inicio

 es |  eus

FRANTZISKOK ERRUKIRA DEITZEN GAITU

(Donostiako Gotzainaren Mezua)

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa;
Ona da Jauna guztientzat, 
gupidaz betea bere sorkari guztientzat
”.

(Sal 144, 8-9)

Zer esan genezake Jainkoari buruz? Zer dakigu Jainkoaz?... Geure buruaz ere gauza gutxi esan dezakegu eta are gutxiago gure sinesmen eta ideologiez. Elizaren predikazioaren iturria jainkozko Errebelazioa dugu, hau da Jainkoaren Bihotza ezagutzeko egiazko argia.

Jainkoa errukitsua da! Ziurtasunez eta itxaropenez beterik esan dezakegu. Albiste handiena ez da soilik Jainkoa badela, gu Harentzat garela baizik; eta Berak gutako bakoitza modu bakarrean eta beste inor ez bezala maite duela.

Jainkoaren maitasunaren frogarik nagusiena, bere Gizon egitea eta Haren Heriotza eta Piztuera ditugu. Horregatik hain zuzen ospatu zuen Elizak 2000 urtean Gizon egitearen Jubileua. Eta horrexegatik halaber, 1933 eta 1983ko Erospenaren Jubileuak eta 1900 eta 1950eko Heriotza eta Piztueraren Jubileuak. Orain, Frantzisko gure Aita Santuak Jainkoaren Errukia ospatzeko ohiz kanpoko Jubileua deitu du. Aurrekoak ez bezala, ez du urtemuga zehatzik gogoratzen; honetan Jainkoa mugarik gabe ona, errukitsua dela gogoratzen digu. Alajaina!

Baina areago, Jainkoa errukitsua dela ospatzeaz gainera, bere irudiko sortu gaituela ere gogoratzen dugu eta hartaz, gu ere errukitsu izatera deituta gaudela. Hortik Jubileu Urtearen leloa: “Errukitsu Aita bezala”. Seme-alabak Aita bezalakoak izatea espero da. Kontrakoa Hari traizioa egitea litzateke eta zorigaitza guretzat.

Errukia Jainkoaren dohaina dela gogoratzen digu horrek eta baita geu bihotz-berritzeko deia ere. Jainkoaren errukia ez da gure bekatua “estaltzea”, barru-barruko eraldatzearen miraria egitea baino. Beste era batera esanda, Jainkoaren ontasuna ez da gure bekatuarekin pazientzia izatean bakarrik agertzen, gu guztiak santu egitean baizik. Horregatik du Jubileuaren ospakizunean horrenbesteko garrantzia Adiskidetze sakramentuak.

Hau hobeto ulertu ahal izateko oso baliagarria zaigu Frantzisko Aita Santuak Elizaz hitz egiteko erabilitako irudia: “kanpaina ospitalea”. Ospitale on batek, gaixoaren oinazea arintzeaz gainera, hura sendatzeko gai izan behar du. Egia da giza medikuntza mugatua dela eta maiz, zainketa leungarrietara baino ez dela iristen. Baina oso bestelakoa da jainkozko “medikuntza”! Isaias profetak dion moduan: “zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira; purpura bezain gorri izanik ere, artilearen antzeko bihurtuko dira (Is 1, 18).

Laburbilduz, egiazko errukia, norberaren bihotz-berritzea eragiten duena da eta halaber, lagun hurkoarekin pazientzia izaten laguntzen diguna. Hona hemen Jubileu Urterako helburu egokia: Izan zorrotz zeure buruarekin eta eskuzabal besteekin!

Ildo honetatik Jubileu honetarako konpromiso garrantzitsua proposatzen dizuet:  baztertu ditzagun kritika, zurrumurru, txutxu-mutxu eta gaizki esanak. Nola ospatuko dugu ba Errukiaren Jubileua batak bestea etengabe epaitzen ari bagara? Nola, Jainkoaren barkamena jaso, bihotz-bihotzetik elkarri barkatzen ez badiogu? Gure Elizbarrutian Jubileu honek egiazko barkamen eskea eta barkamenaren onarpena behar du izan. Bestela, azaleko ospakizun soila izango da eta ez dugu lortuko gure bizitzan barneratzea eta gu aldatzea.

Frantziskok bere aitasantualdian behin eta berriz  errepikatu duen eskaera dugu. Eta hitz sendoak erabili ditu zinez: “Zurrumurruak Deabruaren gonbitoa dira”; “Zurrumurruek, armek bezala edo eta gehiago hiltzen dute”; “Lagun hurkoari buruz gaizki esaka ibiltzeko mihia erabiltzea, Jainkoa erailtzeko erabiltzea da”; “Zenbat txutxu-mutxu Elizaren beraren baitan!”… Frantziskoren dei hau bat dator zurrumurruei aurre egiteko modurik onena diren Espirituaren Errukizko Ekintzekin: oker dagoena zuzendu, beharrean denari aholku ona eman, lagun hurkoaren akatsak pazientziaz hartu,…  Salmoaren hitzekin, denok batera, fedez beterik Jainkoari otoitz egitera gonbidatzen  zaituztet: “Ipini, Jauna, jagolea nire ahoari, zaindu nire ezpainetako atea “ (Sal 141,3)

Esku artean duzuen Errukiaren Jubileuaren liburuxka honetan, Gorputzeko Erruki-egintzez luze eta zabal hitz egin nahi izan dizuegu. Ezin ahaztu Samariar Onaren parabolak, errukiz jokatzera deitzen gaituela: “Zoaz eta egin zuk ere beste horrenbeste” (Lk 10, 37). Ahalegin berezia egin dugu gure Elizbarrutian Jubileurako prestatutako egitarauan Errukizko-egintzek leku zabala izan dezaten. Besteak beste, pobreekin, presoekin, gaixoekin, misiolariekin,… errukizko esperientzia izateko aukerak topatuko dituzue bertan. Har ezazue parte ahal duzuen neurrian eta ez zaitezte ikusle huts izan.

Bukatzeko, Errukiaren ohiz-kanpoko Jubileua deitzeko Aita Santuak idatzitako “Misericordiae Vultus” buldan (benetan merezi du oso-osorik irakurtzeak), gu guztiontzat erabilgarriak diren hitzak zuzentzen dizke Frantziskok presoei. Ate Santura hurbiltzeko dituzten eragozpenak kontuan hartuta, “euren ziegako atea zeharkatzerakoan” pentsamenduak eta otoitza Jainkoari eskaintzera deitzen ditu. Hori izango dute bereko Ate Santua!

Aita Santuak presoei esandakoa  guretzat ere ikasbide gertatzen da. Gutako bakoitzak gure bizitzan “Ate Santu” berezia zein dugun asmatu eta Kristoren Bihotzean uste osoa jarrita zeharkatu behar dugu. Jainkoak gure kartzelaren burdin hesiak askatasun bihur ditzake eta “ate madarikatua”, “ate bedeinkatua” bilakatu. Eta ez gara, ez, Mariaren laguntza faltan izango. Hari buruz zera dio Frantzisko Aita Santuak: “Maria dugu, ukuilua Jesusen etxe bihurtzen dakiena, haur-oihal xumeak eta samurtasun pila bat erabiliz”.

 

Jubileu honek, askotan mingarria zaigun eta barneratu ez dugun gure bizitzarekin adiskidetzeko aukera eskaintzen digu. Gure akatsik handienak ere, apaltasunaren bidetik Kristo aintzatsuarengana garamatzan probidentziaren parte direla jakin behar dugu fedearen argitan. Gutako bakoitzaren historia, Salbamen Historiaren arabera ulertu behar dugu. Ez dezagun zalantzarik izan: errukiaren argia gutako bakoitzaren historia ulertzeko giltza dugu.

FRANCISCO NOS LLAMA A LA MISERICORDIA

 FRANCISCO NOS LLAMA A LA MISERICORDIA(Mensaje del Obispo de San Sebastián) “El Señor es clemente y misericordioso, lento a la cólera y rico en piedad; el Señor es bueno con todos, es cariñoso con todas sus criaturas”. (Sal 144, 8-9) ¿Qué podemos decir nosotros de Dios? ¿Qué sabemos de Él?... Poco podemos decir por nosotros mismos, y menos aún desde nuestras ideologías. La fuente de la predicación de la Iglesia está en la Revelación divina, auténtica luz para conoc...