenak lotura handia duela guk senideei eskaintzen diegun barkamenarekin eta gainera, elkarri barkatzen diogun heinean Jainkoaren barkamena ere gozatzen dugula. Begira parabolako zerbitzariari: asko barkatu zaio, baina barkamen hori ez du sentitzen eta bizitzen, ez da egiaz gauzatzen berak lankideari barkatzen ez dakien neurrian. Eta bere jarrera ikustean, Jaunak berea eskatzen dio berriz, barkamena erretiratzen dio, nolabait esateko.
Barkamenaren sakramentura gerturatzen garenean ere zera pentsatu behar dugu, apaizaren eskutik jaso dugun Jainkoaren barkamena, “baldintzapean” jasotzen dugula nolabait esateko... senideei barkatzeko gai garen neurrian gertatzen baita egiaz barkamen sakramental hori. Sakramentua ez baita Jainkoarekin adiskidetzea bakarrik, baita gure bekatuen kaltea jasan duten senideekin adiskidetzea ere. Zer zentzu du apaizarengandik barkamena jasotzeak, bihotzez senideekin bakeak egiteko inongo asmorik ez badugu?
Hasierako galderara itzuliz... zergatik ez da ebanjelioa sarritan guretzat Berri On gertatzen? Ez ote da, adibidez gaur, barkamena falta delako gure bizitzan... hartzen dena, eskatzen dena eta ematen dena? Bai ondo konturatuko bagina egiaz, elkarrekin denok bakeak egiteko gauza bagina historia aldatzerainoko indarra izango lukeela notiziak! Ospatu egin behar genuke... ez ohikune bat errepikatuz bakarrik egiazko festa eginez baizik. Gure fedearen araberakoa da dena... zenbateraino gaude prest elkarri barkatzeko...?
Jainkoaren herriaren otoitza
Senideok: dei egiogun Jainkoaren errukiari eta eska diezaiogun entzun ditzala uste onez egindako otoitzak:
- Elizako arduradun eta zerbitzarien alde: Jaunak bizitza leiala izateko grazia eman diezaien, beraien ministeritzari dagokionez.
- Herrietako arduradunen alde: argitasunez eta arretaz joka dezaten guztien eta bereziki behartsuenen zerbitzuan.
- Gaixo eta ezinduen alde: Jaunak barne-sendotasuna eman diezaien bere minetan itxaropenez bizi daitezen.
- Gure alde, gure etxeko eta adiskideen alde: Jaunak emandako dohain guztiak eskertuz bizi gaitezen beti.
Bihozbera eta errukitsua zaren Jainko Jauna, beti barkatzen diezu elkarri barkatzen dakitenei; entzun gure otoitzak eta sor ezazu gugan bihotz berria, Kristoren antzeko izanez besteek egindako minak ahaztu ditzagun eta guztiei gogoraraz diezaiegun Zuk zenbat maite gaituzun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Eukaristiaren liturgiari oharpena
Gurutzean besoak zabaltzean mundua Aitarekin adiskidetu zuen Jesusek. Adiskidetze hori berritzen da Eukaristiako eskaintzan. Presta gaitezen barkamenaren festa handirako.
Jaunartze ondorengo otoitza
Jaunartze honen grazia, Jainko Jauna,
gure gorputz-arimen jabe egin dadila,
gure nahiak ez, baizik eta grazia honen indarrak
agindu dezan gure bizitzan.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.